Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Karmele Jaio: “Arazoen aurrean kikilduta bizitzearen kontrako garrasia da nobela”

Karmele Jaio: “Arazoen aurrean kikilduta bizitzearen kontrako garrasia da nobela”

xme 2006/02/22 13:27

Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) “Amaren eskuak” argitaratu berri du, Beasaingo Igartza bekaren laguntzaz idatzia. Aurretik bikote barruan zentraturiko ipuinak idatzi bazituen (“Hamabost zauri”, 2004), ama-alaba harremanei erreparatu die, besteak beste, bigarren liburua duen nobela eder hau sortzeko.

Aurrena ipuinak, gero eleberria: zer izan da, irakurleen eskaria, berezko bilakaera...?

Jakingura izan dela esango nuke. Eta horrekin batera, erronka bati aurre egiteko gogoa. Hau da, nik betidanik idatzi ditut ipuinak, eta ipuina da nire generorik kuttunena eta bertan aurkitzen naiz erosoen. Nobela idaztea zer den jakin nahi nuen, eta orain badakit. Eta nobela idazteak erakutsi dizkit aurretik igarri bai, baina zuzenean ezagutzen ez nituen zenbait gauza. Pozik nago esperientziarekin eta pozik egindako lanarekin eta emaitzarekin. Baina nobela idaztea ez dut bilakaera bezala ulertzen, esperientzia berri bat bezala baino. Eta, egia esan behar badut, ipuinak idazteko gogo gehiago piztu dit urtebetean nobelan murgilduta egoteak.

Hortaz, zure ipuin gehiago ere irakurriko dugu aurrerantzean?

Bai. Ziur. Dagoeneko idatzita ditut zenbait ipuin eta horretan dauzkat orain burua eta gogoa. Gogoz bueltatu naiz berriz ipuingintzara.

Generoen arteko alderaketa eginez, zer aurkitzen diozu bati eta zer besteari?

Konstantzia lezioa izan da niretzat nobela idaztea. Eta honekin batera, idatzi bitartean perspektiba ez galtzeko ahalegina biderkatzera behartu nau. Nobelak behartzen zaitu perspektiba sekula ez galtzen saiatzera. Idazten zauden bitartean eten gabe galdetu behar diozu zeure buruari: Non nago? Norantz noa? Gehiegi desbideratzeko arriskurik ez izateko, norabidea ez galtzeko. Ipuinean egin beharreko galderak dira baita ere, noski, baina ipuina laburragoa izanik errazagoa da jakiten non zauden eta norantz zoazen. Kontrolatuagoa duzu egin beharreko ibilbidea. Baina, perspektiba mantentze horretan lan gehiago ematen badizu ere, nobelak beste alde batetik askatasun handiagoa ematen dizu. Eskuzabalagoa da nobela idazlearekin, batzuetan bidetik irteteko aukera ere ematen dizulako (betiere bidera bueltatuko zarela hitz ematen badiozu). Ipuinak ez du barkatzen. Zentzu horretan, zorrotzagoa da idazlearekin, gehiago exijitzen dio. Ipuinak ez du soberako hitzik onartzen, denak betetzen du funtzio bat ipuinean. Bestalde, nobelak behartzen zaitu ia dena kontatzera eta ipuinean, aldiz, itzalean uzten dituzu hainbat gauza, irakurleak berak aurkitu behar dituenak. Oso diferenteak dira bi generoak eta oso era diferentean lan egin dut batekin eta bestearekin.

Gatozen nobelara. Emakume gazte-heldu eta kazetaria da protagonista. Ze neurritan dago egilea Nerea horren atzean?

Edozein idazle bere protagonisten atzean dagoen neurri berean. Esan nahi dut badaudela nobelan bizitzatik lapurtutako hainbat eta hainbat gauza. Baina bizitzatik lapurtu ezean, nondik lapurtu behar du bada idazleak? Nerea kazetari izatea aukeratu nuen nik mundu hori ondo ezagutzen dudalako eta ezagutza horrek egoera konkretu asko azaltzeko orduan laguntzen didalako. Nerea erizain izango balitz zailagoa egingo litzaidake haren egunerokoa kontatzea eta ziurrenez sinesgaitzagoa izango litzateke irakurlearentzat. Baina dena ez da kointzidentzia. Nik ez daukat alabarik eta nire ama ez dago gaixorik, zorionez.

Belaunaldien arteko aldeak eta antzak izan liteke gai funtsezkoetako bat, ezta?

Bai. Alde batetik azpimarratu nahi izan dut zein egoera ezberdinak bizi ditugun gure belaunaldikoek gure gurasoen bizitzarekin konparatuta. Baina honen gainetik azaldu nahi izan dut bizitako testuinguruak eta garaiak oso desberdinak diren arren, zein berdintsuak diren hainbat eta hainbat gauza. Hau da, garai guztietan badituela gizakiak halako gai eta kezka nagusi batzuk beste guztien gainetik. Eta kezka eta gai nagusi horiek dira maitasuna, bizitza, heriotza... Gai potolo horiek beti egon dira hor, daude eta egongo dira, beste guztien gainetik. Ez gara hain ezberdinak. Gauza bera gara. Eta gai horrekin batera, badago beste bat azpimarratu nahi izan dudana. Bizitzari aurrez aurre begiratzeko beharra. Bizitzako arazoen aurrean kikilduta bizitzearen kontrako garrasia edo deia ere bada nobela.

Gozotasun gehiegizkotik ihesi

Gurasoen errealitatera hurbiltzea, haien gaztaroa ulertu nahi izatea, zer da: norberaren heldutasun seinale?

Heldutasunaren sintoma bat da gurasoak, aita eta ama izateaz gain, gizon eta emakume direla konturatzea. Asko ez da hortaz konturatzen aita edo ama izan arte. Uste dut heldutasunaren seinale garrantzitsuenetakoa dela.

Gaia hunkigarria izan liteke, baina sentimentalismotik ihesi ibili zarela ematen du.

Aitortu behar dut beldur pixka bat izan dudala sentimentalismoan jausteko, gaia horretarako oso aproposa baita. Ez dut ukatuko sentimenduz idatzi dudala baina eten gabe aritu naiz neure burua kontrolatzen gehiegizko sentimentalismoan ez jausteko. Ez dakit lortu dudan. Egia da “Hamabost zauri”rekin konparatuz gozoagoa dela nobelaren tonua, gaiak hala eskatu didalako, ipuinak garratzagoak ziren, baina ez dut uste gehiegizko gozokeria duenik nobela honek. Gozokeria larregi erakusten duenari gure amak deitzen dio “eztimielero”. Bueno, bada saiatu nahiz nobela “eztimieleroa” ez idazten.

Nobelan badira beste trama batzuk ere: egunkariko erredakzioko ika-mikak, senar-emazteen arteko komunikazio eskasa, gatazka politikoak pertsonengan uzten dituen zauriak... Fondo hutsa dira, ala garrantzi handiagoa dute?

Fondoa dira baina garai eta egoera baten lekuko diren neurrian oso garrantzitsuak. Nerearen historia testuinguru konkretu batean kokatzen da eta saiatu naiz testuinguru hori nolakoa den deskribatzen. Garrantzizkoa iruditzen zait fondoa erakustea, ezinbestekoa, arrazoi nagusi batengatik: azaldu nahi izan dudalako gizakia halabeharrez moldatzen dela tokatzen zaion egoera eta testuingurura, testuinguru horren legeetara egokitu behar izaten duela halabeharrez. Nobelan behin baino gehiagotan agertzen da Lewis Carrolen Alice. Mundu ezezagun batera jausi zen neskato hura. Gu ere aukeratu ez dugun mundu batera jaurtiak izan gara, hasieran guztiz ezezaguna zena guretzat eta poliki-poliki moldatu behar izan dugu tokatu zaigun gizartera. Liburuaren gai nagusietako bat bada hori ere.

Fondoa aipatu dut lehen, irudizko adieran. Adiera fisikoan, itsasoa inportantea da hemen, ez presente dagoelako, baina bai gogoan...

Bai, itsasoa oso presente dago. Garrantzi handia du itsasoak nobela honetan. Bizitzaren metafora da itsasoa. Orain harro dago, orain bare, orain marea gora, orain marea behera... Eta uraren gainean gu, balantzaka alde batetik bestera, ura irensten batzuetan, uraren gainean lasai etzanda bestetan... Nerearen amaren istorioan oso inportantea da itsasoa, fisikoki aurrean izan duelako, baina baita Nerearen bizitzaren istorioan, nahiz eta honek ez duen egunero itsasoa ikusteko aukera.

etiketak: Editore lanak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.