Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Hamaika galdera liburu baten aurrean

Hamaika galdera liburu baten aurrean

Ibon Egaña 2005/11/17 12:30
Liburuak jogurtak baino azkarrago iraungitzen diren sasoian, ia barkamena eskatu behar dugu liburu baten kritika argitalpenetik ia urtebetera plazaratzeagatik, eta zer esanik ez idazle baten lan berrienaz jardun ordez, aurrekoaz jardutera bagoaz. Zerbait ia-ia anakronikoa egiten dabilelako sentsazioa du batek. Bihoa hori lehenbizi. Bihoa bigarrenik, jarraian datorrena ez dela liburu kritika bat zentzu hertsian, Pako Aristiren Gauza txikien liburua (Erein 2004) aitzakia hartuta, azkenaldiko euskal literaturaz egindako zenbait gogoeta eta galdera baino, hauetarik asko agian ezagun egingo zaizkionak inoizkari honen irakurle finari. Errepikatzeak ez digu arrazoirik emango, baina, izena ez genion alferrik jarri aldizkariari, eta -jar gaitezen epiko- pertseberantzian, behintzat ez digu inork aurrea hartuko.(Beno, agian bai)

 Idazleak ez dira argazkietan ateratzen.

Has gaitezen hasieratik. Pako Aristik bere argazkia paratu dio Gauza txikien liburua liburuaren azalari. Bertan, artean gazte eta berde zela, Kcappo publikatu berritan ateratako argazkia du eskuartean Pako Aristi oraingoak. Apropos egindako hautua izan zen gainera, idazlea jendeak ezagutu eta maitatu dezan. Idazleak esana: “Gizarte honetan kirolariak eta musikariak ezagutzen ditugu, baina idazlea ez du inork bistaz ezagutzen, edo ezagutzekotan Atxaga, beste inor ez.” Harritu ninduten urrestildarraren hitzek, ni kontrakoagatik larritzen-edo hasia bainintzen, alegia, ezagutzekotan, jendeak idazlea ezagutzen zuela, baina ez bere lana, testua. Ideia nik baino dotoreago formulatuz irakurri nituen Jenaro Talensen hitzok garaitsu hartan:

 

Desplazando el punto de articulación desde el discurso poético hacia el dispositivo-autor, y desde éste hacia la figura pública que parece otorgarle entidad real, se sustituye la problematicidad de la escritura por la imagen social del escritor. Las leyes que rigen el juego dejan de ser de índole analítica para pasar al terreno del intercambio simbólico donde la poesía ya no es un artefacto productor de sentido, sino pura y simplemente mercancía.

 

Muturrera eramandako adibide bat, honezkero seigarren batelari bihurtua dugun Dubravka Ugresicek Gracias por no leer saioan biltzen duen hura litzateke. Londresko Liburu Azokara joan omen zen Ugresic eta harri eta belarri geratu omen zen inaugurazioa Joan Collins Dinastíako aktorearen esku zegoela ikustean. Idazleak egindako gogoeta, ezin argigarriagoa:

 

Zer du honek ikustekorik literaturarekin? Ia ezer ez. Orduan, zergatik aipatu Joan Collinsen traje arrosa bezain gauza hutsala? Bada hutsalkeriak bizitza literarioa ito duelako, itxura denez, liburuek baino garrantzi handiagoa hartzeraino.

 

Egia da, agian gure literatura ez dela homologazioaren fase horietaraino iritsi. Baina ez ote gaude bide horretan? Idazleak alderdien hauteskunde kanpainetako karteletan agertzen hastea ez ote da horren sintoma?

Irlandan eta Eskozian tabernetan idazleen argazkiak eskegitzen dituztela dio Aristik. Ados. Baina argazki horiek hemengo tabernetan Txindokiren argazkiak izan dezakeena baino lotura estuagoa al dute literaturarekin? Ibizara oporretan doazen irlandarrek besapean Ulysses, Godoten esperoan eta Dorian Grayren erretratua daramatzatela pentsatu behar ote dugu?

Idazleen argazkiak hauteskunde karteletan, argitaletxeen poltsetan, egutegietan ikusten ditugu azkenaldian, eta orain, baita liburuen azaletan ere. Haien testuen gaineko irakurketa arrazoiturik, nekez topatuko dugu, ordea. Eta Ugresicen galdera etortzen zaizu orduan gogora: zer zerikusi du horrek literaturarekin?

Zer nahi duzue esatea, argazkietan ikusteko, nik neuk nahiago modeloak, edo futbolistak.

Hondartzako tragediak.

Gorrotagarriak dira konparazioak, ados. Baina egin dezagun demagogia pixka bat. Hona hemen bi testu. Lehena, Pako Aristirena, Gauza txikien liburuan jasoa:

 

Hondartzan geunden maisua eta biok, itsasoari begira.
Ez zen ezer gertatzen.
Nire burutazioak balekizki bezala, esan zidan:
-Begira ezazu ondo, hondartza honetan zerbait gertatzen da!
-Zer, maisu?
-Tragedia bat!
Begiratu nuen ondo:
Arrantzale batzuk txalupak arrantzarako prestatzen ari ziren kaioz inguraturik.
Ume batzuk jolasean zebiltzan.
Agure bat edo beste haitzetan eserita zegoen.
Palmondoak haizeari ostartean eutsi nahian.
Ezin nuen tragediarik antzeman inon. Maisuak lagundu zidan:
-Begira ume horiei! Euren arteko bat ez dute besteek maite!
Orduan ume bat aldendu zen taldetik.
Besteek oihu egiten ziotela ikusi nuen.
Eta neure matrailean sentitu nuen jaurti zioten harriaren kolpea.

 

Eta hemen bigarrena. Urtebete lehenago argitaratutako Itoko dira berriak narrazioan, Karlos Linazasorok ere hondartzako tragedia bat hartu zuen gai eta ardatz: itsasoan itotzen ari da norbait eta inor ez doakio laguntzera. Pako Aristirenean bezala, lehen pertsonan idazten du hondartzan dagoen narratzaileak (Linazasororen alter egoak):

 

Nik, berriz, nahiago izan nuen hondartzara joan. Hamaka eta nire lagun min Igerabideren aforismo liburu berria hartu, eta eseri egin nintzen, orrialde haietan aurkituko nituen hausnarketa ezin zorrotzagoekin gozatzeko asmotan. (…) Ez nuen, nolanahi ere,nire buruhauste poetikoetan sakontzeko astirik izan: beste garrasi latz batek hamakatik jaikiarazi ninduen. Igerabideren liburua hondar zuri belztua musukatzen utzi, eta itsasertzerantz hurbildu nintzen. Ez nengoen ziur, baina norbait ari zela laguntza-eske iruditu zitzaidan. Laster bildu ginen bertan hamabost edo hogei bat pertsona, denak, ni izan ezik, goiz-ibiltariak. Lehen uneak nahasiak eta kezkagarriak izan ziren; inork ez zekien zuhurtasunez zer gertatzen ari zen, garrasi desesperatu haiek entzun uste izan bagenituen ere guztiok. Lehen begiratuan, ordea, ez zen uretan inor ageri; inork ez zuen itsasoan bainuzalerik ikusten. Gizon lerden batek esan zuen orduan:
-Gustu txarreko txantxa bat, dudarik gabe.
-Horixe, bai. Bizitzarekin ez da jolasten.
-Ez eta espainiarron borondate onarekin ere.
Arduragabe, erantzun nion:
-Ni euskalduna naiz, andrea.
Baieztapen hark polemikarako bidea irekitzen zuen, eta herren zital batek ez zuen aukera galdu:
-Zu euskalduna izango zara gazte, baina hau Espainia da. Eta, izan ere, zer iritzi duzu zuk nazionalismo baztertzaileaz, integrismo mozorrotuaz, herrien autodeterminazio eskubideaz, federalismoaz, kapitalismo basatiaz eta diru bakarraz?
Erantzun eruditoa ematera nindoakion, beste orro ikaragarri batek izuz bete gintuenean.

 

Aurreraxeago, pertsonaia horien solidaritateaz honela mintzo da narratzailea: "Ez nuke luzatu nahi han aipatu ziren xehetasun solidario guztiekin, ez baititut gainera guztiak gogoan (…); nolanahi ere, akordatzen naiz taldeko surrealistak esan zuela Toreatzaile bat, Adarkada bat elkarte antitaurino bortitzeko partaide zela; beste norbaitek adierazi zuen herri indigenen eta koralezko arrezifeen alde borrokatzen zela; Utzi armak txokuan eta ibili munduan elkartea ere aipatua izan zen, eta agure sinpatiko batek, Manuelek, Falangekoa zela esan zuen."

Eman dezagun argitaratutako urtearen arabera, kronologikoki irakurtzen ditugula. Lehenbizi Itoko dira berriak eta ondoren Gauza txikien liburuko pasarte hori. Ez da tragedia bera, ados, baina gaia uste dut ez dela oso bestelakoa: sufritzen duenaren aurrean jendeak, eta batez ere, idazleak, trasuntu baten bidez, hartzen duen jarrera. Azpimarratzekoa iruditzen zait bi pasarteak ere lehen pertsonan idatziak izatea. Pako Aristiren ni poetikoak (Juanjo Olasagarreren maneran esateko) badu sentsibilitate berezia, agian idazle izateak emandakoa, besteen sufrimendua bere azalean sentitzeko. Kung Fu telesaileko maisu itsuak Kwai Chang Caine-ri emandako ikasgai haietako baten traza hartzen dio batek hondartzako eszenari; edo, modernoago esanda, Kim Ki-Duk korearraren Bom yeoreum gaeul gyeowool geurigo bom filmeko eszena batena, non maisuak ikasle gazteari sufriarazten dizkion umeak animaliei egindako txarkeriak. Aristiren niak lezioa ikasten du: gai da besteren mina bere azalean sufritzeko.Idazlea da, eta idazlea izateak besteoi baino sentsibilitate handiagoa ematen dio egileari.

Linazasororen alter egoak eta nobelako pertsonaiek, berriz, hemengo edo hango GKE bateko bazkide izatearekin betea dute beren solidaritate kuota. Bestearen sufrimendua gauza exotikoa, ia espektakulua, dibertsioa bihurtu da beraientzat.

Onartzen dut, eta berriz diot, konparaketak gorrotagarriak dira. Baina galderak datozkit berriz ere gogora, bi testuak bata bestearen atzetik irakurrita: idazlearen figura parodiatua, erridikulizatua izan denean, posible da hori egin ez balitz bezala jokatu eta idazlearen figura maila horretan goraipatzea? Ez naiz ironia eta autoironiaren demokratizazioa, generalizazioa eskatzen ari, besteak beste, hori egiteko gaitasuna behar duelako idazleak, eta literatura homogeneizatzea ekarriko lukeelako, gainera, aniztasunaren kaltetan. Baina, jakina da edozein testu tradizio batean kokatzen dela; oinarrizko mailan, idatzita dagoen hizkuntzaren tradizioan. Askotan esan izan den bezala, testu orok tradizioa jarraitzen, aldatzen, berrirakurtzen, apurtzen edo iraultzen du. Alabaina, arazoa, tradizio hori egongo ez balitz bezala jokatzean egon ohi da maiz. Eta, goian aipaturiko bi testu atalei erreparatuta, inpresio hori du batek. Idazlearen sentsibilitate berezia, gizartetik kanpo eta gorago egoteko gaitasuna (hain erromantikoa) inoiz gainditu, parodiatu, erridikulizatu ez balitz bezala jokatzen duela Aristiren testuak, eta galdera berriz darabilt buruan: funtziona dezake testu horrek, izan daiteke sinesgarria gisa horretako testu bat, demagun, Linazasororen testu hori (testu garaikide askotarik bat hautatzearren) irakurria duen norbaiten begietara?

Nekea eta itzulera.

Joan den udan mintzatu zen Bernardo Atxaga Trikuarena poema musikatu ezagunaren sortze prozesuaz, eta oroitarazi zigun nola boskimanoen liburu batean aurkitu zuen poema osatzeko bidea. Abangoardiak eta esperimentazioak sortutako nekeari emandako nolabaiteko erantzuna izan bide zen beraz primitibismora itzultzea (hala irakatsi ziguten unibertsitatean ere), beste zenbaitek literatura klasikora jotzea hautatu zuten bezala. Nekatu gara esperimentazioaz, surrealismoaz, futurismoaz eta ismo guztiez. Konta ditzagun gauzak inork orain arte kontatu izan ez balitu bezala. Edo horrelako zerbait.

Bestalde, Libreta horiko poemak liburuari idatzi nion kritikan, ausarkeriaz, Lars Von Trierren Idioterne filmarekin alderatzen nuen nolabait, oso nolabait, Aristiren liburua, esanaz, Dogmako zuzendariek zineman egin bezala, gehiegizko artifizioari eta sofistikazioari emandako erantzuna izan zela liburu hura. “Artifizioak, apaindurak eta dekoratu faltsuak ezabatzeko nahi batetik sortua” zela. Libreta horiko poemak lanaren baliorik behinena horixe zelakoan nengoen eta nago, alegia, poesia dibinizatzeko izan den joerari ematen zitzaion erantzuna zela Aristirena. Egungo poesiaz idazten diren klixeetan erabilienetakoa berritzen nuen nik ere, esanaz hitzek gainean duten zama astintzen zuela Aristik, eta gauzei lehen aldiz bezala begiratzeko proposamena zekarrela.

Baina atzeranzko itzulera honek badu arriskurik, irakurle honen iritzian. Ingenuitate moduko bat da aldarrikatzen dena, inozentzia bat, mundua umearen begietatik ikusteko jarrera, eta hortik ondorioztatzen den estiloa naïf izatetik hurbil dago maiz. Baina naif-a eta kurtsia, naif-a eta kitsch-a ez dakit ez ote dauden agian uste baino hurbilago elkarrengandik. Esan nahi baita, sinpletasun ia naif horrek erraz egin dezakeela laprast kurtsikeriaren aldera. Hari finaren gainean dabil bide horretatik abiatzen den idazlea, erortzeko arriskuarekin. Idazkera horretan maisu da Atxaga, oreka horri eusten (demagun, Soinujolearen semeako hastapeneko maitasun harremana kontatzerakoan), kurtsia izan gabe ingenuoa eta naif-a izaten, baina gutxi dira hari horren gaineko orekari eusten diotenak, eta gehiago sinpletasun nahian kurtsikerian erortzen direnak. Doitasun erabatekoa eskatzen du bide horrek, behean sarerik gabe orekari eustea hari fin baten gainean, eta hori, ez da erraza lortzen.

Badatorkit burura, hala ere, bestelako kezkarik sinpletasunera jotzeko bide horren inguruan. Izan ere, ez ote da maiz exijentzia apaltzea bilatzen sinpletasuna aldarrikatze horrekin? Santos Alonso kritikariak, Espainiako azkenaldiko nobelagileez ari dela, zera dio: “Azkar idatzi dute azkar saltzeko, eta sintaxi zorabiagarria erakutsi dute irrikaz irakurriak (irentsiak) izateko. Hainbeste kontzeptu aldatu dira azken urteetako narratiban, non zenbait kritikari nobela bat, zentzu gutxiesgarrian oso literariotzat jotzera heldu diren, soil-soilik egunean ez egoteagatik, gure garaiek exijitzen duten arintasun narratiboari ez erantzuteagatik eta gozamenez idazketaren plazer estetikoa eragiten laketzeagatik.” Finean, sinpletasunera itzultzea, estilo soila, bakuna bilatzea izan daiteke koartada bat irakurleari exijentzia oro ezabatzeko, kontsumo azkarrerako literatura egiteko. Aho biko labana zorrotza da estiloaren sinpletasunarena.

Literatura, morala eta moralismoa.

Baina nekea eta hastioa ez da soilik estetikei, esperimentalismoei buruzkoa. Edukiari ere badagokio neke bat, eta ez dakit batak bestea ekarri duen ala besteak bata, baina zenbaitetan bereiztezin dirudite, lotuta doaz bata eta bestea, nik uste. Tabua zena, esanezina esatea hartu du helburu literatura batek inguruotan (gurean baino gehiago auzokoetan, egia esatera), imajinaezina zatekeena idaztea, immoraltzat duguna paperean jartzera, eta horrekin irakurlea asaldatzera. Rikardo Arregik inoizkari honetan argitara emandako Dennis Cooper-en poema eta zer esanik ez haren nobelak) datorkit gogora. Alabaina, tabuetan eta esanezina den horretan mugitzen den literaturak jaso du kritikarik azkenaldian. Eta ez dakit kasualitatea den ala ez, Jugoslavia ohiko idazle banarenak dira ondorengo bi iritziok. Lehena, Ugresic kroaziarrarena:

 

Bizi ditugun garaiotan, Sadeko Markes ospetsuak umeentzako idazlea dirudi. Eta milaka neskatila nepaldar, beren gurasoek irrati baten prezioan salduta, hiesak jota hiltzen diren bitartean, birusak kutsatutako gizonek uste dutelako birjin batekin kontaktu sexuala izateak gaitzetik sendatuko dituela, idazle garaikideek burmuinak xehatzen dituzte haur abusuari buruzko maisulanak asmatzen.

 

Urrunago joanaz, Dzevad Karahasan bosniarrak bere herrialdearen egoeraren erantzule egiten du literatura mota bat, berak "l'art pour l'art" bezala definitzen duena. Literatura honek ez du betebehar moralik ez etikorik, erabat aske jokatzen du, loturarik gabe, eta horrek ondorioak dakartza errealitatera. Karahasanek dio lehenbizi mundua idatzi egin zela, ondoren ahoskatu eta azkenik errealitatean gauzatu. Horregatik egiten du literatura errealitatean gertatzen denaren errudun. “Nola izan liteke literatura hau ni herrialde suntsitu batetik natorrelako errudun? Zeharka da errudun; errudun da zeren, bere ofizioaren lege oinarrizkoetatik aldenduz, ahal izan duen neurrian eragin du indiferentzia orokorra heda zedin mundu indiferente batean.” Betebehar moraletatik aske, Karahasanek kritikatzen duen literatura horrek indiferentzia hedatzen lagundu bide du. Generación quemada (Siruela 2005), ipuingile estatubatuar gazteen antologia, horren adibide aski argia izan liteke. Hala dio Zadie Smithek liburu horren epilogoan: “Beste garai batean edozein idazlek Virgilioren lorategira itzultzearekin amets egiten zuen bitartean, orain soilik esaldi hunkigarri bat idatzi nahi dute, egundo erabili gabea humidifikadoreak, pepsicolak eta supositorioak saltzeko.” Karahasanek espresuki arbuiatzen zuenaren adibideak nonahi daude antologia horretan, eta hala gehitzen du Smithek: “Antologia honen zati handi batek, bestalde, maite du estrabagantzia abstraktua, metaforaren atzetik ibiltze goxoa, are pertsekuzio itsua, harik eta metafora bera gaia bihurtzen den arte.” Autentizitatearen galera eta heriotzari beldurra, bi gai horiek aipatzen ditu epilogoan egileak, idazle estatubatuar berrienen obsesio bezala.

Eta euskal literaturari dagokionez, zer? Berandu atera zen sotanapetik euskal literatura, ez dira hainbeste urte ere. Eta ez dakit aski izan den denbora hori esperimentazioarekin bezala literaturaren moral gabeziaz nekatzeko, zalantza sortzen zait. Generación quemada irakurtzean, aitor dezadan, inbidia sentitu nuen, halakorik euskaraz oraindik irakurtzerik ez dagoelako. Hala ere, egia da joera literarioez gain, kontuan izan behar dela joera horiek sortzen diren lekua, eta Euskal Herrira oraindik ez dela heldu, ez erabat, antologia horrek erakusten duen gizarte eredua. Alabaina, euskal literaturan oraindik ere, nire begietara behintzat, ia birjina den esparru bezala ikusten nuen transgresio moralarena, esanezina dena esatearena, tabua apurtzearena. Aitzitik, azkenaldiko euskal literaturako zenbait lan irakurriz, badirudi aro hori iragana eta gainditua balego bezala jokatzen dela. Baina galderak, berriz ere galderak: posible al da iragan ez den zerbaiten revival-a egitea? Posible al da post-punka inoiz punk-a existitu ez bada?

Agian kontua da, errealismorik ia gabe euskal literaturak existentzialismora edo nobela esperimentalera jauzi egin zuen gisa berean, tabuak inoiz erabat apurtu gabe egin duela atzera, literatura moralarekin atzera estuki lotzera; hiritartasuna erabat ezagutu gabe egin duela jauzi atzera baserri girora. Agian kontua da, Angel Errok aldizkari honetan azaldu bezala, sinkronikoki bat egiten duela orain euskal literaturak atzerriko joerekin, eta urbanitateaz nekatuta dagoen gizartearen joerak ari garela imitatzen, inoiz urbanitak izan gabe. Agian oker nago, baina euskal literaturan, humidifikadoreak eta pepsicolak baino Virgilio gehiago irakurtzen du batek, eta Gauza txikien liburua da horren lekuko. Antzinatiko joera da presentea kritikatzeko iraganera jo eta harekin alderatzea, iragana arkadia bukoliko bezala irudikatzea, eta egungo gizartea degeneratu den eredu idiliko baten ondorio dela pentsatzea (hala zioen Rousseau antiurbanitak bere bigarren diskurtsoan). Aristiren poema honek ongi irudikatzen du esandakoa:

 

Garai batean
Pertsonak euren iritziengatik
Epaitzen genituen;
Gaur, pertsonak,
Telebista-kate guztiak
Aztertu ondoren
Aukeratzen duten programaren
Arabera bereizten dira.

 

Eta atzera eginaz, iragana eredutzat hartuz, baserri eremuko gizartea eta haren balioak hartzen dira eredutzat. Hala, emakumeari zilegi zaion espazio bakarra etxeko sukaldea den gizartea, edo homosexuala izendatzeko “marikoi” hitza besterik ezagutzen ez duena da Aristik eredutzat hartzen duena. Eta bururatzen zaio bati soilik gizon gazte heterosexual eta zuriak har dezakeela halako gizartea eredutzat, bere moduko gizon heterosexual zuriak zentralitatearen eta boterearen monopolioa zuen gizartea. Ez da, nolanahi ere, Aristi bakarra iraganera miraz begiratzen duena euskal literaturan. Nago ez ote den orokortzen (edo gutxienik hedatzen) ari iragana orainaren aurrean goresteko joera hori euskal literaturan, eta zer esanik ez euskarazko zutabegintzan (Kirmen Uriberen zenbait zutabe, edo Pablo Sastrek Berrian udan idatzitakoak ditut buruan).

Hona helduta, zalantza batek inarrosten nau behin eta berriz. Idazle batek esan zidan behin geroztik buruan dabilkidan ideia bat: kritikoak ez lituzkeela literatur lanaren asmoak eta edukia epaitu behar, ez dagokiola kritikoari halakorik egitea. Berak epaitu dezakeen bakarra zera omen da: idazleak esan nahi duena esateko zein bide erabiltzen dituen, eta bide horiek zuzen erabili ote dituen adierazi nahi zuena adierazteko. Sinplea dirudien baieztapenak ez du batere sinpletasunik buelta pare bat emanez gero, besteak beste, maiz, edukia eta edukia adierazteko bideak bateratsu doazelako, biak ez bereizteraino, eta ustez eta bide horiek epaitzen dituzula edukia epaitzen duzu maiz. Baina guztiz da arbuiagarria edukiari buruzko kritika? Kritika ideologikoaren uretan geundeke honezkero?

Literatura eta komunikazioa

Libreta horiko poemak liburuari Berria egunkarian idatzi nion kritika amaitzen nuen esanaz irakurlearen konplizitatea lortzen zuela hasieratik liburuak, “Poesia, ezer izango bada, komunikazio ekintza dela sinesten duen idazlearen lana baita Libreta horiko poemak.” Amaiera ponpoxoa ematen nion hala kritikari, baina, gerora, buruan izan dut behin baino gehiagotan esaldia eta ideia.

Literatura zer den galdetuko balidate, mutu geratuko nintzateke, ziurrenik. Baina zerbait esatekotan, seguruenera “komunikazioa” hitza aterako litzaidake, hasieran ez bada beranduxeago. Literaturak badu zerikusirik komunikazioarekin, komunikatu nahiarekin. Baina, bestela ere ikusi daitezke gauzak, eta ondoko galdera formulatu: irakurlearekin komunikatzea lortzen duen testu bat literatura al da? Aski al da testuak zerbait komunikatzea literatura izan dadin?

Libreta horiko poemak lanean bezala Gauza txikien liburua bilduman ere komunikazio zuzena bilatu nahiak gidatzen du idazlea. Eta esango nuke, azkenaldiko literaturan irakurlearekin zuzenean komunikatzeko joera bilatzen dela; ia etsi-etsian bilatzen dela irakurlea, eta harekin komunikatzea. Jendaurreko errezital eta irakurraldiak lirateke horren lekuko. Baina, komunikatu behar horretan, irakurlea bereganatu behar horretan, nago ez ote den literaturaren pedagogizazioa muturrera eramaten ari, eta poesiaz ari naiz orain, batik bat. Egia da orain zenbait urtetako poesiaren izaera hermetikoak, batzuetan autorreferentzialak urrundu egin zuela irakurlea poesiatik, literaturatik, eta, besteak beste, Iban Zalduak Obabatiko tranbian zioen bezala, 90eko hamarkadatik aurrera, hedatzen joan dela poesia narratiboago, eskuragarriagoa, poesiazale amorratu ez garenon pozerako. Alabaina, susmoa dut beste muturrera ez ote garen joaten ari, poesia eta literatura komunikazio ekintza bezala ikusi beharrak ez ote duen ekarri, zenbaitetan, irakurlea idazlea baino ezjakinagotzat, ia ergeltzat hartzea. Galdera darabilt buruan: zein da literatura pedagogizatzearen prezioa? Maider Ziaurriz kritikariak Aristiren Note book azken liburuaz zioen “literatura gero eta ezkutuago eta mailua ageriago dagoela.” Literatura bera ote da komunikazioaren mesedetan ordaindu beharreko prezioa, sakrifikatu beharreko piztia?

etiketak: Kritikak
pako aristi
pako aristi dio:
2005/11/23 19:57

Kaixo Ibon: Oso polita eta interesgarria zure iritzi luze hori, gauza asko ukitzen dituzu, baina nahiko modu arinean, azalean, eta askotan interpretazio okerra emanez, zeure aurreiritzietzara moldatuz edo, azaleko nire argazkiaren kasuan, esate baterako, nire aurkezpen eguneko argibideak mutilatuz, nik hara eraman nituen argazkidun liburuen aipamenak eta kenduz. Piska bat harritu egiten naiz: justu zuk diozunaren kontrakoagatik egin nuen zerbait beharbada ez nuelako jakin ondo esplikatzen, nire akatsa izango da; ez nuke pentsatu nahi purismo berri batekin datozenen itsutasunak ilundu zaituenik.

Hondartzako istoriarekin ere harritu naiz, batez ere erabili duzun adibideagatik, Karlos Linazasororen ipuin hori. Urrunago joanez, esan zenezakeen ipuin hori Slawomir Mrozek idazle poloniarrak aspaldi idatzi zuen beste baten igoal igoala dela. ŽNarrativa del acantiladoŽ argitaletxe edo bilduman argitaratua, liburuaren izenburua ez dut gogoan literatur tailerren batean oparitu egin nuelako, baina liburudendetan aurki daiteke. Bertan, boy scout talde baten ibilerak kontatzen dira. Haietako bat itotzen hasten da ibaian, eta beste guztiak hura nola aterako eztabaidatzen, azkenean tipoa itotzen den arte. Linazasorok agian ez zuen irakurriko poloniarraren aurrekaria, horrek ez du garrantzirik. Esan nahi dut zuk deskubrimendu moduan jartzen duzun idazkera hori.. ba aspaldikoa dela, eta agian ez duela balio zerbait erabakigarria idatzeko. Ez dut uste garrantzitsua denik zerbaiten ondoren beste zerbait idatzi litekeen edo ez; idazkera eta ikuspuntu guztiak bueltaka dabiltza, elkarrekin bizi dira, literaturaren historia ez da lineala, zirkularra baizik. Eta hori urte batzuk kunplitzen dituzunean baieztatuko duzu zeuk ere.

Dena den, gai interesgarri askori buruzko pintzelkadatxoak daude zure testuan; lastima gure eguneko bizitza presatiak denborarik ez eskaintzea horiek aztertzeko.

Besarkada bat, kritiko agurgarri hori...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44