Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Erlatibismoaren diktadura

Erlatibismoaren diktadura

xme 2005/07/06 09:50

Ni bazkide ez naizen klubetako kontuak harrotzea ez zait gustatzen baina, Pertsiako aitasantuez hitz egin badut, zergatik ez ditut ahotan hartuko Erromako aiatolak?

Gogoan daukat Joseph Ratzinger lurtarra Benedikto XVI.a kuasizerutarra bihurtu zeneko unea. Lagun batekin nengoen berriketan, ostatu batean, eta irudi horiek eman zituzten telebistan.

Ratzingerri buruz gaizki esaka jardutea modan zegoen lehendik ere, eta zer esanik ez harrez geroztik. Fatxa bat dela, eskuindarra eta ez dakit zer. Bakoitzari den bezalakoa izaten eta pentsatzen duen bezala pentsatzen utzi behar genioke baina, eliza katolikoak besteren bizitzan muturra sartzeko izan duen joeraren ondorio izango da orain edonor hastea eliza jorratzen eta eliztarrak larrutzen.

Ni ez naiz kontu horietan sartuko; bada, ordea, Ratzingerren idazkietan gauza bat deigarria iruditu zaidana. "Erlatibismoaren diktadura" aipatu omen du, behin eta berriz. Alegia, gaur egun bakoitzak nahi duen bezala pentsatzeko eta bizitzeko bolada omen dago, dena onartzen omen da, ezer ez baita berez zuzena edo okerra, baizik bataurrekoen araberakoa. Hori litzateke, hitz gutxitan esanda, erlatibismoa.

Printzipioz, Vatikanoko capoarekin konforme. Adibidez, telebistako eztabaida batean ikusten baditut astronomo bat eta astrologo bat, lehenengoa zientziaren ikuspegia defendatzen eta bestea zodiakoaren txorakeriak, ez etorri niri egia erlatiboa dela eta besteen ikuspegia errespetatu behar dela esanez. Barkatu, baina gauza batzuk gezurra dira, besterik gabe, eta hor ez litzateke erlatibismoarentzako tarterik utzi behar.

Hala ere, askoz korapilatsuagoa da auzia. Badira munduan Zaldieroak marrazten dituen bezalako gizon jakintsuak, multikulturalismoa zibilizazioaren berezko etsaia dela diotenak, Egia Handien tokian nork bere errealitatetxoa jarriz gero tribalismora goazela, klitoriaren ablazioa eta euskararen berreskuratzea zaku berean sartuz. Erlatibismoa ukatzen badugu, egia bat dagoela onartu behar dugu. Eta egia zer den nork definitzen du? Boterea duenak.

Hori dela-eta, agian hobe luke Benedikto XVI.ak erlatibismoaren diktadura horren gogor ez gaitzestea. Zeren, serio pentsatzen jartzen bagara, orain dela bi mila urte himena urratu gabeko emakume judu batengandik gizon bat jaio zela, hura erromatarrek gurutzean hil eta handik hiru egunera hilobitik bere kasa atera zela, eta orain txaman batek hitz magiko batzuk esaten dituen aldiko esku arteko ogi zatia haren haragi bihurtzen dela sinesten dutenen fedea onartzeko, erlatibismo dexente beharko genuke eta.

Fededunekiko errespetu guztiarekin esanda.

etiketak: Saski Naski
Jozulin
Jozulin dio:
2005/07/06 15:53

Ez hori bakarrik, Jesus delako baten odola ere edaten dute beren zeremonietan... A ze jendea!

xeber
xeber dio:
2005/07/06 16:14

Aurreko egunean koadrilan eztabaidatzen ari ginen sekten inguruan. Eta lagun batek honako hau bota zuen: erlijioen eta sekten arteko ezberdintasun bakarra tamainan dago. Sektetan jende gutxi dabilen bitartean, erlijioetan jende aso dabil. Eta egia da: sineskerietan, erritoetan, eta abarretan sektak eta erlijioak antzekoak dira, igualak direla ez esatearren.

Jon
Jon dio:
2010/01/26 18:05

kaixo, ara, nik erlatibismo kulturalaren lan bat egiten ari naiz, eta esan dezutenaren arabera idei batzuk artu ditut, baina nere galdera hau da: mundu osoan erlatibismoa, kultura bakarra izango balitz, nola izango litzateke, gauzak eta pentsatzeko modua?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.