Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Espainiarik ez ala Espainia honi ez?

Espainiarik ez ala Espainia honi ez?

xme 2005/11/03 09:50

Duela 20-25 urte izan zen eztabaida: 80a baino lehen, inori ez zitzaion bururatzen soldaduzka EZ egitea posible zenik. Kontzientzi Eragozpenaren Mugimendua hasi zen lan horretan gure artean, objetoreak (insumisioarena geroago etorriko zen). Eta lelo erraz bezain sendo bat asmatu zuten: "Soldaduskarik ez" (z ala s, beste eztabaida luze bat: soldadutza hitza izan zen nolabaiteko irtenbidea).

Aldi berean, Jarraikoek ezin zuten begi onez ikusi bakezaletasun usain gehiegizkoa zeukan saltsa hura. Eta gainera ETA militarrarekin txoratuta zeuden, gerra irabaztea posible ikusten zuten batzuek. Lagun arteko eslogana "la mili con los milis" zen, baina kanpora begira beste bat erakutsi zuten: "Soldaduska honi ez".

Gauzen martxak erakutsi zuen Jarraikoen diskurtsoa lekuz kanpo zegoela, edo ez zeukala gazteen artean arrakasta lortzeko gutxieneko aukerarik. 85erako nahiko garbi ikusten zen hori. Garaitsu hartan onartu zuen PSOEko gobernuak objezioaren legea, ordura arteko eragozleak amnistiatzen zituena (tartean ni, iufi!) eta handik aurrerakoei ordezko zerbitzu soziala ezartzen. Orduan planteatu zen insumisioaren borroka, eta orduantxe aldatu zuten beren estrategia ezker abertzaleko gazteek.

Kontu zahar horiez gogoratu nintzen bart gauean, afaldu ondoren telebistaren aurrean eseri eta Kataluniako estatutu proposamenaren inguruko eztabaidaren hondarrak ikusten ari nintzela. Josep Lluis Carod Rovirari entzun nion esaten bazela Espainia itxi, inperial, harro bat, zeinarekin ezinezkoa den konpontzea, eta badela beste Espainia bat, irekia, elkarrizketazalea, dibertsitatea onartzen duena, eta horrekin badagoela hitz egiterik eta batera lan egiterik.

Banaketa hori PP-PSOE lerroarekin bateratzea zein faltsua den badaki nik bezain ongi Carod Rovira jaunak, baina une horretan halaxe formulatzea komeni zitzaion, beren apustu taktikoak aurrera egin zezan. Taktikak taktika, eztabaida sakon eta guztiz interesgarria dago hor abertzaleentzat: Espainiarik ez, ala Espainia honi ez? Aznarren garaian estrategia biak batera joan zitezkeen, aurpegirik beltzena erakusten baitzuen Espainia horrek. Beste zerbaiten zantzuak ageri direnean, berriz, posibilismoa, pragmatismoa, errealismoa indarra hartuz doaz.

Soldadutzaren kontrako borrokan ez bezala, kasu honetan zailagoa dela ematen du Espainiatik guztiz alde egitea Espainia bestelakoa imajinatzea baino. Ikusi egin beharko, zenbateraino urardotzen dieten proiektua, eta zenbateraino katalandu litezkeen euskal sozialistak.

etiketak: Politika
Patxi
Patxi dio:
2005/11/03 12:28

Neu ere intsumiso izan nintzen, eta gogoan daukat lagun batekin izan nuen eztabaida: berak, Jarrai-en orduan, soldadutza egin egin behar zala zioen, barrenetik burrukatzeko, eta neri teoria hori hain egiten zitzaidan ulertezina, ikuspuntu iraultzaile batetik begiratuta ere!

Gure burua Espainian eroso sentitu? Hori ere ulertezina egiten zait. Batez ere, Espainia horretan hartuko liratekeen erabaki inportanteenak binkulanteak izango liratekeelako. Txikiak gera, eta tragatu egin behar beti.

Neri ez zait ahazten adibidez, OTANen barruan gaudela, eta gerra eroren bat Marokorekin adibidez, Zergaitik ez? Gogoratzen Perejil? bete betean eragingo ligukeela. Intsumisooi ere bai.

Nere aukera? Monarkia. Mendiguren errege. Ni sekitoan protokolo arduradun, eta kortea emakumez beteta.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2005/11/03 13:01

hori zori ona zuena, soldadutza egin nahi ez eta lortu

nik berriz sekulako ilusioa nuen soldadutza egiteko, oso istorio liluragarriak kontatzen zizkiguten Lazkao Txikik eta bestek, pistola bat zelan dabilen ikasi, zulotik begiratu, etsai ankerrarengandik babestu, maniobrak, gorputza zaildu, soldadutzan ikasirikoa gero eguneroko bizitzan aplikatu...

baina ene nortasun bikoitzagatik eta orain kontura ez datozen hainbat inperfekzio fisikorengatik inutiltzat jo eta ez ninduten onartu

matxalde
matxalde dio:
2005/11/04 14:58

-Hi soldatua haiz? -Ez, ni pieza batekoa!

Egin genuen, egin. Zenbat berunezko soldadutxo! Eta kaskoa jantzita, ez balak eragozteko, ez, kanpotik zetozen ideiak eragozteko baizik.

Aritz
Aritz dio:
2005/11/04 16:27

Ni ez nintzen intsumiso izan, soldaduska egitea egokitu zitzaidanerako ez baiztegoen jada soldaduskarik. Hala ere, Iruñean instumisioaren alde egiten ziren manifestaldi gogoangarriak gogoratzen ditut. Haietan abesten genuen lelo polit bat ere bai: La mili no mola ni vasca ni española!

Jozulin
Jozulin dio:
2005/11/03 15:24

Badaezpada, biharamunean bertan eragozle aurkezteko paperak eskuan nituen. Baina prorroga guztiak agortuta eta 10etik 3 libratzen zireneko zozketan libratu nintzen, igande batez, 1986ko azaroaren 17an. Hura mozkorra! Eta hura astelehena!

Orduko kontzientzia eragozleen mugimenduko zenbaitek ez zuten batzuek egin genuena onartu. Zozketan ez genuela parte hartu behar leporatzen ziguten...

asel
asel dio:
2005/11/04 14:57

Zailagoa iruditu arren, hobe Espainiarik ez. Eta Frantziarik ere ez, hau benetan amets oso urruna izanda ere. Espainia barruan, modu batekoa zein bestekoa izanda, beti eukiko du Espainia horrek azken hitza, eta gaur onartzen diguna bihar ukatzeko gaitasuna. Independentzia osorik gabe beti mendeko... Horretarako, lasterketa handietan lez, etapaz etapa joan behar dela? Zalantzarik ez, baina zenbat eta etapa gutxiago hobe, ostantzean lasterketa inoiz ez bukatzeko arrisku handiagoa... Nire erantzuna, beraz, berbera soldadutza zein Espainiarentzat. Nik beti esan nien soldadutza GUZTIEI eta armada GUZTIEI ez...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.