Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Printzipioak: lagun ala etsai?

Printzipioak: lagun ala etsai?

xme 2004/11/12 09:38

Nonbaiten liburuak saldotan ikusten baditut, gustatzen zait ikusmiran ibili eta zerbait erostea, ezer deigarririk aurkituz gero. Horrela erosi nuen behin, orain dela dozena bat urte, “Michael Kohlhaas” nobela, Heinrich von Kleist-ena. Ez idazlea ez obra ez nituen ezagutzen, baina gogoan daukat uda hartan irakurtzean hartu nuen atsegina. Geroztik euskaraz ere atera da, nire homonimo Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulita Literatura Unibertsala bilduman; hau esateak zuzentasun politikoaren arauak hausten dituen arren, astun samarra egiten da euskarazko bertsioa, egia esanda, esaldi luze eta korapilotsuz kargatuegia; nolanahi dela, hor duzue gomendioa.

Istorioa hitz gutxitan kontatzekotan, Michael Kohlhaas hiritar prestu bat da, jauntxo batek txarkeria bat egiten diona; ez egundoko azioa, baina bidegabekeria, nolanahi ere. Kohlhaasek agintariengana joko du, justizia eske. Agintariek, berriz, jauntxoarekin liskarretan ez sartzearren, ez diote jaramonik egiten. Gorago joko du Kohlhaasek, Inperio Germaniar zaharreko egitura semifeudaletan barrena, baina, berea huskeria bat delakoan, inon ez dute aintzat hartzen. Michael gureak, orduan, ikusirik berarentzako ez legerik, ez zuzentasunik ez dagoela, Estatu osoa deklaratzen du etsai, eta jauntxoak egindako pikardiaren ordaina lortu arteko gerran hasiko da, ezker-eskuin.

Garunetako zokondo batean izango nuen liburua hautsa pilatzen, baina joan den igandean telebista espainiarren batean eman zuten nobela horretan oinarritutako filma, John Cusack protagonista duena eta “Sin piedad” titulua, gaztelaniaz. Istorioa Alemaniatik Far West-era eraman dute, apur bat gozatu ere bai, baina funtsean nahiko zintzo jarraitzen dio jatorrizkoari. Dena dela, gatozen obra idatzira, oraindik ez ditut esan beharrekoak esan eta.

Zuzenbide naturalaz, penalaz nahiz konstituzionalaz gogoeta ugari egiteko bidea eskaintzen digu nobelak, baina niri, irakurri nuen une hartan, Joxerra Etxebarria eta unibertsitate atariko pankarta etorri zitzaizkidan gogora. Pil-pilean baitzegoen garai hartan gaia, eta Azkargorta, Zalakain, Herrero eta abarrek urteak baitzeramatzaten ordurako Leioako campusaren sarreran, beren kaleratzearen kontrako protestan eta funtzionariotzarena izango ez zen irakasle-kontratu baten eske.

Beti estimatu izan dut Joxerra, eta oparitan bidali nion liburua, ea beren egoerarekiko antzari antzematen zion. Jakina antzeman ziola. Baina bere hausnarketa ez zen nirearen berdina. Nire irakurketaren ondorioa izan zen koherentzia osoak erokeriara eraman gaitzakeela eta ez dagoela printzipioetan zurrunegi jokatzerik "bigun samarra naiz seguru asko". Etxebarriak, berriz, bere tesiaren berrespen osoa aurkitu zuen Kohlhaas-engan: arrazoia arrazoia dela beti, eta ez dela amore eman behar sekula.

Heinrich von Kleistek zer pentsatuko lukeen jakiterik ez dago, orain dela ia 200 urte hil baitzen gizajoa, bere buruaz beste eginda.

Patxi
Patxi dio:
2004/11/14 10:54

Printzipioei tinto eustea, kasu batzuetan, fede kontu bat da. Batzuetan ez daukazu batere federik, zuk defendatzen dezunak zerbaitetarako balioko duen. Zertarako saiatu? Hobe da indarrak alperrik ez galtzea, arrazoi guztia zurea den arren. Burua makurtzeak, zenbait kasutan, pakea ekartzen du (eta gomendagarria da, huskeriak direnean batez ere).

Beste batzutan aldiz, arrakasta utopia dela dakizun arren, borrokatu egin behar dezu, barrutik ateratzen zaizulako. Bestela zure barrenean pakerik izango ez dezulako.

Nolako bidegabekeria, halako trajea. Nere kasuan behintzat.

Beste kontu bat da, borrokatzeko medioak egokiak, efektiboak diren, baina hori beste gai bat da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.