Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Elkartea

Elkartea

Zer da Eibar.ORG?

  • Eibarko Internet erabiltzaile batzuek posta-zerrenda sortu genuen 1998ko apirilean. Zerrendaren jardunarekin, partaideen arteko loturak sendotu egin dira, eta horietako batzuek, azkenean, elkartu egin gara Eibar.ORG sortzeko, Internet eta Teknologia Berrien Erabiltzaileen Elkartea. 1999ko urrian eratu da elkarte hau.

Zein helburu ditu elkarteak?

  • Eibarren Internet eta teknologia berrien erabilera sustatzeko ahalegina egin.
  • Interneten eta euskarri teknologi berrietan Eibarren irudia eta informazioa zabaldu.
  • Interneten eta teknologia berrien inguruan dabiltzan gainerako euskaldunekin loturak estutu, eta eremu euskalduna sustatu eta indartu.
  • Eraiki behar ei den Informazioaren Gizarte hori, benetan herritarren gizartea izan dadin ahaleginean saiatu.
  • Guretzat, Internet eta teknologia berriak ez dira merkatu bat edo negozio aukera bat. Herritarrek erabil dezaketen eta erabili behar duten tresna da, esate baterako balio hauek indartzeko: elkarlana eta elkartasuna, komunikazio irekia, informazioaren jario librea, kultura eta jakintzaren dibulgazioa...
  • Gure Elkartea elkarte euskalduna da, eta euskaraz funtzionatuko du.

Nortzuk dira partaideak?

  • Hogei bat lagun gara bazkide.
  • Bat egin nahi duzu gurekin? Idatzi eibar a bildua eibar puntu org helbidera.

Zer eskaintzen die Elkarteak bazkideei? eta zer eskatzen die?

  • Eskaini, gauza handirik ez: proiektu pionero batean parte hartzeko gustoa... Eta Interneten eta teknologia berrien esparruan trebatzeko aukera, konpainia onean, lagunekin inguratuta.
  • Horrez gain, bazkideek URLIA@EIBAR.ORG motako helbide elektronikoak erabil ditzakete. Eta www.eibar.org webgune honetan beren gune pertsonalak jar ditzakete, blog bat alegia.
  • Eskatu eta eskatzen da zeozer. Urteko kuota sei eurokoa da. Horrekin ondo betetzen da elkartearen aurrekontua. Gurea baino erakunde teknologiko merkeagorik ez dago munduan
  • Borondatezko lanaren bitartez kolaboratzen dute bazkideek elkartearekin. Bakoitzak ahal duen neurrian. Patxadaz, eta presa larregi barik. Pixkanaka goaz aurrera denon ahaleginarekin.

Zer egiten dugu?

Interneteko zenbait ekimen bultzatzen ditugu.

  • Eibartarrak posta-zerrenda.
  • Eibar.org webgunea, hemen ikusten duzun hau. Eduki zenbait pilatzeko toki bat da hau, eta gainera, bazkideen blog pertsonalak ostatatzeko modua.
  • Inoiz ikastaroren bat eman izan dugu bazkideen artean, hala nola e-posta Mozilla programa euskaldunarekin kontrolatzeko eta spam-a ebitatzeko antolatu zen bat.
  • Aurki bilatzaile euskalduna.