Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

"Herio anderearen trapupean", piratei buruzko egia orain komikian

e-gor 2025/12/04 21:29
Farmazia Beltzak eta Ra-Ki elkarteak atera dute Marcus Rediker eta David Lester-en komikia
"Herio anderearen trapupean", piratei buruzko egia orain komikian

Irudia: David Lester

Piratei buruz betidanik eta edonondik jaso dugun irudia mapak, altxorrak, egurrezko hankak eta antzeko topikoez baterik dago, eta haien bizitzak krudelkeriak, odolzaletasunak eta lapurreta-goseak gidatzen zituztela erakutsi zaigu. Baina norbaitek zerbait badaki haietaz Marcus Rediker da. Pittsburgh-eko Unibertsitatean irakasle da eta Atlantikoko Historian aditu, eta pirateriari buruzko liburu aunitz idatzitakoa da. Eta berak guztiz bestelako irudi bat aldarrikatzen du.

Izan ere, piratak sortu ziren garai batean non Ozeano Atlantikoan kapitalismorik basatiena zen nagusi: batetik, itsasontzietan klasismoa zen nagusi, ofizial aberats anker eta marinel guztiz zapaldu eta esplotatuekin; eta, bestetik, haietako askok esklabo kargamentua zeramaten, egoera are askoz okerragoetan. Eta ontzi piratak matxinatutako marinel eta esklaboek osatu zituzten. Kapitaina eta ofizialak denen artean aukeratzen zituzten, denek ongi jaten zuten eta harrapakina denen artean banatzen zuten, emakumezkoak ere parekidetasunez jarduten ziren, eta adindu eta elbarrituentzat elkar zaintza eta babes sistema zeukaten. Herri xehearen babesa zuten, baina historiara pasa den kontakizuna nobleziak, aberatsek eta jabego pribatuak egin dute... Baina egiatan, Rediker-en arabera, demokrazia, sozialismoa, genero-berdintasuna, kultura-aniztasuna, internazionalismoa eta gizarte-segurantza praktikatzen zituzten, hitz eta kontzeptu horiek existitzen ez zirenean ere! 

Rediker-en 2004ko Villains of All Nations: Atlantic Pirates in the Golden Age liburuan oinarrituta egin zuen Under the Banner of King Death - Pirates of the Atlantic komikia David Lester-ek 2023an, zuri beltzezko irudi gordin eta biolentoez ilustratuta, halakoa baitzen idealismoz betetako bizitza hura. Istorioa Piraten Urrezko Aroan, hau da, 1660-1730 tartean, zentratzen da; eta, zehazkiago, Afrikako Printzea ontzia hartu eta Gaueko deitu zuten pirata-taldean, John Gwin, Mary Reed eta Ruben Dekker-ek kapitaneatutakoa. Fikziozko istorioa da, baina egiazko pertsonaia eta ekintzetan inspiratua (Mary Read, John Rackham, Black Bart-en Bunce uhartearen hartzea...).

Orain, Farmazia Beltzak eta Ra-Ki elkarteak euskarara ekarri dute komikia, Herio anderearen trapupean - Atlantikoko piratak izenburua jarririk. Koldo Almandoz eta David Zapirain arduratu dira euskal edizioaz, David Zapirainek itzuli du eta Garbiñe Ubedak egin ditu maketazioa, diseinua eta errotulazioa. Komikia itzuli den zazpigarren hizkuntza da euskara, Rediker-ek euskarazko itzulpen honentzat berariaz egindako hitzaurrean dioenez. Ikusten duzuenez, komiki benetan interesgarri eta gomendagarria. A!, eta David Zapirainek itzulpenean Hertzainak, Benito Lertxundi eta Negu Gorriak-ei lekua ere egin die! ;-)

Aitor Urkiola "Brontxe"-ren komiki laburren bilduma atera du Luterl Kultur Taldeak

e-gor 2025/12/03 18:38
"Neure kasa" izenpean, lau orritako 12 komiki biltzen ditu, gehienak lehiaketetan aurkeztu eta sariak irabazitakoak
Aitor Urkiola "Brontxe"-ren komiki laburren bilduma atera du Luterl Kultur Taldeak

Irudia: Aitor Urkiola "Brontxe"

Ondarroako Luterl Kultur Taldeak 40 urtetik gora daramatza komikia sustatzen. Globho eta Globhito fanzineez gain, Globhosonda sortan Azken mohikanoak hemen gaude eta Euskoman bezalako albumak ateratzen dituzte. Hain zuzen ere, sorta honen 5. zenbaki gisa argitaratu dute Neure kasa komikia. Aitor Urkiola Brontxe marrazkilariak 2010 urtetik hona egindako 4 orritako 12 komiki labur biltzen dira bertan, zuri beltzean zein koloretan. Eta ia guztiak Galtzakomik, Ganorabako, Portugalete edota Rekalde-Ortzadar bezalako komiki lehiaketan aurkeztutakoak eta sari edota aipamenen bat irabazitakoak dira. Beraz, ez da nolanahiko bilduma!

"Kontua eta zikina", XX. mende hasierako baserri giroko hilketa baten kontuak

e-gor 2025/12/02 21:34
Txalapartak atera du Iztueta Azurmendi anaien eta Aritz Vieites-en komikia
"Kontua eta zikina", XX. mende hasierako baserri giroko hilketa baten kontuak

Irudia: Aritz Vieites

1929an, baserri batean bakarrik bizi ziren ama-alabak era basatian hil dituzte. 1973an, baserri hura erre dela-eta, alabaren lagun izandako Rosaritori garai hartakoak gogora datozkio, eta bere alaba Karmeni esaten hasten zaio hilketako kontuak, aurreko istorioak, ondoko ikerketakoak eta baita urte asko geroago jakindakoak ere...

Hori da Ibai eta Eneko Iztueta Azurmendi anaiek idatzitako Kontua eta zikina - Euskal pop noir bat komikian kontatzen zaiguna. Benetako hilketa batean oinarrituta egonik, egiatan gertatu ziren kontuak daude, eta egiletzaz eta arrazoiaz kontatzen dutena ahoz aho pasatuta gaur arte herriaren memorian dagoen azalpenean oinarritzen da.

Baina izenburuak kontrakoa iradoki arren, komiki hau nobela beltz moderno bat baino gehiago da, ederto erretratatzen baitute Euskal Herriko XX. mende ia osoa, frankismoaren amaiera arte edo: baserriko bizitza, hirikoa...; nekazariak, neskameak, jauntxoak, poliziak, apaizak, emakume zigarrogileak, soldaduak...; euskal pizkundea, gerra, frankismoa... Guztia polito harilkatutako flashback-en bidez eta hizkuntza bizia erabiliz.

Aritz Vieites-ek egin ditu marrazkiak, kolore ezberdinak baliatuta garai ezberdinetarako, odolarentzako... Eta Txalaparta etxeak argitaratu du.

Joe Saccoren "Gazako oin-oharrak" bikaina ere euskaraz

e-gor 2025/12/02 18:18
1956an Israelek Gazako Rafah eta Khan Yunis hirietan eta errefuxiatuen kanpamenduetan egindako sarraskia du gaitzat Astiberrik gure hizkuntzara ekarritako komiki honek
Joe Saccoren "Gazako oin-oharrak" bikaina ere euskaraz

Irudia: Joe Sacco

Israelgo estatua Gazan (eta Palestina osoan) egiten ari den genozidioa ez da atzo goizekoa, bere sorreratik eta are lehenagotik ere aurrera daraman politikaren parte baizik. Horren erakusgarri Joe Saccoren komikirik onenetakoa den Gazako oin-oharrak honetan kontatzen dena: 1956an, Egiptoren aurka hasitako Sinaiko Gerraren testuinguruan, Gazako Rafah eta Khan Yunis hirietan eta errefuxiatuen kanpamenduetan egindako sarraskia, non bi egunetan ia 400 gazatar hil zituzten. Kazetaritza lan ikaragarria egiten du Saccok komikian, eta errealismo grafiko mingarriz ilustratu. Eta txalotzekoa da baita ere Astiberri argitaletxea egiten ari den lana, azken hiru urteotan Palestinari buruzko Saccoren hiru komiki handi euskaratuz (aurrez Palestina eta Gerra Gazan atera ditu; hirurak Julen Gabiriak itzuli ditu), han gertatzen ari dena ahaztu ez dezagun.

1525eko lehenengo sorgin ehizaren berri "Graxi Adot" komikian

e-gor 2025/12/01 21:33
Nabarraldek argitaratu du justu bosgarren mendeurrenean, eta Arantzazu Amezagaren gidoia eta Odei Dabringhaus-en marrazkiak ditu
1525eko lehenengo sorgin ehizaren berri "Graxi Adot" komikian

Irudia: Odei Dabringhaus

Euskal Herrian izandako sorgin-ehizen inguruan ari garelarik, denoi gogora datozkigu 1610 inguruan Lapurdin eta Zugarramurdi inguruan izan ziren sorginkeria auziak. Izan ere, komikietan ere irudikatu izan dira berriki samar: hor ditugu Asiskoren Sugarren mende edota Miren Mindegia eta Adur Larrearen Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak. Alabaina, lehenago ere izan ziren sorgin-ehizak gurean, hainbat garai eta tokitan. Eta horietako lehenengoa 1525 urtean izan zen, Iruñean eta PirinioetanNafarroako Erresumaren konkista amaitu berritan eta, zalantzarik gabe, hura errematatzeko.

Bada, sorgin-ehiza hartaz bost mende bete direnean, Nabarraldek haren inguruko komikia egin du, eta izenburua Graxi Adot eman dio. Izan ere, haren lehenengo biktimetako bat izan zen Auritz herriko izen bereko emakumearengan zentratu baitute istorioa Arantzazu Amezaga gidoilariak eta Odei Dabringhaus marrazkilariak. Euskal Herriaren zapalkuntzaren historia ezkutarazia ezagutzeko beste komiki-pieza bat.

"Heartstopper" sailaren 3. eta 4. komikiak ere euskaratu ditu Astiberrik

e-gor 2025/12/01 18:00
Honekin Alice Oseman-en sailaren euskarazko komikiek ia harrapatu dute jatorrizko bertsioa, momentuz bost liburu dituena
"Heartstopper" sailaren 3. eta 4. komikiak ere euskaratu ditu Astiberrik

Irudia: Alice Oseman

Urtebete geroago, Astiberrik Alice Osemanen Heartstopper sailarrakastatsuaren hirugarren eta laugarren komikiak ere euskaratu ditu. Honekin sailaren euskarazko komikiek ia harrapatu dute jatorrizko bertsioa, momentuz bost liburu dituena. Egileak esan du hurrengo urtean amaiera emango diola seigarren komikiarekin eta telesailaren hiru denboraldiak borobilduko dituen filmarekin, Oseman berak zuzenduko duena. Komiki berri hauetatik hirugarrenak Urrats handi bat du izenburua, eta bertan Nick eta Charlie elkarrekin dabiltza eta oso pozik, baina beraien artekoa jendeari kontatzea ez zaie horren erraza egiten... eta gainera Parisera doaz astebetez lagunekin! Laugarrenak Esan gabe doa du izenburua, eta ez dizuegu kontatuko zertaz doan, aurrekoa ez izorratzeko! ;-)

Edurne Pasabani buruzko komikia atera dute oraingoan Ramon Olasagasti eta César Llagunok

e-gor 2025/11/30 17:32
Sua argitaletxeak eta Mendi Film festibalak argitaratu dute
Edurne Pasabani buruzko komikia atera dute oraingoan Ramon Olasagasti eta César Llagunok

Irudia: César Llaguno

Sua argitaletxea, Mendi Film festibalarekin batera, euskal mendizaletasunaren historiako lorpen eta pertsonarik esanguratsuenen inguruko komikiak argitaratzen ari da azken urteotan, Ramon Olasagastiren gidoiekin eta César Llagunoren marrazkiekin. Orain artean Everest-erako lehen euskal espedizioa, Iñurrategi anaiak eta Andres Espinosari buruzkoak atera zituzten. Bada, oraingoan beste euskal mendizale handi bati buruzkoa egin dute, handienetakoa zalantzarik gabe: munduan 14 zortzimilakoak igo zituen lehenengo emakumea den Edurne Pasabani buruzkoa hain zuzen ere. Edurne komikian, berarekin batera, elurra ere izango da ardatz eta protagonista, bere izenari eta bizitzari estu lotuta baitago.

Beñat eta Unai Gaztelumendik "Bidea da borroka" komikiaren jarraipena dakarkigute: "Azken afaria"

e-gor 2025/11/25 19:12
Martin Artola izango da orain ere protagonista Bertsolari aldizkariaren ale komiki-monografiko berri honetan
Beñat eta Unai Gaztelumendik "Bidea da borroka" komikiaren jarraipena dakarkigute: "Azken afaria"

Irudia: Unai Gaztelumendi

Bertsolari aldizkariak azken urteotan komikiak argitaratzea ohikoa bilakatu da. Hala ikusi ditugu Nork, Nori, Arditutakoak edo 2021ean Beñat eta Unai Gaztelumendiren Bidea da borroka. Bada, orain azken horren jarraipena atera dute 140. zenbakitzat: Azken afaria.

Bidea da borrokan Gaztelumendi anaiek, Martin Artola bertsolariaren finalerako bidea aitzakia hartuta, beraien belaunaldiko euskal giroko gazteen kontuen inguruan hausnartu zuten: lehenagoko garaien borroka eta epikara berandu heldu eta galdu izana, aurreko belaunaldiei ez huts egiteko presioa, bazterrean utzitako lagunak, prekarietatea, gizonezkoen pribilegioak... Oraingoan, Martin gailurrera iritsi ondorengo erorialdi betean dago, eta lagunekin egiten duen afari batean ateratzen diren gaiek ematen diete egileei aitzakia 40en inguruan daudenen kontuez hitz egiteko: gurasotasun( behartu)az, burgesteaz, kanperrez, geopolitikaz, ekologiaz, bakardadeaz, komunitateaz... eta, esango nuke, batez ere laguntasunaz.

Horretaz guztiaz hitz egiteko pertsonaia (asko aurreko komikian ezagututakoak), bertso eta irudi ederto eginak eta istorio ongi harilkatua baliatzen dituzte, komiki atsegin eta aldi berean sakona osotuz.

Asterix frankiziako hiru komiki berri aurton

e-gor 2025/11/13 19:10
"Idefix eta menderakaitzak" sailaren 6 eta 7 zenbakiak eta "Asterix Lusitanian"
Asterix frankiziako hiru komiki berri aurton

Irudia: Didiert Conrad / Jean Bastide / Philippe Fenech

Asterixen abenturen jatorrizko sortzaile eta egile René Goscinny eta Albert Uderzo duela urte dezente hilik egon arren, galiar heroiaren abenturek Salvat/Bruño etxearen eta beste egile batzuen eskutik aurrera jarraitzen dute, eta Idefix txakurtxoaren haurrentzako spin-offa ere hasi zuten. Bada, 2025ean Asterixen frankiziako hiru komiki berrik ikusi dute argia.

Alde batetik, Obelixen txakur txiki Idefixengan zentratutako Idefix eta menderakaitzak sailak (zeinak ETB3n eta Makusin animazioko seriea ere baduen) seigarren zenbakia kaleratu zen otsailean, Basoa argitan, Matthieu ChoquetCédric Bacconnier eta Olivier Jean-Marieren gidoiarekin eta Jean Bastideren marrazkiekin; eta zazpigarrena urrian atera zen, Lutezian barrenaLison d'AndréaPhilippe Clerc eta Olivier Serranoren gidoiekin eta Philippe Fenechen marrazkiekin.

Bestetik, Asterixen album berri bat ere atera zen urrian, Asterix Lusitanian. Zazpigarrena da Goscinny eta Uderzorik gabe egiten dutena, eta bigarrena Uderzoren aholkularitzarik gabe. Bigarrena da baita ere egile talde berak egiten duena: Fabcaro da gidoilaria eta Didier Conrad marrazkilaria (honek marraztu ditu Uderzo ondorengo zazpiak). Oraingo honetan Lusitaniara joan beharko dute, gaur egungo Portugalera. Jainkoen Egoitza abenturan ezagutu zuten esklabo ohi bat iritsi da galiar menderaezinen herrira, Asterix eta Obelixen (eta, jakina, edabe magikoaren efektu ahaltsuen) laguntzaren bila... Abentura berri bat hasi da gure lagunentzat!

Maddalen Arzallusek itzuli ditu Asterixena eta Idefixen seigarrena, eta Usua Lasak Idefixen zazpigarrena.

Faxistak Oiartzunen sartu zirenekoa "1936 - Udatik negura" komikian

e-gor 2025/11/11 19:48
Kattin-Txiki elkarteak atera du, Jon Gaztelumendiren gidoi, Kepa Etxeberriaren marrazki eta Zigor Garroren koloreekin
Faxistak Oiartzunen sartu zirenekoa "1936 - Udatik negura" komikian

Irudia: Kepa Etxeberria

Kattin-Txiki Oiartzungo elkarteak herriko memoria historikoaren alde lan egiten du, Gerra Zibila eta diktadura frankista garaian egindako izugarrikerien egia ezagutaraztea eta hurrengo belaunaldiei transmititzea helburu. Lekukotasun ugari jaso dituzte, bi liburu argitaratu, lau ikus-entzunezko ekoitzi, zenbait lagunen hezurkiak berreskuratu, panelak jarri, erakusketak antolatu, omenaldiak egin... Eta orain, gazteengana iristeko asmoz, komikiaren bideari ere heldu diote.

Egin asmo duten sail baten lehen zenbakia da orain atera duten 1936 - Udatik negura komikia. Bertan gerraren lehen egunetan faxistak Oiartzunera sartu zirenekoaren berri ematen dute. Jon Gaztelumendi elkartekideak egin du gidoia, Kepa Etxeberriak marrazkiak eta Zigor Garrok koloreak.

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024 2025
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10