Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Manifestua

Manifestua

Volgako Batelariak 2005/03/29 00:01
Volgako ur hotzetara egin dugu batela bost lagunok, zenakulo batean hala erabakita. Ez gaude hemen kirolez (hau ez dugu decathoneko kanoarik): norabide gutxi gorabehera jakina dugu eta horra jarri ditugu giharrak eta gogoa. Haizeak aurpegiak freskatzen dizkigu... Aski da! Ezin da bizi herri batean non argudioak erabili beharrean poesia erabiltzen baita, Gil de Biedmak esana. Aldizkari digital hau sareratzea erabaki dugu bost lagunok (baina ez Enid Blyton-enak), zenakulo batean hala erabakita, potrotan jartzen zaigulako (bostok gara gizon) literaturaz jardutea, dibertitu nahi dugulako literaturaz jardunez. Gure gustuak eta gure gaitziritziak plazaratzea otu zaigu, ahalik eta zintzotasun handienaz, hori gaur egun garraztasuntzat hartua badateke ere. Zeren gaude garai belaxkak bizi gaituela. Gure gizartea umetzen ari da, eta literatura, noski, harekin batera.

 

Primitiboak izate ongi-egile bezala akitu zitzaigun europarroi Amerikaren ezagutzarekin batera: egiaztatu zutenez basati horiek ez ziren berez onak. Gure iruditerian Pazifikoko biztanleek ordezkatu zuten benefikotasun postua, duela gutxi arte iraun duen imajina. Baina honek ere azken batean ez du balio, eta ideia hau hiru arlotara igaro da egunotan. Herrikoi denera, emakumeengana eta haurrengana. Hala uste du Georges Boas-ek bere The cult of Childhood saiakeran. Haurtzaroaren gurtzea ez da kontu naturala, garapen kultural bat baizik, gure garaian eztanda egin duena, "cuteness" delakoaren diktadurarekin.

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... Horiek guztiak gaitzesten ditugu eta hemen beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara.

Baina ez pentsa hargatik ezkorrak garenik. Bagaude gauza zenbaiten alde. Hala nola, etorkizuna, konpromisoa (pixka bat kontra ere bagaude), epigonoak, boloak (gure web orrialdearen finantziazioa eskuratzeko egin beharko ditugunak), jatetxe japoniarrak. Eta Luis Mari Mujika, Urretabizkaia, Irigoien eta Peillen (eta Davant, biak bera ez badira) kanonean sartzea Hasier Etxeberriaren bost horien ordez, eta, bide batez, baita gu bostok ere, zergatik ez. Eta, miss unibertsoek bezala, bake mundialaren alde ere. Bego.

Boga-boga, batelari. .
.
.
Koadroa Ilya Efimovitx Repin margolari errusiarrarena da (1844-1930), eta haren izenburua, jakina, "Volgako batelariak" da.

Batrice Urruspil
Batrice Urruspil dio:
2005/05/02 23:01

Beste bat...

Duela gutxi (hilabete batzuk) mintzaldi bat egin zenuten Baionako fakultatean. Erran behar dizuet jakintsuendako elkarrizketa sutsu hori ondoren, lo oso gaizki egin nuela. Izugarrizko buruko minarekin esnatu nintzen eta doliprana hartu ordez katuaren antisorgailua irentsi nuen. jakin ezazue pilula horrek ez zuela ezer onik sortu nire baitan.Kutxa debekaturantz lasterka abiatu nintzen eta beste milaka artean ezagutzeko gai nintzen bideokaseta madarikatu hori hartu nuen,erdi erotuta. (SANS TITRE) Béatrice Urruspil Ecole des Beaux Arts de Bordeaux.

Hitz horiek pantailan agertu zirenean, dardarka hasi nintzen, beldur eta kexu. SANS TITRE. Zergatik ez nintzen sekulan gai izan nire lanei izenburu bat emateko? Beti hor ziren, bai, mamu bat zerudien botoi erraldoia, arrosa beltzekin gonazpikoa,josteko makinaren orratz zorrotza eta amaren esku gastatuak, etengabe lanean...Baita ez dakit nondik ateratzen zitzaizkidan hitz misteriotsu horiek ere. Beste emakume batek xuxurlatzen zituen istorioak... Horra, nire maisulan aspergarria. Bi urte, hamar minutuko bideo bat.

Eta gero zer? Idazteko izugarrizko gogoa. Baita beldur galanta bat ere. Amonaren tisanen errezetak berriz atera beharko ditut kutsatik. Milazuloarena,elorri txuriarena...

Beste maisulan bat... Biba zuek!

Béatrice Urruspil.

Patxi
Patxi dio:
2005/03/26 03:34

Ba honuzkaldean ere, batzuk hasi gera dibertitzen. Gehienbat, jakinmina jarri zaidalako, aipatzen dituzuen talde hoietako zenbatetan ote nagoen. Hainbeste dira, izan ere... Bakarren batean egon behar dedala, derrigor.

Polita izango da, tokatzen bada, norberaren burua hoietako batean antzematea. Ikasteko gaude.

Haur eta emakume -batez ere emakume- zale baten muxu moñoño bat hartuizue, ongietorri modura.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44