Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

.eus domeinua

Eneko Astigarraga 2009/02/01 23:57
.eus domeinua lortzeko lanean diharduen PuntuEus Elkartea aurkeztu da.

Joan zen ostegunean aurkeztu zen publikoki duela hilabete batzuk .eus domeinua lortzeko lanean diharduen PuntuEus Elkartea . Goizean Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan eta arratsaldez Durangoko Plateruenan. Azpiko argazki kaskar hau han ateratakoa da, ekitaldiko eszenategian ekimenaren logoarekin zegoen kartela.

Puntueus
Puntueus aurkezpena Plateruenean, eszenatokia.


Euskara eta euskal kultura Interneten; horixe da elkartearen aldarria. Euskarak eta euskal kulturak erronka berri bat dute: Interneten bere izen propioa sortzea. Interneten, izena eta izana elkarrekin baitoaz.

Bide luzea izango dela sumatzen dut, horregatik ekimenarekin bat egitea nahi baduzu, atxikimenduak jasotzen ari dira.

Basque Bloggers Exhibition Centre

Eneko Astigarraga 2008/07/24 01:10

Ostiralean, 25ean,  blogari euskaldunen mahaingurua izango da arratsaldeko zazpiretan Barakaldoko Euskal Encounter delakoaren barnean.

Justu gaur oporrak hartu, motxila bizkarrean jarri eta bihar goizean goizetik "La senda de Camille" sei eguneko mendi ibilaldia egiteko asmoa dut, beraz ezingo dut Barakaldon egon, pena.

Baina besteak beste Teketenek eta Haritz-ek proposatuari jarraituz seguru zer esana egongo dela  "Euskararen ikusgaitasuna mundu globalizatuan" gaiari buruzko eztabaidan. Blogetan jarraituko dut hau eta bueltarako gogo eta indarrik geratzen bazait, Camillerena kontatuko dut hemen.

Zerbitzu sozialen eszenategiak

Eneko Astigarraga 2008/07/03 23:58

Bartzelonako diputazioarentzat ematen ari garen Udako Ikastaroar hortik doa: "Diseño de escenarios de futuro, en los servicios sociales municipales", Diputacio de Barcelonak urtero antolatzen duen Escola d'Estiu de Serveis Socials delakoaren barnean.

Aste osoko ikastaroa denez, lankide ohi batekin, Ibon Zugastirekin,  erdibana ematen dihardut. Esperientzia polita, talde gogotsu eta majoa egokitu da, jendea interesatua dirudi, eta bihar azken eguna denez, zerbait praktikoa egin nahi dugu: zerbitzu publikoen etorkizunari buruzko prospektiba tailerra. Ea zer ematen duen, edo ea zer ematen dugun.

Bitartean Behobia - San Sebastian, prestatzeko running pixak egin dut Barcelona hirian , baina bero larregi egiten du hemen. Harrituta zenbat bizikleta ikusten den Bartzelonan, proportzioan ia Zarautzen beste.

Lurralde prospektiba Bilbon

Eneko Astigarraga 2008/07/01 01:33

Deustuko Unibertsitateak , Bilbao Metropoli 30  elkarteak eta Monterrey-ko Teknologikoak antolatu duten Hirien plangintza estrategikoari buruzko ikastaroaren barnean, hitzaldia eman behar nuen gaur goizean.

 

Bitxia Bilbon izandako hitzaldi batean entzuleen artean gehiengoa mexikarrak izatea, 45 lagun inguru, gero italiarrak, 15-20 edo, eta azkenik euskaldunak 8-10 bat lagun. Globalizazioa, seguruenez.

Hitzaldia, duela hilebete batzuk Bartzelonan eman nuenaren antzekoa: Herramientas de la Prospectiva Territorial .

 

 

 

Etorkizuneko Telebista

Eneko Astigarraga 2008/06/30 00:00

Ostirala gauean gaiari buruz hitz egiten jardun genuen lagunen artean: gero eta gehiago jotzen dugu bideo edo telebista saioen bila Internetera.

Eta larunbatean, E. Dans-ek YouTube y la televisión del futuro artikulu interesgarrian The YouTube Screening Room, aipatu zuen. Hasiera da, baina seguruenez munduan hedatuena, globalena den telebista katea Youtube da . Ez da bakarra, DailyMotion, Viddler, Yahoo Videos, Metacafe, Google Videos, EuskalTube, ... eta beste plataforma batzuk daude, baina funtsean telebista eredua aldatzen doa, eta beharbada zailago bazirudien ere irratiarena baino gehiago aldatuko da.

 

 

Zibilizazio Digitalak: 4 eszenategi 2030 urteari begira

Eneko Astigarraga 2008/06/17 23:52

 

SPRI-k antolatuta Cinum ekimenak, Zibilizazio Digitalen Foroa-k, bultzatu duen hausnarketa prospektiboaren emaitzak aurkeztu dira  gaur Bilboko Guggenheim Museoan.

Zibilizazio digitalaren etorkizunari buruzko lau eszenategi aurkeztu ditu lanaren arduraduna eta programaren disenatzailea izan den Daniel Kaplan-ek.

Lau eszenategiak honako hauek dira:

 

eta eszenategiak zazpi erronka eta ekintza planak definitzeko erabili dira:

1. Hezkuntza: nabarmen igo jakintzaren maila globala, jakintza hori eraikitzeko, transmititzeko era ebaluatzeko modua aldatuz

2. Ingurumena: "Aztarna ekologikoa" eguneroko neurri bilakatzea (pertsonala edo partekatua)

3. Berrikuntza: Gorputza eta zentzuak berriro murgildu elkarrekintza digital batean

4. Zientziak: Gizakiaren "hobekuntzari" buruzko etika bat definitzea

5. Gobernantza: Mundu konplexu bat gobernatzeko argibideak eta sareak

6. Demokrazia: Eskura dagoen espazioa kontrabotere digitaletara zabaldu

7. Seguratasuna: Estatu-nazioak, enpresak, GKEak eta hiritarrak inplikaraziko dituen hitzartutako "Kontigentzia plan" bat prestatu behar da.

Testu osoak www.cinum.org webgunean aurkitu daitezke.

Ez dago prospektibari buruzko literatura asko euskaraz, beraz interesgarria euskarazko laburpenaren argitalpena banatu duela SPRI-k, 2005-2007 zibilizazio digitalen foroak. Aurkezpenean banatu dute, baina momentuz ez dut aurkitu arrastorik Interneten.

Gizakiak eta ordenagailuak 2020an

Eneko Astigarraga 2008/04/16 01:17

2020 urtean nolakoa izan daitekeen gizakiak eta ordenagailuen arteko harremana  izan dute aztergai Microsoft Research antolatutako HCI 2020  "Being Human: Human-Computer Interaction in the Year 2020"   ekimenean.

Horren ondorioz ia 100 orrialdeko txostena (adi .pdf-a) argitaratu dute. Bertan lan taldearen aurreikuspenak isladatzen dira eta beste toki batzuetan antzerako gauzak irakurri eta entzundakoak izan arren interesgarria da txostena.

Informatikaren hastapenetan erabiltzaile askorentzat  ordenagailu bakarra - Mainframe edo Konputagialu nagusia -  izatetik (Mainframe Era), ordenagailu pertsonalen garaira pasatu ginen 1980-90 urteetan (Personal Computer Era). Gaur mugikortasunaren garaian bizi gara, ordena-konputa-tele-gailu ezberdinak pertsona bakoitzarentzat (bulegoan, etxean, portatila, mugikorra, PDA, ... Mobility Era). Eta etorkizunean Ubiquity Era delakoan biziko gara, ehundaka aparatu edo ordenagailurekin erabiltzaile bakoitzarentzat.

Hemendik 2020 urtera hitza eta keinuak zer esan handia izango dute makinekin izango dugun harremanetan. Eta informatika mugikorretik informatika ubikuora pasatu beharko dugu.

Gauza interesgarri asko. Esate baterako, gizaki-makina erlazioan giza baloreak kontutan izan beharko ditugula: isilpekotasuna, segurtasuna, morala, etika, ...

GPS sistemei buruz, aipamen bat adituen aldetik: "jendea prest badago makina sinpleak emandako agindu edo instrukzioei itsu-itsuan kasu egiteko, gizaki eta makinen arteko harremanekin oso adi egon beharko ginateke eta gehiago kezkatu , batez ere gero eta normalagoa, sarriagoa eta konplexuagoa izango delako harreman hori".

Ostiral honetan Eibar.org eta eibartarrak posta-zerrendako lagunek bere ahotsak grabatuz Tom-Tom nabigatzaileak pertsonalizatu eta euskaratzen arituko dira gure bulegoan: pauso txiki bat bide horretan. Ahots ezezaguna entzun beharrean aginduak ematen kotxe barruan, zeurea edo lagun batena entzun ahal izango duzu: Tomtom-erako euskal ahotsak.

Makinak gizakiagoak bihurtu behar dute 2020ari begira? galdetzen dute aipatutako txostenean. Bada, seguruenez bai. Horregatik, ostiral honetan, 2008an oraindik, eibartarrak posta-zerrendakideak apur bat gizakiagoak eta adiskide bihurtuko dituzte kotxerako GPS nabigatzaileak ;-)

 

Eskola 2018, escola 2018, escuela 2018

Eneko Astigarraga 2008/04/15 00:21

Escola 2018 L'educació que volem izeneko blogean etorkizunean nahi dugun eskolari buruzko hausnarketari ekin diote.

2008 - 2018, hemendik hamar urtera eskolaren etorkizuna nola ikusten dugun galdezka ari dira.

Nolakoa izango den, nolakoa nahi dugun. Prospektiba saiakera kolektiboa egiten saiatu dira eta etorkizuneko eszenategiei buruz ari dira eztabaidatzen aipatutako blogean eta beste askotan. Batez ere, bi aukera kontutan izanda: izan daitekeen eszenategia edo probablea eta  gura dugun eszenategia edo desiragarria.

Dena den, gehitzeko bada, era guztiko ekarpenak onartzen dituzte, "Una proposta col·lectiva basada en propostes positives, personals i creatives sobre l'educació que volem d'aquí a 10 anys"

diote.

 

Esate baterako, Dreig-en ekarpena "La escuela en 2018: Penélope (un desvarío posible…)" asko gustatu zait, baina gehiago daude aipatutako loturan. Gure inguruan, besteak beste seguru IKTroak

bueltak eman dizkiotela eskolaren etorkizunaren gaiari.

 

 

Hauteskundeak

Eneko Astigarraga 2008/03/10 01:32

 

Hauteskunde egunetan Eta Kitto herri aldizkariak argitaratzen duen ale berezirako - hauteskundeei errepasoa - kolaborazioa eskatzen didate. Hauteskunde gauen, arrapataka, emaitzak sortzen diren heinean, egin beharreko komentarioa da, eta ez naiz kazetaria. Euskaraz idazten kaskarra naiz gainera eta eskerrak Juanan Argoitiak laguntzen duela euskara aldetik estilo orrazkeran.  Baina tira, hona hemen gaurkoan idatzitakoa:

Atentatuaren itzalpeko hauteskundeetan alderdi sozialista irabazle

Bipartidismo edo alderdibitasunaz, errepikatutako ilegalizazioez, eztabaida mediatikoez.... idazteko asmoa neukan lerro hauetan, baina askok aurreikusten zuten bezala kanpainako azken egunean ETAk hauteskunde kanpainan agertzea erabaki du Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista ohia tirokatuz.

Ez dakit helburu politikoak, militarrak edo propagandazkoak lortu dituen, baina amorrua, higuina, nazka eta dolumina nonahi sortu du ETAk hilketa horrekin. "Errepidean kontrabidean doazen horiek, suizidatzeko hiltzen" idatzi zuen atzo Anjel Lertxundi idazleak eta atzodanik "Don't save me, thanks"- ez nazala inork salba, eskerrik asko- mezua zabaldu da sarean. Nik ez dut hobeto adieraziko.

Estatu mailan eta alderdibitasunaren eredupean jokatutako hauteskunde hauetan, garaile garbia PSOE izan da eta Espainako beste alderdi handiak, PPk, ere diputatu gehiago izango ditu. Bipolarizazioa. Alderdi abertzaleak, aldiz, EAJ, ERC, EA, ... edo Izquierda Unida bezalako alderdi txikiak orohar galtzaile irten dira.

Zapatero Espainiako presidente izango da beste lau urteetan. Hala ere, PSOEk ez du lortu gehiengo nagusia eta aurreko legealdian bezala beste alderdi batzuen sostengua, akordio eta hitzarmenak beharko ditu lege berriak, lege aldaketak edo aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta PP baztertzeko. Gutxi gora behera, azken lau urteetan bezala.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan orain dela lau urte baino eserleku bat gutxiago banatu da Hego Euskal Herrian,  23 diputatu eta 16 senatari aukeratu dira. Gipuzkoan PSE-EEk Eusko Alkartasunaren kontura eserleku bat irabazi du eta Bizkaian EAJk eserleku bat gutxiago du. Alderdi konstituzionalistak nagusi irten dira ia lurralde guztietan.

ETAk eta legez kanporatutako ezker abertzaleak abstentziorako deialdia egin zuten eta badirudi nolabaiteko eragina izan duela. 2004arekin alderatuz gero, Estatu mailan parte hartzea antzerakoa izan da gaur. Hemen, lurralde ezberdinen arabera, %3tik eta %12ra behetik egon da.

Eibarren PSE-EE irabazle garbia irten da ia 6.800 botorekin, bigarren EAJ geratu da ia 3.500 botorekin eta hirugarren PP 2.000 bozkarekin. Ez da izan gaur 1.000 botoetara ailegatu den beste alderdirik Eibarren: Eusko Alkartasuna, Ezker Batua edo Aralar muga horretatik behera geratu dira. Parte hartzea %66koa izan da eta abstentzioa %34koa. Datu horien arabera, zaila da jakitea ilegalizatutako Batasunak zenbateko boto kopurua izango lukeen. Beharbada laugarren indarra litzateke.

Gaurko emaitzak azken urteetan Udal Hauteskundeetan izan direnetatik urrutiegi ez daudela esango nuke; bai, ordea, 2004an izandako emaitzetatik. Baina hauteskunde bakoitzak bere berezitasuna duenez, ez dirudi automatikoki estrapolatu daitezkeenik Udal edo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara.


Software librearen negozio ereduak

Eneko Astigarraga 2008/03/04 23:55
Enpresa digitala ekimenak Software librearen negozio ereduaren inguruan antolatu duen jardunaldian parte hartu dugu gaur, Abartia eta Irontec-ekin batera CodeSyntax

enpresako negozio eredua azalduz.

 

Jardunaldiaren helburua software librean oinarritutako negozio-eredu berriak jakitera ematea zen eta Software Libreak softwareren industria-sektorean agertzerakoan izan duen inpaktua. Aurreko batean aipatu genuen gero eta gehiago erabiltzen dela Software librea, goraka doan sektorea dela, alegia. Flossmetrics ikerketaren arabera urteroko hazkundea (CAGR-a)  %12 da.

Baina sektorea goraka joateak ez du esan nahi sektoreko enpresa guztiak arrakastatsuak izan behar dutenik. Banka sektorean irabaziak daude baina banka enpresa batzuk porrot egiten dute. Sektore guztietan arraskasta faktoreak bilatu eta landu behar dira. CodeSyntaxen oinarri bezala ditugunak azaltzen saiatu gara gaurko aurkezpenean.

Gaiaren inguruan Gonzalez Barahona irakasleak material ugari du.

Software librearen gaur egungo egoerari eta enpresaren kudeaketan software libreak duen aplikazioari buruzko aurkezpena egin du Deustuko Unibertsitateko Pablo Garaizar-ek.

Antzerako jardunaldia antolatu da apirilerako Donostian .

 

 

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.