Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Irakurri gabeko liburu baten lehenengo kritika

Irakurri gabeko liburu baten lehenengo kritika

Iban Zaldua 2005/07/13 11:30

Iruzkin honekin hasiera emango diogu "Irakurri gabeko liburuen kritikak" sailari. Inoizkariaren aurkezpenean azaldu genuen bezala, eta jakina denez, ez dago zertan liburu bat irakurri behar haren kritika aberasgarria idazteko. Ez da hau, beraz, euskal literaturaren munduan hori egiten den aurreneko aldia; bai ziurrenik, ordea, hori egingo dela aldez aurretik aitortuko den lehenengoa.

Beraz, argi utzi nahi dugu (eta horrek balioko du hala lehenengo ahalegin honetarako nola hurrengoetarako) "irakurri gabeko liburuaren kritikaren" perpetratzaileak ez duela kritikatuko duen liburuaren lerro bat bera ere irakurri, ezta sikiera orriztatu ere; hala eta guztiz ere, iruzkina burutzeko liburu jakin horren inguruko mota guztietako material guztiak erabili ahal izango ditu, esaterako aurkezpenaren egunean esandakoak, egileari egindako elkarrizketak, liburuaren kontrazal edo solapetako azalpen-testuak eta, noski, hortik zehar argitaraturiko gainontzeko kritikak. Eta abar. Irakurri gabe iruzkinduko dugun lehenengo liburua Griot izango da, Jon Arretxerena. Tropiko tristeak
(Á la manière de F. Juaristi)

Jon Arretxe
Griot
Donostia, Elkar, 2004.

Bidaia, edozein bidaia, itzulera da; horrek ez du esan nahi itzulera guztiak bidaia direnik. Badira etxerik gabeko itzulerak, benetako bidaiariek maiz egiten dutena; eta badira halabeharrez etxeko zokorik ezkutueneraino iritsi behar duten itzulerak: barne-erbesteak, alegia. Itzulera erbeste ere bada, neurri batean.

Liburu honen egilea Afrikara joan da, Afrikaren bihotzera, eta Afrikatik itzuli da. Berehala etorri zitzaizkidan burura Lévi-Straussen Tristes tropiques haiek, eta Rimbauden patua, noski. Rimbaud, poesiaz ahazteko Afrikarako bidea hartu zuena, eta poesia betiko galdu zuena: idazteari utzi baitzion Rimbaudek.

Jon Arretxek ez du halakorik egin, eta Afrikatik itzuli ez ezik, bere lana argitara eman du. Nik, egia esan, gustura irakurri dut liburua. Areago esango nuke, lau orduko bidaia batean hasi eta bukatu nuen liburua, trenaren kulunkak ez baitzidan behin ere irakurketa eragotzi. Trena gelditzen zenean burua jaso, eta Burkina Fasoko geltoki kolonial edo postkolonial bateko jendea eta giroa ez ikusteak harritzen ninduen. Gure europar errealitate grisa aurkitzeak harritu egiten ninduen bezainbeste, gutxienez.

Benetako protagonistak, liburu honetan, ez dira egilea eta haren bizikleta, bidean –itzulera etengabe horretan– aurkitzen dituen afrikarrak baizik. Eta kontatzea asko da afrikarrentzat, dena ez bada behintzat; garrantzia handiko zerbait gutxienez bai. Halakoxeak dira afrikarrak, literatura idatzira duela ez hainbeste heldu baitira; izan ere, afrikarren literatur tradizioaren ardatzak ahozkoa izaten jarraitzen du: liburuaren izenburua da horren lekuko.

Eta agian arrazoia zeukan Sokratesek, idatzizko hitzarekiko mesfidantza muturreraino eraman zuenak. Gutxiago idatzi beharko genuke. Edo bat ere ez. Azken batean, ez du ezertarako balio idazteak, are gutxiago gure Euskal Herri gris honetan. Afrikara itzuli beharko ginateke maizago. Eta han geratu, isilik, Rimbaudek egin bezala.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44