Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Benetako saria

Benetako saria

xme 2005/04/28 08:00

Prentsan irakurri dut Tolosako Gure Txokoa elkarteak 75 urte bete dituela. Ez dut uste soziedade horretan inoiz afaldu dudanik, ez bertako kideekin Inauterietan mozorrtu. Zer inporta ote zait, beraz, platinozko eta eztainuzko ezteiak ospatzen dituzten?

Nire biografian toki txiki bat baitauka elkarte horrek. Hain zuen orain dela 25 urte, 50. urteurrena zutela-eta, literatur lehiaketa bat antolatu zuten; garai hartan Tolosan nenbilen BUPeko 2. maila ikasten (oraingo DBH 4), irakasle batek eman zigun sariketaren berri, eta ni animatu egin nintzen idaztera. Gaurko ikuspegitik ez du horrek deus harritzekorik, baina lehenengo aldia nuen horrelako batean parte hartzen nuena.

Kontu hauek xehetasun gehiagoz azaldu nituen "Nerabearen biluzia" liburu autobiografikoan. Ez dut gogoratzen zer zen saria: bost mila pezeta-edo; eta garaikur bat, amaren etxean bazterren batean egongo dena, bota ez banuen. Azkenean pertsonak dira benetan gogoan eta estimutan hartzen direnak: gaztelaniazko atalean irabazi nuen nik lehenengo saria, eta euskarazkoan, berriz, neure adin bereko nexka batek, Arantxa Iturbe izenekoak.

Poesia arestitarra idazten zuen orduan Iturbek, oker ez banago. Baina ongi oroitzen naiz zenbat gustatzen zitzaion hitz egitea. Niri ere bai. Geroztik ongi erakutsi ditu, idazteko eta hitz egiteko dohainak ez ezik, beste bi, oso inportanteak: zein entzule ona den, egunero bere elkarrizketetan frogatzen duen moduan, eta zein irakurle ona, idazle bat estudiora eramaten duen aldiko ziurtatzen duguna.

Benetako saria, niretzat ez ezik, irratiko entzule guztientzat.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.