Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Blogen eta literaturaren gaineko solasaldia

Blogen eta literaturaren gaineko solasaldia

Volgako Batelariak 2006/02/17 18:34






Luzio eta Zigorren arteko beste elkarrizketa bat, oraingoan Blogak & Literatura gaiarekin, Donostian egin behar den izenburuko bereko mahainguruan aldizkari honetako ordezkari batek irakurriko duena (hauxe amaraunean zintzilikatu eta berehala, bide batez esanda, denbora errealean ia). Luzio.- Hara! Berriro kausitzen zaitut, zorioneko ustekabez, kalearen erdian. Nora zoaz, oi Zigor, jainkoen kutun hori?

Zigor.- Arratsaldeon, Luzio, eta barkatu: ahoa zabaldu duzun arte ez zaitut ezagutu.

Luzio.- Apika ile-apaindegitik pasatu berria naizelako izango da; egun hauetan eguzkiak pixka bat epeldu du gure negu gorri hau, eta aldaketa baten premian nengoela sentitu dut. Baina ez dezagun nitaz hitz egin, Zigor, eta, gaitzitzen ez bazaitu, esadazu nora zoazen: gure bideek bat eginen dute, akaso.

Zigor.- Ba egia esan behar badizut, ez dakit ziur nora noan, hain nago aztoratuta. Bai esan diezazuket, ordea, nondik natorren: hor atzeko ziber-kafe horretatik, nire blogaren lehenengo sarrera amaraunean zintzilikatzetik.

Luzio.- Zu ere bai, Zigor. Lehen harriak adina genituen poetak, orain poetak adina blogariak. Edonola ere, zuk bezalako mutilmedia moderno eta euskaldun batek etxean interneteko konexioa izanen zuela uste nuen nik ba…

Zigor.- Eta hala da, bai. Baina, tamalez –eta, mesedez, hau gure elkarrekiko lagunei, batik bat abertzaleei, ez kontatzeko eskatzen dizut–, tamalez, nioen, Euskaltel utzi berri dugu Tele2ekoen eskaintza bat onartzeko, eta lehenengoan baja eman genuen bestearen alta jaso aurretik. Egun gutxi batzuen kontua da, baina bitartean ziber-kafe horretara jaitsi behar izaten naiz nire e-mail mezuak begiratzera… eta nire blog berria inauguratzera!

Luzio.- Ezin zenuen, bada, egun gutxi horiek itxaron, blogarekikoak etxetik lasai-lasai egin ahal izateko? Harrituta uzten nauzu.

Zigor.- Ez, ezin nuen itxaron. Aurreko bi asteak blogak.com-ek nola funtzionatzen duen ikasten ibili naiz, eta iritsia zen unea. Blogen aldia oraintxe da, Luzio laguna, ez beranduago, eta honekin Mundakako ezkerreko olatuarekin bezala gertatzen da: irauten duen bitartean harrapatzen ez baduzu, ezin jakin hurrengoan hor jarraituko duen, edo betirako desagertuko den Historiatik.

Luzio.- Onartzen dut maiteago ditudala surf kontuak, eta, batik bat, surflari gihartsuenak, internetekoak baino; halere, ez naiz profitatuko elkarrizketak eskaini didan norabide-aldaketa gozo horretaz, eta eutsi egingo diot blogen gaiari, zure begiradak argi adierazten baitit galdera hau egitea desio duzula –eta gustura egingo dizut gainera–: zein da zure blogaren izena, eta zein gaia?

Zigor.- Iparrorratz kutxa du izenburua, hala itzuli baitu Ibon Sarasolak gaztelaniazko "bitácora" bere hiztegi berrian. Eta, gaia, jakina, literatura du: blog literario bat izango da. Hantxe zintzilikatuko ditut nire pentsamenduak, nire egunerokotasunak diktatuko dizkidan pasarteak eta, jakina, noizean behin, nire berset apalak.
(…)
Baina… gaitzespen-keinu bat sumatu al dut zure begiradan, Luzio?

Luzio.- Ez da inolaz ere gaitzespena, Zigor preziatua, eskeptizismo puntu bat baizik.

Zigor.- Ez duzu uste, beraz, euskal literaturaren etorkizuna, eta are salbazioa ere, blogetan egon daitekeenik?

Luzio.- Benetan poztuko nintzateke hala balitz, baina aitortzen dizut zalantzak baditudala. Izan ere, ez dakit zer puntutaraino jo daitezkeen literariotzat hortik zehar kalifikatibo hori jasotzen duten zenbait euskal bitakora. Berdin-berdin gertatzen zitzaidan blogintza kazetaritza mota berri bat zela aldarrikatzen zelarik: halakoak omen ziren blog asko ez zitzaizkidan batere informatibo iruditu, kontrakoa baizik. Nolanahi ere, Oscar Wildek esaten zuen bezala, gaur egun edozer gauzari deitzen zaio literatura, beraz...

Zigor.- Zer esan nahi duzu?

Luzio.- Eztabaida hau jadanik izan dugula iruditzen zait, bertsolaritzari buruz hitz egin genuenean; antzekoak dira, behintzat, gai honi buruz egin ditudan hausnarketak –txit azalekoak direnak, dena den–. Irudipena daukat, besteak beste, oso bat-bateko lana izaten dela blogetan erakusten zaiguna, eta ez dagoela sobera landuta. Eta lanketa hori gabe nekez hitz egin daiteke, nire uste apalean, literaturaz; ez behintzat niri interesatzen zaidanaz. Anjel Lertxundik dio, Mentura dugun artean bere saiakeran, idazleek badutela istorioak kontatzeko premiarekin itsutzeko arriskua; hala, harentzat, "…gertaera batek, benetako interes eta esangura izan ditzan, gertaera hutsa baino haratagoko zerbait behar du; ikusi, entzun, ikasi eta sentitu egiten den mami halako bat. Bestela, anekdota hutsa da gertaera. Eta anekdotak, beren horretan, bitxikeria soil biluzia diren aldetik, ez dira literaturako gai (…). Hitzak ematen dio anekdotari literaturarako gai izateko aukera". Nago blogetako sarrera asko ez ote diren geratzen anekdota hutsaren lehenengo fase horretan… Eta, alde horretatik, ez dakit zein puntutaraino ez zaizkidan interesgarriagoak iruditzen asmo literariorik ez duten blogak, "literarioak" baino.

Zigor.- Zurekin haserretuko naiz azkenean, Luzio. Ez zara ba izango blogintza txutxu-mutxuekin eta papilla sentimentalarekin parekatzen duen horietakoa?

Luzio.- Ez haserretu nirekin, Zigor, hau jolas bat besterik ez da eta; jarrai dezagun paseo lasai honekin. Edo, hobeto, bai, haserretu zaitez: sumintzen zarenean ederrago zaudela konturatu naiz. Edozein modutan, ez dezazula uste txutxu-mutxuak mesprezatzen ditudanik: ondo dakizu Tomate-a edo Klaudio Landaren programa ikustea laket zaidala. Kontua da, blog horietako batzuetara sartzen naizenean, nire arrebaren egunerokoa ezkutuan irakurtzen nuen garaiko sentipen berberak hartzen nauela: jakin-min erigarri batek behin eta berriro bultzatzen ninduela hartara, baina, nire arrebak hura idaztean asmo oso literarioak zituela jakinda ere, nekez atera nezakeela nik handik plazer literariorik, bestelakoa baizik.
Onartzen dut, dena den, zaila dela muga argi bat zedarritzea; Amoz Oz israeldarrak idatzi duen bezala: "Agian ez litzateke txutxu-mutxua gutxietsi behar: literaturaren senide pobrea da. Egia da literatura ez dela makurtzen hura kaletik agurtzera, baina ezin da ahaztu haien artean dagoen ahaidetasuna, hurkoaren sekretuen artean kuxkuxean ibiltzea bulkada eternoa bezain unibertsala da eta". Areago, protagonistak berak ustezko sekretu hori denon begien aurrean jartzen badu…

Zigor.- Ez didazu orain esango egunerokoa ez zaizula genero literarioa iruditzen, literarioenetako bat ez bada… Lehengoan, Xalbador liburu-dendan nengoela, John Cheever-en Diarios liburuaren ale bat erosten ikusi zintudan, Emecé argitaletxekoa.

Luzio.- Ez nekien handik zenbiltzanik… Bai, hala da, atsegin ditut idazleen egunerokoak eta apunte-kaierak, baina egunerokoak eta egunerokoak daude, ez duzu uste? Eta nik, aitor dut, maiteago ditut XIX. mendekoak; Eckermann, adibidez, edo Chateaubriand. Blogak, alde horretatik, XX. mendeko egunerokoen ondorengoak dira, hein batean behintzat. Adam Zagajewskik halako zerbait adierazi nahi izan zuen idatzi zuenean Zbigniew Herbert poeta poloniarrak "ez zukeela inoiz idatziko –William Styronek egin zuen bezala, esaterako- depresioaren inguruko aitormen-liburu bat (…). Horrela ulertzen zuen berak klasizismoa: ez kexatzea! (…) Ez, ez zen gai amerikar erara idazteko, bere ‘arazoak’ aitortuz eta bere penak 'irakurlearekin konpartituz'". Edo, beste aipu honetan, Cioranen eta La Rochefoucaulden egunerokoak konparatzen dituenean: "Cioran La Rochefoucauldengandik bereizten duena nartzisismoa da: dukeak ez zuen sekula bere buruaz idatzi".

Zigor.- Ez dakit gaitik desbideratzen ez ote zaren ari, Luzio. Edozein kasutan ere, blogen alde, gogora ekarri nahi dizut -oker ez banago- Anjel Lertxundik berak duela gutxi esaten zuena, internetekoa dela ziurrenik euskaldunok garaiz atzeman dugun lehenengo iraultza teknologikoa.

Luzio.- Ez zait argudio makala iruditzen, berritasunarena –edo are iraultzailetasunarena–, Artearen eta, beraz, Literaturaren motore nagusienetako bat baita Berria litzatekeen zerbait sortzea eta –batik bat– besteei erakustea, Boris Groysek Sobre lo nuevo: ensayo de una economía cultural liburuan erakusten duen bezala; horretaz ari zara, ezta, Zigor?

Zigor.- Bai, halako zerbaitez.

Luzio.- Ez litzateke argudio makala… euskal blog (ustez) literarioen artean zerbait benetan berria egongo balitz… Baina ez dut uste hala denik; edo, beste era batean esanda, euskarria da erlatiboki berria den gauza bakarra, eta ez edukia; kontinentea, eta ez mamia. Zeren eta, euskal blogek, nik dakidala, ez dute genero edo forma berririk asmatu, euskarri berriari zehazki egokitutako bide berezirik urratu alegia. Orain arte paperezko forma eta euskarri anitzetan gauzatu izan dena birproduzitzera mugatu dira, ordea: egunkari, fanzine, aldizkari edo liburu batean irakur genezakeen gauza bera, blog batean egin dezakegu orain. Eta batzuetan egunkarian eta blogean aldi berean, testuak etengabe errepikatzen baitira hortik eta hemendik: Julen Gabiriaren zutabe bat, adibidez, Deian ager daiteke, ondoren bere blogean, eta biharamunean, suerte apur batekin, Berriako gehigarriaren "BlogTekan"; pixka bat gehiago, eta Borgesek horren gustuko zituen infiniturantz biderkatutako ispiluen gaineko beste ipuin bat izan genezakeen… Ados, egon badago medioari etekin berritzailea ateratzeko ahalegin bat edo beste: Hernán Casciariren blog-nobela famatua izango litzateke adibiderik ezagun gertuena, irakurleek erantzunetan egiten zizkioten ekarpenekin eta abar; amaraunean zehar halako adibide gehiago daude, noski. Hortik hurbilen ibili dena, gure artean, Koldo Izagirre izan da, Susako web-orrian hasi zuen nobela interaktibo harekin, aurreblog garaian dena den. Baina hau guztia ez da bereziki berria, ezta ere: XIX. mendeko foilletoi idazleek ere, Eugène Sue eta enparauek, haien publikoaren feedbacka jasotzen zuten, eta istorioan aldaketak sartzen zituzten ondorioz, gauzen abiada, orduan, oso bestelakoa bazen ere.
Nire uste apalean, eta baliteke geroak nire profezia barregarri uztea, blogintza literarioak ez du etorkizun handirik, lehenengo eta behin gratis et amore egiten delako, banitate hutsez. Bestetik, oraingo ikerlari puntakoenek diotenez, literatura ez da ikusi behar sorkuntza prozesu huts gisara, non izaki inspiratu eta ongurako batzuek, sortzaileek alegia, arte obra bat ekoizten duten ezerezetik gizartearen onerako, ez, maitea, literatura sistema literario batek ahalbidetzen du, eta idazlea bertan beste pieza bat baino ez da, besteekin, editorialekin, garaiko gustuekin, instituzio literarioekin, kanonizazio prozesuekin interakzioan. Even-Zohar, Bourdieu eta, Kortazarrek aditzen ez didanez, Lotman aipa nitzake. Interakzio joko horretan sartzen ez den idazkia, tiraderan gordea gelditzen den liburu jeniala ez da literatura inola ere. Eta nik esango nuke, gaur egun (oraindik?), extrasistemikoa dela blogintza, bakar lana, sistema literarioaren epaiari saihesteko bidea. Eta trebatze ariketa bezala baino ez dizkiot onurak aitortzen, nola izan baitzitekeen te saloitxo batean bost adiskiderekin gelditzea elkarri poemak eta ipuinak irakurtzeko, publikatzeko elkarri adore emateko.

Zigor.- Ez diozu, beraz, ezer onik ikusten blogen munduari?

Luzio.- Ezta ezer bereziki txarrik ere, Zigor: ez zaitez larritu. Baina irudipena daukat gauza hauek, gure euskal mundu estuan, errazegi handiesten direla, batzuetan. Baina, galdetzen didazunez, bai, aitortu behar dizut gauza on bat ikusten niela, hasiera batean behintzat, blogei, eta horretan nuela ipinita itxaropen txiki bat. Kontua da, diskurritzen nuen nire baitan, blogek beren gauzatxoak plazaratzeko aukera merke eta errazak eskainiko zietela beste garai batean haien testu kaxkarrekin argitaletxeak gogaitzen zituzten idazle-gurei, argitaratzeko edo argitaratuak izateko grina asetzeko bitarteko bat alegia… ondo jakina baita, alamenaren alamenaz, idazki horietako batzuk argitaratu egiten zirela azkenean, nonbaiten, literaturaren eta gizateriaren kalterako. Hortaz, prest nengoen are blogen aldeko propagandista sutsu bihurtzeko, modu horretan inprentetara testu horietako gutxiago helduko baziren … Baina ikusten dut alferrik dela tematzea, blogetan agerturiko kontuek liburu bihurtzeko joera gero eta handiagoa dutelako, hala erdal munduetan nola euskal uharte santu honetan, eta, ondorioz, ez direla blogak izango, azken finean, Amazonia deforestaziotik salbatuko dutenak. Laburbilduz: eskeptiko izaten jarraituko dudala, oraingoz behintzat, zure baimen txit atseginarekin.
Geratu egin gara, ordea. Hau al da zure etxeko ataria, Zigor?

Zigor.- Bai, baina ez egin ilusiorik: ez zaitut igotzera gonbidatuko. Gurasoak bertan daudela uste dut, gainera. Ikusten? Argia dago egongelako leihoan.

patxi  lurra
patxi lurra dio:
2006/02/20 21:04

Zein da arazoa, beraz? Testuak toki batean baino gehiagotan agertzea? Julen Gabiria? Deia? Berria? Andoni Egaña? Tere Irastortza? Abertzaleak? Oinaztarrak, ganboatarrak... eta, orain, luziotarrak? Xingarra? Lastertasuna?

Parkatu atrebentzia, irakurle sotila eta ezjakina bainaiz, liburuzalea naiz eta gozatu dut nola Juanjo Olasagarrerekin hala Bernardo Atxagarekin, bai Julen Gabiriarekin bai eta J. M. Coetzeerekin ere, Mario Vargas Llosarekin eta Jon Arretexerekin (ez, ez aipatu izen hori, doilorra! sakrilegoa! sutara!!!), James Matthew Barrierekin eta Iban Zalduarekin. Ez daukat irizpiderik, komikiak ere gustatzen zaizkit...

Ez dakit Literatura (hitz larriaz) zer den ere, baina nire eskakizun apala da begi-puntua noizean behin aldatzea.

Amen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44