Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Udako postalak (III)

Udako postalak (III)

xme 2005/07/04 09:07

Osteguna, ekainak 30

Jeneral larderiatsu hori:

Gaur egingo duzue zuen alarde eder hori, dena txuri-gorri, arma-tiro-pun eta txiruliruli. Auzi gogorra daukazue eskopeta eta guzti atera nahi duten emakumezkoekin, baina behar den tokian dauzkazue potroak, halakorik ez gertatzeko.

Bestelako proposamen bat egin nahi nizuke nik, apalki: maribandera endredatzaile horiek behingoz isiltzeko, zergatik ez jarri gizonezko bat kantinera? Bere gona, apaingarri eta hornigailu guztiekin. Igual bazterrak gehiago nahasteko izango litzateke baina.

Ondo iruditzen bazaizue, hona bat, boluntario.

Ostirala, uztailak 1

Anasagasti estimatu hori:

Buru soildua erakusteko ageri duzun lotsaren laurdena baldin bazenu hizkuntzekin, lasaiago ibiliko ginateke euskaldunok. Irratiz entzun zaitut, bertsolariak aritu behar omen duen bezain fuerte hitz eginez, senatuan euskarari leku gutxitxo emango zaiola-eta protestan. Eta Avilako senatariek zu gutxienez bertsolaria zarela pentsatuko dute igual. Blazquez Bilboko apezpiku izendatu zutenean ere gogor zu, loro zaharrak hizketan ikasten ez duela-eta. Eta handik urtebetera, zuk hogeitaka urtean ez bezala egin zuen euskaraz Avilatik etorritako beleak.

Noiz isiltzen dira loro zaharrak, Iñaki?

Larunbata, uztailak 2

Armstrong miretsi hori:

Azken tourra duzu hau. Dena iristen da noizbait bere akabura, eta lasterketak planifikatzean adinako ikusmena erakutsi duzu gainbeherari aurrez igarri eta zure erretiroa iragartzean. Irabazi beharreko guztia irabazi duzu bizikleta gainean, eta hortik kanpo ere txapela kentzekoa izan da zure gizatasuna, zure kiroltasuna.

Zer falta zaizu probatzeko beraz? Txirrindularitzaren epikaren beste alderdia: galtzailearena. Saiatu, izerditu, sufritu eta ezin garaitu.

Ea hori ere ezagutzeko suertea duzun. Miretsi ez ezik, maita zaitzagun.

Igandea, uztailak 3

Enriqueta mon amour:

Iragarki hark zioen moduan, politika eta emakumeak ez dira dagoeneko izan zirena. Nork salatuko ditu orain nazionalismoaren gehiegikeriak: uraren harrapaketa, Olentzeroren inbasioa, euskararen inposizioa? Eta nork alaituko ditu gure bihotzak, zure lifting, apaintze eta soineko sexyrik gabe? Mihi pozoituak hor dabiltza mar-mar, PPkoekin zeunden garaian zenbat milioi pasatzen zizkizuten, Jaurlaritzaren aurrekontua bozkatzearen truke zer eman ote zizuten Inbidia hutsa.

Arrakasta guztia izan dezazula zure fase berrian. Adibidez Miss Alava?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.