Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Koldo Zuazo: “Arazoa arauak gizartzeratzeko moduan ikusten dut”

Koldo Zuazo: “Arazoa arauak gizartzeratzeko moduan ikusten dut”

xme 2005/11/04 08:00

“Euskara batua: ezina ekinez egina” liburua plazaratu berri du Koldo Zuazok (Eibar, 1956): hizkuntzaren batasunera iristeko mendeetan izan den bide zaila kontatuz, batetik, baina egungo arazoak eta etorkizuneko ikuspegia ere ahaztu gabe.

Euskara batuaren historia idatzi duzu; oraindik liburu batean dena bilduta ez zegoelako, ala gaurko gazteentzat ezezagunak diren kontuak jakinarazteko?

1988an argitaratu nuen lehenengoz liburu bat gai honekin. Euskararen batasuna izan zen nire doktoretza tesiaren gaia, eta huraxe ekarri nuen plazara. Kontua da oso xehea zela, xeheegia, eta unibertsitate giroko jendeari begira egina. Oraingoa laburragoa eta "goxoagoa" egiten ahalegindu naiz. Horretaz gainera, euskara batua hobeto neurtzeko aukera ere badugu orain, eta baita etorkizunari begira proposamen berriak egiteko ere. Gehienbat, horrexegatik egin dut liburu berri hau.

XVI. mendeko gure lehen idazleengandik abiatzen zara, batasunaren beharra aspalditik sentitu dela erakusteko. Hala ere, zenbateraino ote zen ordukoentzat arazo larria, ala zenbateraino ez ote da gure gaurko ikuspegiaren ondorioa?

Ez, euskararen batasuna orduko idazleendako ere bazen arazoa. Leizarragak, esate baterako, argiro esan zuen euskalkiak zirela bere buruhausterik larrienetakoa, eta XVII. mendeko idazle askoren hitzaurreetan agertzen da kezka bera. Azken batean, mundua mundua denetik dialektoak beti izan dira idazleendako arazoa.

Axularren euskara, adibidez, Euskal Herri osorako eredu batu gisa erabil zitekeela aipatu izan da; zerk huts egin zuen: idazleen borondateak, irakurleen ohiturak, instituzioen faltak (eliza, administrazioa, eskola...)?

Dirudienez, Lapurdiko kostaldearen eta, oro har, Ipar Euskal Herriaren gainbehera izan zen arrazoia. Euskararen beraren prestigioa ere behera etorri zela ematen du. XVIII. mendeaz gero ez zen izan aurreko garaiko idazlerik eta idazlanik. XVIII. mendearen erditik aurrera, gainera, Gipuzkoak hartu zuen euskara kontuetan nagusitasuna, eta gipuzkoarrei urrunegi gelditzen zitzaien XVII. mendeko euskara lapurtarra. Ez dakit nire ikuspegia zuzena ote den, baina horixe da, behinik behin, ikusten dudan azalpena.

Larramendik gipuzkera finkatzen lagundu zuen XVIII. mendean; Mogel eta Añibarrok bizkaiera XIX.ean (ñabardura eta desberdintasunekin). Ze neurritan izan ziren sakabanatzaileak, eta ze neurritan batasunaren bideratzaile, aurrez zeukaten anabasa eta ezereza kontuan hartuz?

Arrazoia duzu, alde batetik batasunaren bideratzaile izan ziren eta, aldi berean, sakabanatzaile. Euren euskalkia batzea batasunerako urratsa izan zen; aurretik zegoen anabasa asko konpondu zen. Baina, zalantzarik gabe, urrats handiagoa egingo zen euskaldunen buruan herriaren eta hizkuntzaren ikuspegi osoa txertatzen ahalegindu balira. Azken batean, horixe da euskararen batasuna hain berandu iritsi izanaren arrazoietako bat: gutariko bakoitzak geure herrialdea eta geure euskalkia izan dugula ikusmiran, eta ez Euskal Herria eta euskara bere osotasunean.

Harrigarria, hain gauza zuzena eta orekatua egin izana

XX. mendean sartuz, batasun-premia larriago sentitzen da; Euskaltzaindia ere helburu horrekin sortu zen, baina luzaroan ez dago ia aurrerapausorik. Zein dira erantzule nagusiak?

Hasteko, oso kontuan eduki behar da Sabino Arana euskara batuaren aurkakoa izan zela, eta hark esandakoari jarraitzen zioten alderdikide gehienek. Batasuna beharrezkotzat jotzen zutenen artean, berriz, bide eta proposamen gehiegi zegoen. Dena dela, horiek biok azaleko arrazoiak ziren. Sakonean baziren beste batzuk. Batetik, eroso bizi zirela erdarekin eta, bestetik, lehen esan dudana: euskaldun gehienen buruan herriaren eta hizkuntzaren osotasuna ez zegoela behar bezain argi sartuta.

Gaurko talaiatik, onartu zen batasunaren ereduak logikoa eta ezinbestekoa ematen du, baina eztabaida handiak piztu zituen. Ereduak berak zuen errua, ala zenbaiten buruak, ala...?

Eredua zuzena zen eta zuzena da. Niri neuri harrigarri egiten zait noiz eta 1960ko hamarkadan, Francoren diktadurapean bete-betean geundela, hain gauza zuzena eta orekatua egin izana. Duda egiten dut, gaur egun bertan ere, Unibertsitateetan filologia sailak ditugunean eta hainbeste jende prestatu daukagunean, hain eredu egokirik egiteko gauza izango ote ginatekeenik. Egiari zor, H letra sartzeak eta bustidurak kentzeak begiak mindu egin zizkien askori, eta ulertzekoa da horrek zalapartak sortzea, baina ez zen hori sakoneko arrazoia. 1960ko hamarkada hartan erabateko iraultza gertatu zen gizartean: erakunde politiko berriak sortu ziren, sindikatu berriak... Gizarte nekazari batetik gizarte hiritar eta industrial baterako jauzia egin zen eta, jakina, horrek haustura asko sortu zituen. Hizkuntza ere, azken batean, haustura horien lekuko gertatu zen.

Orain esanda erraza da baina, zer uste duzu egin zitekeela hobeto bere garaian?

Esango nuke batua oker aurkeztu zitzaiola gizarteari. Ematen zuen batua eta herri hizkerak bata bestearen etsai zirela, eta bata nagusitzeko besteak baztertu egin behar zirela. Bestalde, euskara batua euskara "ona" balitz bezala aurkeztu zen, eta hori ez da zuzena. Herri hizkerak nahiz batua biak dira onak. Kontua da bakoitzari bere esparrua dagokiola. Eginkizun batzuetarako herri hizkerak dira onak eta, besteetarako, batua. Hori ez zen ondo azaldu, eta gaur egun ere asko dira horretaz jabetzen ez direnak. Adibide bat aipatzeko, denbora asko ez dela, euskaltzain batek zioen euskalkian mintzo zirenak euskaldun "asilbestratuak" zirela. Eta ozen zioen, deitura jenialen bat aurkitu izan balu bezala. Hizkuntzaren ikuspegitik begiratuta, sekulako astakeria da, eta euskaltzain batek esateko, onartezina.

Euskaltzaindiak arreta gutxiegi besteei

Batasuna itxi gabeko prozesua da: zure ustez, indartu egin beharko litzateke araugintza, ala ez da komeni erabateko estandarizaziora jotzea?

Hara, hizkuntza araututa egotea ona da. Ona da denok jakitea nondik nora ibili behar dugun. Baina behin hori esanda, arazoa arauak gizartzeratzeko moduan ikusten dut. Ez dut uste gauzak egun batetik bestera egin behar direnik, eta ezta lehen epean gizarte osora zabaldu behar direnik ere. Hizkuntza lan tresna dutenek ezagutu eta bete beharko dituzte lehenik, eta ez euskara ikasten ari direnek edo euskaldun arruntek. Zure galderaren bigarren zatia ere oso aintzakotzat hartu beharrekoa da: arauak ematea ondo dago, baina euskara batua hizkuntzaren zati bat besterik ez da, hizkuntzaren hizkera bat, eta hizkera hori arautzeak ez du esan nahi hizkuntza osoa estu eta zehatz arautu behar denik. Hiztunari arauak saihesteko eta hizkuntza askatasunean erabiltzeko aukera eman behar zaio, muga estuegiak jarri gabe. Euskaldunak euskararekin eroso eta gustura egotea da helburua, arauen zamak ez dezala euskaratik ihes egiterik ekarri. Eta egia esan, bada arrisku hori.

Ardurak oro Euskaltzaindiaren bizkar uzteko joera dugu. Zer egin lezake Euskaltzaindiak gaur egiten ez duena, eta zer egin behar genuke / lukete beste askok, Euskaltzaindiaren zain egon gabe?

Ez dakit geuk uzten ditugun ardurak Euskaltzaindiaren bizkarrean ala Euskaltzaindiak berak behartzen gaituen horretara. Iruditzen zait Euskaltzaindiak gutxiegi kontatzen duela beste esparru batzuetako lagunekin: gutxiegi Unibertsitatearekin, gutxiegi idazleekin, gutxiegi Berria egunkariarekin, gutxiegi irrati eta telebistekin, gutxiegi argitaletxe eta hizkuntzarekin lanean diharduten beste talde batzuekin, eta gutxiegi, edo batere ez, euskara suspertu nahian dabiltzan elkarteekin. Euskaltzaindiaren pisua, berriz, gehiegizkoa iruditzen zait. Zalantzarik gabe, Euskal Herriak bizi duen egoeragatik da hori, baina herri normaletan akademien eragina hutsaren hurrengoa izan ohi da, eta herri gehienetan egon ere ez dago akademiarik. Guk ere, beraz, normaltasunera iritsi nahi badugu, geure erantzukizuna hartu beharko dugu, eta geure ahalegina egin euskara indartu eta egokitu dadin.

Etorkizunean batuak eta euskalkiek segituko dutela iruditzen zaizu?

Euskarak bizirik dirauen bitartean izango da nola edo halako batua eta nola edo halako euskalkiak. Berezko dituzte hizkuntzek.

etiketak: Editore lanak
egoitz
egoitz dio:
2009/10/28 14:23

Praktikotasunean dago giltza. Uste dot telebistak badaukala hor arma garrantzitsu bat:publikoanganako gertutasun itzela. Jakina azken berba instiuzioek dabe,tamalez. Danok bultzatu beharko dogu herri hizkera. Batua praktikotasun horren oinarrian erabili beharko litzateke nire eretxiz. gora gure euskalkiak!!

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/11/09 20:40

Batuaren aurrean kikilduta, hainbat hiztunek euren hizkerak txartzat hartzen dituztela ez da gauza barria.

Baina badagoz hizkerak eta hizkerak, euskalkiak eta euskalkiak. Askotan esaten deutsat neure buruari ea gaur egun be Mendebaleko euskara eta Zuberotarra ez ete diran Euskararen euskarak? Hizkuntza gitxitu baten berbakera gitxituak, alegia.

PD Ekarri asko, Koldo!

Patxi
Patxi dio:
2005/11/05 23:56

Eta zein izan zan euskaltzain ez-asilbestratu hori? Gainerantzeko euskaltzainek zerbait esan zuten?

"Kontua da bakoitzari bere esparrua dagokiola. Eginkizun batzuetarako herri hizkerak dira onak eta, besteetarako, batua. Hori ez zen ondo azaldu, eta gaur egun ere asko dira horretaz jabetzen ez direnak."

Horixe da gakoa nere ustez. Mezu hori gizarteari ondo azaltzea, goi-goitik hasita, instituzioetatik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.