Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Berlindik dator bertsolaritzaren begia

Berlindik dator bertsolaritzaren begia

xme 2005/07/01 08:45

Aurreko batean aipatu nuen Bertsolari aldizkariaren azken alea, egungo bertsolarien eta musikaren arteko harremana lantzen duena, hainbat elkarrizketaren bitartez. Bazen beste alderdi bat komentatu nahi nuena baina, berez diferenteak diren gai bi ez nahastearren, beste baterako utzi nuena.

Bertsolari aldizkarian, argazkiak Conny Beyreuther-ek egiten ditu. "Nongoa ote da hori?", pentsatuko du baten batek, izenaren arrotzak harrituta. Ba, Alemaniakoa. Lehenago ere ugari eta inportanteak izan dira alemaniarrak Euskal Herriko argazkigintzan, orain dela 100 urteko hastapenetan batez ere, eta garrantzitsuena seguru asko Koch familia, hainbat belaunalditan zehar izaera aleman-euskaldunari eutsi diona. Ikusi egin behar langintzari segitzen dioten Sigfrido Koch zenaren alabek: Nagorek, Edurnek...

Connyren kasua berezia da ordea. Berlindarra da bera, Ekialdeko Berlingoa, eta aita Alemaniako Errepublika Demokratikoko goi mailako politikaria nonbait, ministroa edo. 1998an iritsi zen Euskal Herrira, praktikak egitera Egin izeneko egunkari batean. Uztailaren 19an zen lanean hastekoa, eta egun horretan itxi zuten Hernaniko egunkaria, Baltasar Garzon izeneko epaile baten aginduz. Ikustekoa izango zen neskaren txundidura. Dena dela, gure bizinahi eta sentipenekin bat egin duela ematen du, geroztik hemen geratu baita.

Hemen geratu ez ezik, bertsolaritza modernoaren artxibo grafiko zabalena osatu duela esan liteke. Lan-eskariak halaxe ekarri zion, Joxean Agirre zuzendariaren enkarguak, baina aldizkarian azken aldian argazkiek hartu duten pisua ikusita, bistan da interes handia jartzen duela fotografoak bere lanean. Eta bitxia egiten da imajinatzea bertsolari txapeldun edadekoak eta gaztetxo belarritakodunak isilik eta esaneko Connyren aurrean.

XIX. mendean kanpotarrak hasi ziren gure ahozko ondare etnografikoa biltzen: Cerquand, Webster, Michel... Eta XXI. mendean, neska berlindar bat bihurtu da bertsolaritzaren begia. Polita.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.