Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua / 70 urte Amalloko abadia afusillatu zebela

70 urte Amalloko abadia afusillatu zebela

txiko 2006/10/17 22:20

Jose Sagarna, Amalloko abadia

Datorren barixakuan, 2006ko Urrixak 20, hirurogetahamar urte betetzen dira Markina-Xemeingo Amallo auzoko abade gaztia erahil zebenetik. Inkisiziñuan denporetan legez, jente askok aprobetxatu zeban 1936ko gerra egoeria mendeku pertsonalak hartzeko. Datu guztien arabera hauxe izan zan be Jose Sagarnan kasua: auzotar batek jarrittako salaketa faltsu batengaittik afusillatu zeben militar golpistak.

OHARRAK:

  • Jose Sagarnan hilketian kronika honetan agertzen diran pertsona izen guztiak errealak dira eta liburu honetatik hartuta dagoz: "Historia General de la Guerra Civil en Euskadi. Tomo V". Autor: Euzko Apaiz Talde. Luis Haranburu argitaletxea.
  • 21 urte geruago gertatutako sagar arbolian historia harrigarrixan zehaztapenak Amalloko auzotarrei egindako elkarrizketetan oinarrittutakuak dira.

Errepublikazaliak Irunen

TESTUINGURUA

1936ko udazkenian, errepublikazaliak Irungo mugia galdu eta gero, golpistak aurrerakada haundixa egin zeben Gipuzkoan zihar. Bidasoaldeko burrukak latzak eta luziak izan ziran, eta golpisten tropak desgaste haundixa jasan zeben. Errepublikazaliak Bizkaia aldera erretiratu ziran defentsa lerro sendo bat osatu nahixan, eta ordurarte faltan izan zeben gerra materixala heldu jaken azkenian: Bilboko portura armaz betetako itxasontzixak sartzen hasi ziran. Batetik hau, eta bestetik tropa golpisten aittatutako nekia izan ziran golpisten aurrerabidia Deba eta Artibai ibarren inguruan geratu izatian arrazoiak. Erasuak Madrid aldian zentratu ziran, eta horretara euskal frentia geldirik geratu zan negu osuan, 1936ko Urrittik 1937ko Apirillerarte.

Asturiar milizianuen trintxeria, Akarregiko tontorpian

Urrixan 2º domekan heldu ziran golpistak Amallo ingurura. 7 hillian, halan mantendu ziran inguruko posiziñuak:

  • Errepublikazaliak: Akarregiko tontorra, Etxano (Kalamendi), Euskitze.
  • Golpistak: Armetxa, Goitizabal, Kaltzakorta, Amulategi, Onuntze (aginte postuak: Pertika, Mandiola Goikua).

1937ko Apirillian burruka gogorra gertatuko zan eskualdian: Akarregiko errepublikazaliak (asturiar milizianuak) Onuntze erasotzia pentsatu zeben. Adore haundixakin egindako erasua izan zan arren, estratejikoki txarto pentsatuta egon zan: mendi bizkar estu batetik etorri ziran milizanuak, eskuma-ezkerrera amildegixa zeukela. Golpistak ametralladoraz zigortu zittuezen, eta Onuntzera baja askokin heldu ziran. Tropak Egixarreko landetan alkar jo zeben, eta burruka gogor batian golpistak nagusittu ziran. Amalloko edadetuak goguan dauke ondiok lautadia mutiko gaztien gorpuez beteta geratu zanekua.

Egixarreko burrukia gertatu eta egun gitxira hausi zan frentia Elgeta aldian. Golpistak Bizkaiko muiñerutz sartu ziran, eta Artibai eta Debako errepublikazaliak Bilbo inguruetara erretiratu bihar izan ziran, atzetik inguratuta ez geratzeko. Amalloko gotorlekuetatik hanka egin zeben errepublikazaliak, golpisten esku lagata. Honenbestian amaittu zan gerria Artibai ibarrian, eta gerra osteko sasoi latzak urtietan luzatuko ziran.

Aurreko 7 hillietako oroigarri isil asko geratu ziran Amallon; bestiak beste, Euskitze basarrixan fosa amankomun bat, Larruskaingo kanposantuan izenik bako hillobi bakartixa, eta Amulategi basarrixan lurrian sartutako estaka misteriotsu bat.

JOSE SAGARNAN HISTORIXIA

Jose Sagarna Uriarte arratiarra 1911an jaixo zan Zeanurin. 10 seme-alabetatik bera eta beste anai bat sartu ziran abade. Bere ikasketak bete eta gero 1935ko Ekaiñan 28xan emon zeban lehelengo mezia, eta egun horretan bertan jaso zeban Amalloko San Ignacio elizako eta bere 249 biztanlien arduria.

Hogetabi urte zittuan Don Josek, Ekaiñan 29xan Amallora heldu zanian. Abadiak auzoko etxe baten bizi izaten ziran, apopillo. Bere aurretik egondako Julian Etxebarrieta abadiak Larruskain Errotara juateko gomendatu zetsan Sagarnari, eta hala egin zeban honek. Ez zekixan ondo, ez, aukera honek ekarriko zetsazen ondorixo latzak.

Larruskain Goikua basarrixan Manuel Altzibararetxuluaga bizi zan. Diruduna, ezkonduta baiña seme-alaba barik, auzoko jauntxo modura jokatzen zeban: elizan aparteko jarrilekua zeuken, auzoko maistra eta abadia eurenian hartzeko pribilejixua izaten zeben... Sagarna baiño lehenago Etxebarrieta mendatarra egon zan Amallon abade, eta ohitturiari jarraittuta Larruskain Goikuan sartu zan. Kontua da, Manuel eta maistriak, etxekojaun eta apopilluan artekua baiño harreman “estuagua” ei zeukela (maistria haurdun geratu zan). Pentsatu leike, 1935n eta auzo txiki baten, nahikua egoera eskandalosua izango zala: etxekojauna, emaztia, maittalia eta auzoko abadia danak etxe baten..

Etxebarrietak hanka egin zeban etxe hartatik, jakiña. Gaiñera, ordurarte sakristau biharrak Manuel Altzibararetxuluagan loiba batek egitten bazittuazen be, eliztarrak ez zeguazen oso pozik berakin; arduriori kendu eta Larruskain Errotako Jesus Soraluze eta Florencia Ansolari emon zetsen. Azkenik, maistra hori nahikua txarto konpontzen ei zan auzotarrekin. Batetik umiak gogorregi jo egitten zittuan (guraso batzu nahixago zeben umiak Urkarregiko eskoletara bialdu, urriñago egon arren), eta bestetik “elizian kontrakua” ei zan. Hónek zirala eta, parrokixako jentiak, Etxebarrieta abadia buru zeukela, Diputaziñora jo eta maistrihori kentzia lortu zeban.

Gauza guzti hónekin, Manuel Altzibararetxuluaga nahikua amorratu zan. Hain da eze, pentsaera politikoz aldatu egin zeban. Euskal abertzale izatetik, hurrengo hauteskundietan Jose Luis Gaitan de Aiala españolistiandako botua eskatzera pasatu zeban.

Sagarna abadia Larruskain Errotara heldu zanian, segiduan agertu jakon Altzibararetxuluaga, loibia sakristan atzera jarri eta Larruskain Goikora etortzeko eskatzera. Honek oingo sakristauak biharra ondo egitten zebela erantzun zetsan, eta Errotan konforme zeguala bera; gaiñera Larruskain Goikua baiño elixatik hurrago zeguan han, eta beraz ez zebala ikusten aldatzeko arrazoirik. Manuel Altzibararetxuluaga orduantxe hasi zan Sagarna gorrotatzen. Handik urte bira etorriko jakon mendekurako aukeria.

Don Josek ixa urtebete egin zeban Amallon abade. Goizero mezia eta arratsaldian dotriñia emon, hori izaten zan bere bizimodua; hortik aparte idatzi eta irakortzen pasatzen ei zeban eguna, auzotarren esanetan. Danen lagun modura gogoratzen dabe, mutil apala eta ona. Gaiñera, askotan juaten zan basarrixetara gaixuak eta zaharrak bisittatzera. Aittatu dogun salbuespena kenduta, amallotar guztiak asko maittatu izan zeben Sagarna.

1936ko Ekaiñian Bittorixako obispautik Berriatura aldatzeko agindua etorri jakon Sagarnari. Bere ordez, Joseba Andoni Urresti ondarrutarra sartuko zan Amallon.

Handik aste gitxira, baiña, Espainiako gerria hasi zan. 1936ko Urrixan frentia Lea-Artibaira heldu zan eta beste askoren modura Don Josebak be eskualdetik iges egin eta Frantziara pasatzia lortu zeban.

Sagarna be, Berriatuko beste gazte batzukin batera, itxasoz hanka egitteko egon zan baiña azkenian itxasontzixak ezin izan zeban urten Ondarrutik. Gaiñera Berriatuko beste abade zaharrak, Don Domingo "Txirriskillo" zanak, geratzeko konbenzidu zeban, berak ezer ez bazeban egin ezer egingo ez zetselakuan. Amallo parroko barik zeguanez eta leku ezagun eta lasaixa izanda, bertara itzultzia pensatu zeban Don Josek, han babestuta egongo zalakuan.

Badirudi Jose Sagarna, euskalduna zan neurrixan abertzalien aldekua zala (mezak eta katekesixa euskeraz emon...) baiña ez dirudi militantia zanik. Ez dirudi oso fidagarrixa, beraz, “Euzkadi” egunkari abertzalian Azaruan 8xan agertutako albistia:

(...) don José Sagarna contestaba a las preguntas del juez militar: “soy, y no lo oculto, nacionalista vasco” (...)

Gerra sasoietan ohizkua izaten dan manipulaziño informatibua gehixago dirudi: norbere alderdikuen aurpegi heroikua azaldu, akatsak ezkutatu... Gaiñera, jakin ba dakigu Sagarna ez zala ezelako epaillen aurretik pasatu.

Berriatutik Amallora juateko erabagixa hartu zeban ba Sagarnak, eta harutz abixatu zan. Artian frenteko posiziñuak finkatu barik zeguazen, eta ezin izan zan aurrera pasatu Pertika basarrittik; hango familixia ezaguna zeban, eta eurekin egon zan 9 egunian. Frentia estabilizatu zanian, Pertikan golpistak geratu ziran eta Don Josek Amallora pasatzeko salbokonduktua eskatu zetsen: bera abadia zala, Larruskaiñeko parrokixian arduria hartu bihar zebala, eta... Militarrak salbokonduktuori emon, eta bidia segidu ahal izan zeban. Urrixan 18xan heldu zan Amallora, zapatuan, illuntzeko 20.00etan.

Aurreko egunetan, Manuel Altzibararetxuluaga, Periko Lejardi eta beste auzotar batzu golpisten aldera pasatu ziran Mendarotik. Amallon sartu ziranian eurekin batera etorri ziran, bidiak erakusten eta. Ordutik aurrera, golpisten zerbitzura jardungo zeben, euren kide modura.

Auzora heldu eta Periko Lejardingana juan zan Sagarna, ia komandante golpistian aurrian aurkeztu bihar ete zan edo; honek ezetz esan zetsan. Larruskain Errotara juan zan lehelengo (aurretik apopillo egondako leku berera) baiña etxia jentez beteta topatu zeban: golpistak Amulategi basarrixa errekisatuta zeuken aginte-postu eta sektoreko komandantian etxebizitzarako, eta hango Zabala familixakuak alde egin bihar izan zeben; Larruskain Errotakuak senidiak ziran eta hárengana juan ziran. Han lekurik ez zeukenez, Don Jose Amallogarai Goikua basarrira juan zan gabia pasatzera.

Sagarna heldu zan egunian bertan, illuntzixan, Manuel Altzibararetxuluagan aitta ikusi zeben Larruskain Goikotik zaldi zuri baten gaiñian urtetzen; Mandiola Goiko aginte postura juan zan, eta komandante golpistian aurrian salaketia jarri zeban. Sagarna “furibundo separatista” bat zala ziñuan salaketiak. Salaketa honek herixotz sententzixia suposatzen zeban sasoi hartan..

Domekan, Urrixak 19, mezia emon zeban Sagarnak goizeko 8.00etan. Orduko ohitturiari jarraittuta eliztarrei bizkarra emonda eta latiñez; eta betiko legez, hiru “Agur Mariak” eta “Agur Erregiña” euskeraz egin zittuan, mezetan zeguazen militar golpisten harridurarako. Frentetik jaitsittako abade gehixago be ba zeguazen, eta eurekin egon zan Don Jose; hurrengo egunian barriro egoteko geratu ziran...

Astelehen goizaldian, hillak 20, Molina komandantia agertu zan Larruskain Errotan, Periko Lejardik lagunduta. Sagarnakin berba egin bihar zebala esan zeban, mezak zelan emon, ze ordutan... Amalloko iñork ez zeban ezer txarrik susmatzen ondiok, horregaittik ez zeben erreparorik izan Amallogarai Goikuan zeguala esateko. Errotako mutikua bialdu zeben beran billa, baiña Don Jose ez zan jaitsi; zeozer susmatzen zeban, nunbaitt. Militarrak insistidu egin zeben baiña, eta Florencia etxekoandria bera igota azkenian jaitsi zan Sagarna. Militarrekin egon zan, eta hizketaldi bat izan zeben arren iñork ez daki zeren gaiñian izan zan.

Sagarnak hamabixetan bazkaldu zeban Larruskain Errotan. Gero elizara sartu zan errezatzera. Hirurak aldian, militarrak heldu eta elizako atia giltzez itxi zetsen, bera barruan hartuta; gaiñera leihopian soldadu bi ipiñi zetsezen. Gero, Txillerren tabernara sartu ziran bazkaltzera.

Bazkarixa baiño gehixago, golpistak oturuntza egin zebela gogoratzen da auzuan, “Txorixa harrapatu zebela” esaten zeben, eta haxe ospatzen edo. Danak lafiatuta urten zeben laurak aldian, eta Larruskain Errotakuei zaldi bat eskatu zetsen. Don Jose elizatik etara eta atxilotuta zeguala jakiñarazi zetsen. Zaldi gainian igo zittuezen, bera eta bazkarixan mozkortutako kabo bat. Molina komandantia aurrian, Sagarna eta kabua gero, guztira hamasei soldadu juan ziran gora. Atzian Larruskain Errotako Jesus Soraluze zoian, ikusittakua siñistu ezinda; Amulategirarte heldutakuan, zaldixa bueltan emon eta atzera bialdu zeben Errotara.

Don Joseri eskuak lotzeko erabillittako molla-sokia

Amulategiko etxekoandriari soka bat eskatu zetsen golpistak; honek molla-soka bat topatu zeban, eta honekin lotu zetsezen eskuak abadiari. Gero begixak tapatu, eta hala igo zeben Mandiola Goiko aginte posturarte. Han galdeketa bat egin zetsen. Esaten dabenez, begixak tapatuta zeukazela Manuel Alzibararetxuluaga hurreratu eta “¿Ezagutzen nauk?” galdetu zetsan. Sagarnak “¡Ezagutuko ez zaittut ba!” erantzun ei zetsan, irribarrez.

Mandiola Goikua

Ardi kortan sartu zeben Don Jose, eta han laga zeben Urrixan 19ko arratsalde eta gabe osuan. Mandiola Goiko errenterua zan Periko Lejardi, eta gabian karga bat lasto eta manta bat eruan zetsan, erdi ezkutuan. Baitta kaltsukada bat esne eta txokolatia afaltzeko, urtebetian bere parrokua izandakuari.

Astelehen goizaldian, hillak 20, afusillatzera etara zeben. Sagarna golpisten kapellauakin konfesatu zan, eta gauza pertsonal batzu familixiari eruatia eskatu zetsan; hala egin zeban honek. Gaiñera, Larruskaingo elizara begira hiltzia eskatu zeban. Horregaittik, Amulategi ondoko zelai batera jaitsi zeben atzera; orduan piñurik ez zeguan eta elizia ikusten zan bertatik.

Soldadu golpisten artian ba zeguan ejekuziñuakin konforme ez zeguazenik; kapellaua bera be, komandantia konbentzitzen saiatu zan. Ageri-agerikua zan Sagarnak ez zeukala ezelako kulparik, baiña Molinak ez zittuan eskarixak aintzat hartu.

Boluntarixorik ez zan agertu afusillamenturako. Soldadu bat izendatu zeben (mikeletia). Subfusil batekin tirokatu zeban. Gero lurrian, pistolaz errematatu zeben. Azkenik, tarte baten euki zeben han, odolhustutzen.

Jose Sagarnak 24 urte zittuan herixotzako momentuan.

Burdi baten kargatu, eta gorpua manta batian bilduta jaitsi zeben Larruskaingo kanposanturarte. Goizeko zazpirak izango ziran, eguna argitzen. Agustin Ansola enterradoriari atxurra eta palia eskatu, eta soldadu golpistak eurak lurperatu zeben. Kurutze xume bat egin zetsen; esaten danez, soldaduak eurak be oso inpresionatuta zeguazen gertatutakuakin.

Afusillamenduko momentuan, antza, kapellauak edo bateronbatek 24 orduan "zeozer txarra gertatuko zala" iragarri zeban, egindakuan kastigu legez.

Mandiola Goiko horman obusak lagatako zulua, ladrilloz estalitta

Urrixan 21ian, martitzenian, militarrak Mandiola Goiko aginte postuan zeguazen armosatzen. 7.00ak aldia izango zan, Montemar aldeko baterixa errepublikazale batetik obus bat etorri zala; basarriko hormia zulatu, eta sukalderarte sartu zan; eztandiak Molina bete betian hartu zeban, izterra eta mokorra lehertuta. Komandantia eskillara baten ipiñi zeben, kamilla baten legez, eta hegaztada baten abixatu ziran Azpeittiko ospittalerutz. Alperrik baiña: bidian hil zan Molina, Urkarregira heldu orduko.

Amulategiko familixiak eskaratzeko leihotik ikusi zeban Don Josen erahilketia. Sasoi hartan eurixa ugari bota zeban; lurrak egunetan ez zeban xurgatu Sagarnan odola, urez gaiñezka zegualako. Dana pasatu zanian, Francisco Zabala etxekojauna hara juan eta, ezkutuan, arkazizko estaka bat sartu zeban bertan.

Don Jose afusillatu zeben lekua

Hurrengo 40 urtian, Amulategikuak beti mantendu izan zeben estakiori. Usteltzen zanian barrixa egin, eta urte luzietan gorde dabe Don Josen gomuta isilla modu honetan.

Don Josen hillobixa, 1980 urtian

Fidel Sagarna, don Josen anai abadia, 1952garren urtian Amallora juan zan haren gorpuzkiñak Zeanurira eruateko asmotan. Auzotarrak hainbeste maitte zebela ikusitta baiña, bertan hobe zeguazela pentsatu zeban.

Florencia Ansola eta Jesus Soraluze Amalloko kanposantuan, 1980xan

Juan Sagarna be, don Josen beste anai bat, Amallora juan eta elkarrizketa bat izan zeban lekuko izandako Jesus Soraluze eta Florencia Ansolakin. Zintta magnetofonikuan jaso zeban elkarrizketiori, eta transkribapena “Historia General de la Guerra Civil en Euskadi” liburu sortako V-garren alian dago.

Manuel Altzibararetxuluaga salatarixa Xemeingo zinegotzi izendatu zeben gerra ostian. Hil zanian, Ondarrun egin jakozen hilleta elizkizunak; esaten danez, ixa ez zan jenterik juan. Ez zeban oiñordekorik laga, eta gaur egunian Larruskain Goikuan bizi dan familixiak ez dauka berakin zerikusirik.

SAGAR ARBOLIAN HISTORIXIA

Amalloko Amulategi basarri onduan sagar arbola haundi bat zeguan. 1958 urteko Ekaiñeko eguen baten, ekaitz batek arbola zahar hau bota egin zeban. Zoixa aidian geratu jakon, baiña sustrairen bat lur barruan; horregaittik, bizirik geratu zan zugaitza. Halaxen pasatu ziran 6 hillabete, eta dana normal.

Zemendixan 13an baiña, gauza arraro bat gertatu zan. Eguen gabe baten, zugaitzan zoixa bere lekuan sartu eta, bixamonian, atzera tente topatu zeben arbola zaharra.

Sustrai lodiren bat ondiok aidian zeukan, baiña zugaitza sendo eta tente ikusten zan. Auzotarrak ahozabalik, ezin izan zeben topau honendako azalpenik. Barri harrigarrixa laster zabaldu zan eskualdian. Eta barrixakin batera, askok gogoratu zeben 21 urte lehenago Larruskaingo abadiakin gertatutakua; izan be, Jose Sagarna hil zeben lekutik 15 metro eskasera zeguan sagar arboliori.

Ondarrutarrak izan ziran lehelen agertu ziranak, zapatuan. Amulategin “millagrua” zala bolo-bolo zabaltzen hasi zan. Eta ez hori bakarrik: berotutako jentiak beste hainbeste gauza asmatu zittuan: Don Josen odolak jausi ziran lurrian ez zala atzera bedarrik hazi, sagarronduak sagarrak emoten zittuala zemendixan (sasoia pasatuta), Don Josen gorpua usteldu barik zeguala lurpian... eta halako asko. Asmakizunak asmakizun baiña, kontua da sagar arbola zaharra zutundu, zutundu zala. Hori nahikua argi dago.

Zapatuan bertan beraz, jente mordua hasi zan etortzen. Mendiz mendi zetozen oiñaz, zugaitza ikusi, eta adarrak eta ostruak eruateko errelikia modura. Esandako moduan Don Josen gomutia biztu egin zan eta horrekin batera golpisten kontrako autuak zabaldu ziran, zugaitzana abertzalien aldeko seiñale miragarri bat zala esaten hasi zan jentia... Hain da eze errejimen golpistako agintarixak be arduratu egin ziran, eta domekan bertan guardiazibillak agertu ziran Amulategin.

Antxiña modura, basarriko sukaldia guardiazibillez bete zan atzera; oinguan zugaitza ikustera etorrittako erromes mordua uxatzeko. 1000 pezetako isunak (astronomikuak, ordurako) jartzen hasi ziran harrapatutakuei; bai ikustera agertutakuei, baitta horren gaiñeko komentarixuak egitten zeban edozeiñi be. Horregaittik, jentia egunez mendi eta basuetan ezkutatuta egoten zan illuntzirarte; guardiazibillak gabero jaisten ziran Markiñara eta orduan urtetzen zeben zugaitza gurtzera.

Isunak ipintziaz gain, sagar arbolana asmakizuna zala frogatzen saiatu ziran frankistak; separatisten ustezko guzurra frogatze aldera, inguruko biztanle mordua deittu zeben deklaratzera, baiña alperrik: eurok be ezin izan zetsen gertakarixari azalpen logikorik topatu. Zurrumurruekin amaitzeko azken ahalegin batian, Amulategiko etxekojaunari zugaitza eraisteko agindu zetsen. Honek ezetz esan zeban, baiña gura bazeben eurak egitteko baimena emon zetsan frankistei.

Azkenian iñor ez zan ausartu arbola "santua" botatzen... Hillabete iraun zeban Amallo inguruko anabasa honek; denpora horretan inguruko gazte irreverenteren batzu be saiatu ziran zugaitza botatzen, olgetan eta guardiazibillengandik ezkutuan, baiña alperrik hónek be. Justu 4 astera (eguena be), sagar arbolia berez jausi zan.

Lehenagoko modura sustrai batzu barruan geratu jakozen eta bizirik geratu zan harik eta, urte asko geruago, iñausketa baten ondorixoz hil zan arte.

Gaur egunian, piñadi bat topatzen dogu Amulategi ondoko lur sail haretan. Sagar arbola misteriotsuan arrastorik ez da geratzen gaur egunian; baiña 15 metro beherago bagoiaz, Amalloko abade gaztian oroigarri bat topatuko dogu. Francisco Zabalak jarrittako estakia egon zan leku berian, harrizko kurutze bat ipiñi zeban 1988xan Markina-Xemeingo Udalak.

felix
felix dio:
2009/07/13 20:49

On Jose Sagarna abade santua, otoi gure alde, Euskalerriak bakea izan dagian.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024