e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Sua - Gauekoren aroa": manga bat euskal mitologiaren gaiarekin
Ilargiren desagertzeak izaki mitologikoen eta gizakien elkarbizitza kolokan jartzen du, orain inork ezin baititzake azken hauek Gauekorengandik babestu. Mari eta Sugaar-en seme diren Mikelats eta Atarrabik Suari eman diote bilaketaren enkargua, gizaki soila izan arren, Marik amets batean kuttun bat eman baitio. Eta bere lagun Idoia lamiarekin abiatu da misioan, non Eguzki, sorginak, Akerbeltz, jentilak eta beste aurkituko dituzten...
Horixe da Draco Somnium argitaletxeak atera duen Sua - Gauekoren aroa manga estiloko komikiaren trama. David Castelorena da gidoia eta Gabriela Rodriguezenak marrazkiak. Oihane Amantegik itzuli du euskarara, eta berak egin ditu bukaeran sartu dituzten pertsonaia mitologikoei buruzko informazio-fitxak. Eta kapituluen azalak eta komikiaren hasieran dagoen mapa zabalgarria Unai Gonzalezek egin du.
Haurrentzako komiki gehiago euskaratu dituzte Bang Ediciones/Mamut Comics eta Ttarttalo etxeek
Haurrentzako gero eta komiki gehiago ari gara ikusten euskaraz, batzuetan bertan eta euskaraz sortuak eta bestetan euskarara itzulitakoak. Azken kasu honetakoak dira udazken honetan argia ikusi duten bi komiki hauek: Bang Ediciones/Mamut Comics etxeak Marko Torresen Superninja Kururoren abenturen 3. zenbakia atera du, Eta pizza muxutruk; eta Ttarttalo argitaletxeak Scott Campbell-en Etxe Buru eta Zuhaitz Buru. Haurrok, oraindik garaiz zaudete Olentzerori eskatzeko! ;-)
Antso Azkarra eta Nafarroako banderaren kateak, César Oroz-en komiki berrian
Mintzoa argitaletxeak eta César Oroz komikigileak Nafarroaren historiari buruzko umorezko komikien sail bati ekin zioten duela bi urte, eta geroztik urtero bat ateratzen dute udazkenean. 2023an Zirt-zart Nafarroan!! Noaingo bataila, 1521 izan zen eta 2024an Amaiur 1522 - Inperioak berriz erasotzen du. Bada, aurten Antso Azkarra sutan!! atera dute, Antso Azkarra erregean eta XIII. mendearen hasieran zentratuta: Gaztelak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa konkistatzea, Navas de Tolosako gudua eta hara joandako nafar soldaduen kopuruari buruzko egia, Nafarroako armarri eta banderako kateen istorio faltsua... Guztia beti bezain barregarri kontatuta.
Udalbiltzaren "Geuretik sortuak" egonaldietatik sortutako komikien bilduma: "Zazpikiak bat"
Hirugarren ekitaldia du hau Geuretik sortuak Udalbiltzaren egitasmoak, hainbat sortzaileri beste hainbat herritan egonaldiak egin eta herri horietan girotutako sorkuntza-lanak egitea ahalbidetzen diena. Eta ediziotik ediziora komikien presentzia handituz joan da: lehenengoan Mattinen Aska izan zen komiki-lan bakarra; bigarrenean bost izan ziren, Hona bostekoa! bilduman argitaratu zirenak; eta hirugarren honetan zazpi egin dira, eta Zazpikiak bat liburuan bildu dira denak. Hauek dira bertan aurkituko ditugun istorioak, egileak eta herriak:
- Neskato onak: Uxue Bereziartua (Larraun / Lekunberri / Araitz / Betelu)
- Zeruaren erdian: Usue Egia (Legorreta)
- Bi zakur: Patrizia Etxegarai Hankabako (Ziortza Bolibar)
- Gastronomika - Mutriku: Asier Iturralde Gaston (Mutriku)
- Legez kanpo: Eñaut Aiartzaguena (Ataun / Etxarri-Aranatz)
- Begi hütsez ezin ikusi: Eneritz Ibarra (Atharratze)
- Euskara eta gu: Amane Apalategi (Hernani)
- (azala Alots Arregik egin du)
Berriz ere, gure Euskal Herriko herrien inguruko istorio jakingarriak, bertatik bertara eta euskaraz sortuak!
Lehen Mundu Gerrako benetako naufragio baten kontakizuna "Odisea" komikian
Lehen Mundu Gerran alemanek itsasoko gerran abantaila hartu zuten urpeko ontzien domeinuan aurrea hartu zutelako, eta merkataritza-ontziak ere hondoratzen aritu ziren. Ez ziren gutxi izan Galizia inguruetan itsaspera bidalitakoak edo hango kostetara iritsitako naufragoak, eta horietatik ere zenbaitzu urperatze eta erreskate Ortegal lurmuturraren inguruetan gertatu ziren.
Hixinio Puentes-ek Aguillóns de Ortegal eleberrian Antonio Fonseca marinel galiziarraren errelato autobiografikoa kontatzen du. Txikitan sorgin batek zazpi bizitza izango zituela esan zion, eta jada hiru naufragio izana zen Yrewse ikatz-baporean itsasoratu zenean. Itsaspeko aleman batek hori hondoratu, egun gutxira Alnwick Castle-k bere txalupa erreskatatu, egun batzuetara alemanek berriz ere hau hondoratu, eta beste txalupa batean aurkitzen da berriz ere Fonseca, egun luzeetako odisea gogorrari aurre egin beharrez...
Liburu horretan oinarrituta egin du Harriet argitaletxeak atera duen Odisea komikiaren gidoia José Manuel Matak, eta berak eta Iván Mata semeak egin dituzte marrazkiak.
"Margot": gatazka politiko-soziala, fantasia eta terrorea Landetako pinu-sartze garaian
Xabier eta Martin Etxeberria anaien bi komiki jaso ditugu oso denbora gutxian. Aurreko post batean Iñaki Holgadorekin egin duten Medium aipatu bagenuen hemen, oraingoan bi anaion gidoia eta Arianna Pisaniren marrazkiak dituen Margot dakarkizuegu, Liana Editorial argitaletxearekin atera dutena.
XIX. mendean, Landetan pinuak sartu dituzte nonahi, desertizazioari aurre egiteko eta egurgintzan oinarritutako industrializazio eta modernizazioa ekartzeko. Baina horrek lur-jabe handi berriak sortu eta aberastu ditu eta nekazariak pobretu, frantsesa ere bertako gaskoi hizkuntzari jazartzen zaio, eta gatazkak ernatu dira nonahi. Horrez gain, gertakari izugarriak ere ari dira gertatzen basoan, izaki misteriotsuak tartean direla. Eta horren guztiaren erdian suertatu dira Margot gaztea eta bere familia...
Zerocalcare-ren "Basoa basamortuaren kontra - Mundu guztiaz hitz egiten duen auzo-istorioa", euskaraz
Malatesta PGK Iruñeko Txantreako jatetxe txiki autogestionatua da, pizza zatiak eta garagardo artisauak zerbitzatzen dituena. Aurten Erromako Quarticciolo auzo herrikoiko Il Birrificio del Quarticciolo garagardotegi independentearekin elkarlanean garagardo bat atera dute, etiketan Zerocalcareren marrazkiak dituena. Eta horrez gain, Quarticciolo Ribelle-k ateratako egile horren beraren Basoa basamortuaren kontra - Mundu guztiaz hitz egiten duen auzo-istorioa komikia atera dute, EHKoop garagardo kooperatibarekin batera.
Komikian auzoaren arazoez hitz egiten da (denden ixteaz, etxeen abandonatzeaz, drogez...) eta nola autoantolakuntza den bidea hori konpontzeko eta ez interbentzio politiko-poliziala (zeinak sarri autoantolakuntza desegiten duen...). Guztia Zerocalcareren ohiko estiloan.
Komikiaren salmentarekin bildutako diru guztia Quarticciolo auzora bideratuko da, hango proiektu komunitario eta autogestionatuak laguntzera.
"Herio anderearen trapupean", piratei buruzko egia orain komikian
Piratei buruz betidanik eta edonondik jaso dugun irudia mapak, altxorrak, egurrezko hankak eta antzeko topikoez baterik dago, eta haien bizitzak krudelkeriak, odolzaletasunak eta lapurreta-goseak gidatzen zituztela erakutsi zaigu. Baina norbaitek zerbait badaki haietaz Marcus Rediker da. Pittsburgh-eko Unibertsitatean irakasle da eta Atlantikoko Historian aditu, eta pirateriari buruzko liburu aunitz idatzitakoa da. Eta berak guztiz bestelako irudi bat aldarrikatzen du.
Izan ere, piratak sortu ziren garai batean non Ozeano Atlantikoan kapitalismorik basatiena zen nagusi: batetik, itsasontzietan klasismoa zen nagusi, ofizial aberats anker eta marinel guztiz zapaldu eta esplotatuekin; eta, bestetik, haietako askok esklabo kargamentua zeramaten, egoera are askoz okerragoetan. Eta ontzi piratak matxinatutako marinel eta esklaboek osatu zituzten. Kapitaina eta ofizialak denen artean aukeratzen zituzten, denek ongi jaten zuten eta harrapakina denen artean banatzen zuten, emakumezkoak ere parekidetasunez jarduten ziren, eta adindu eta elbarrituentzat elkar zaintza eta babes sistema zeukaten. Herri xehearen babesa zuten, baina historiara pasa den kontakizuna nobleziak, aberatsek eta jabego pribatuak egin dute... Baina egiatan, Rediker-en arabera, demokrazia, sozialismoa, genero-berdintasuna, kultura-aniztasuna, internazionalismoa eta gizarte-segurantza praktikatzen zituzten, hitz eta kontzeptu horiek existitzen ez zirenean ere!
Rediker-en 2004ko Villains of All Nations: Atlantic Pirates in the Golden Age liburuan oinarrituta egin zuen Under the Banner of King Death - Pirates of the Atlantic komikia David Lester-ek 2023an, zuri beltzezko irudi gordin eta biolentoez ilustratuta, halakoa baitzen idealismoz betetako bizitza hura. Istorioa Piraten Urrezko Aroan, hau da, 1660-1730 tartean, zentratzen da; eta, zehazkiago, Afrikako Printzea ontzia hartu eta Gaueko deitu zuten pirata-taldean, John Gwin, Mary Reed eta Ruben Dekker-ek kapitaneatutakoa. Fikziozko istorioa da, baina egiazko pertsonaia eta ekintzetan inspiratua (Mary Read, John Rackham, Black Bart-en Bunce uhartearen hartzea...).
Orain, Farmazia Beltzak eta Ra-Ki elkarteak euskarara ekarri dute komikia, Herio anderearen trapupean - Atlantikoko piratak izenburua jarririk. Koldo Almandoz eta David Zapirain arduratu dira euskal edizioaz, David Zapirainek itzuli du eta Garbiñe Ubedak egin ditu maketazioa, diseinua eta errotulazioa. Komikia itzuli den zazpigarren hizkuntza da euskara, Rediker-ek euskarazko itzulpen honentzat berariaz egindako hitzaurrean dioenez. Ikusten duzuenez, komiki benetan interesgarri eta gomendagarria. A!, eta David Zapirainek itzulpenean Hertzainak, Benito Lertxundi eta Negu Gorriak-ei lekua ere egin die! ;-)
Aitor Urkiola "Brontxe"-ren komiki laburren bilduma atera du Luterl Kultur Taldeak
Ondarroako Luterl Kultur Taldeak 40 urtetik gora daramatza komikia sustatzen. Globho eta Globhito fanzineez gain, Globhosonda sortan Azken mohikanoak hemen gaude eta Euskoman bezalako albumak ateratzen dituzte. Hain zuzen ere, sorta honen 5. zenbaki gisa argitaratu dute Neure kasa komikia. Aitor Urkiola Brontxe marrazkilariak 2010 urtetik hona egindako 4 orritako 12 komiki labur biltzen dira bertan, zuri beltzean zein koloretan. Eta ia guztiak Galtzakomik, Ganorabako, Portugalete edota Rekalde-Ortzadar bezalako komiki lehiaketan aurkeztutakoak eta sari edota aipamenen bat irabazitakoak dira. Beraz, ez da nolanahiko bilduma!
"Kontua eta zikina", XX. mende hasierako baserri giroko hilketa baten kontuak
1929an, baserri batean bakarrik bizi ziren ama-alabak era basatian hil dituzte. 1973an, baserri hura erre dela-eta, alabaren lagun izandako Rosaritori garai hartakoak gogora datozkio, eta bere alaba Karmeni esaten hasten zaio hilketako kontuak, aurreko istorioak, ondoko ikerketakoak eta baita urte asko geroago jakindakoak ere...
Hori da Ibai eta Eneko Iztueta Azurmendi anaiek idatzitako Kontua eta zikina - Euskal pop noir bat komikian kontatzen zaiguna. Benetako hilketa batean oinarrituta egonik, egiatan gertatu ziren kontuak daude, eta egiletzaz eta arrazoiaz kontatzen dutena ahoz aho pasatuta gaur arte herriaren memorian dagoen azalpenean oinarritzen da.
Baina izenburuak kontrakoa iradoki arren, komiki hau nobela beltz moderno bat baino gehiago da, ederto erretratatzen baitute Euskal Herriko XX. mende ia osoa, frankismoaren amaiera arte edo: baserriko bizitza, hirikoa...; nekazariak, neskameak, jauntxoak, poliziak, apaizak, emakume zigarrogileak, soldaduak...; euskal pizkundea, gerra, frankismoa... Guztia polito harilkatutako flashback-en bidez eta hizkuntza bizia erabiliz.
Aritz Vieites-ek egin ditu marrazkiak, kolore ezberdinak baliatuta garai ezberdinetarako, odolarentzako... Eta Txalaparta etxeak argitaratu du.

