Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Mezularia: errepaso digitala

Mezularia: errepaso digitala

Luistxo Fernandez 2006/12/19 11:27
Maite Artola, Euskadi Irratiko Mezularia programako gidaria, asko haserretu ei da nirekin. Sustaturen 5. urteurren ekitaldia dela-eta, zuzenean sartu nintzen jaia hasi baino lehen, 5 bat minutuko elkarrizketan Euskadi Irratian. Galdetutakoak erantzun nituen, eta hala, ekitaldira. Han, nire txanda iritsi zenean, nire presentazioa bota nuen, eta han, ziria zegoen Mezulariaren kontura, egunero egiten duten digitalen errepasoan euskarazko errealitate digitalari muzin egiten zaiola-eta. Ez zen ziri bakarra izan, beste bat ere egon zen, albiste zer den edo zer den ez konfusoa gertatzen baitzaigu eduki digitalarekin dihardugula (eta bigarren ziri honen protagonista entzule zegoen bertan).

Kasualitatea, ni hori esaten ari nintzela, Mezularia berriro itzulia zen ekitaldira, zuzeneko konexioarekin, eta orduantxe gertatzen ari zena uhineratu zen, neure interbentzioaren tarte zehatz bat.

Min eman zion horrek Maite Artolari, eta berde jarri ei ninduen. Hurrengo egunean ere bai, kritika gehiago izan ei ziren. Tira, ez ditut entzun kritikok, baina ez dut uste garrantzi handirik duenik ez Luistxoren edukazio eskasak, ezta Maite Artolaren haserreak.

Neure hitzetan ere, Sustatun bertan lagatako kronikan:
...Egunero egunero, entzule euskaldunari programa horretan eskaintzen zaion digitalen errepasoan Clarín eta Le Figaro agertzen dira. Egunero dute zerbait interesgarria, albiste edo iritzi esanguratsuak, jakingarriak. Euskal blogek, ez Sustatuk, ez beste ezerk ez dute errepaso digitalean sekula aipamenik jasotzen. Clarín, beti interesgarri, Sustatu sekula ere ez..
Kontuaren muina ondo jaso du Xabier Lasak, Berria egunkariko bere irrati-komentarioan. Igandeetan izaten da Uhinetatik tiraka, baina ez dirudi online jartzen dutenik. Hortaz, hona kontuari dagokion ahapaldia hona kopiatua:
Hautsak harrotu ditu Sustatu.com-en bosgarren urteurreneko jaian asteazkenean Luistxo Fernandezek bota zuen harrikadak. EIko Mezularia-ko zuzendari Maite Artolarekin elkarrizketa eduki eta berehala jendaurrean egin zuen diskurtsoan, Luistxok irratsaio hori bera kritikatu zuen; bere esanetan, agerkari digitalen irakurketara iristean Clarín, Le Figaro eta halakoek beti daukate titulu interesgarririk, eta Sustatuk, aldiz, inoiz ez. Asko gabe Artolak Luistxoren hitz  mingarriak antenaratu eta harridura azaldu zuen, elkarrizketan gaia aipatu ere ez ziolako egin; kritikaren mamiari ez zion erantzun nahi izan Artolak, hala ere. Egia esan, ez da lehen aldia Mezularia jomugan jartzen dena. Joxe Arantzabalek bere blogean uztailean egin zuen gogoetak eta jaso zituen erantzunek zera leporatzen zioten, besteak beste: paperezko edizioa duten agerkari digitalei bakarrik jaramon egitea, gertuko pentsamenduaren erreferentzia den euskal blogosfera ezerezean uztea, El Mundo bertakotzat eta Le Monde nazioartekotzat jotzea... Biharamunean, Mikel Irizar solaskideari erantzunez, jasotako kritika aztertzen ari zirela baieztatu zuen Artolak. Pentsatu nahi dugu agerkari digitalen atala osatzeko irizpideak aldatu egingo dituztela goiz edo berandu.
Zuzenean egin zidaten elkarrizketan, galdetu izan balidate... ba botako nuen gerokoa, baina ez zen egokitu galderarik. Adibidez, galdetu balidate zer esan behar nuen ekitaldian, edo nola ikusten nuen hedabide tradizionalen eta blogosferaren harremana... Horrek emango zidan bide Artolari zuzenean aurpegiratzeko errepaso digitalarena. Baina ez zen tokatu.  

Geroko konexioa sorpresa konpletoa izan zen Artolarentzat. Normala. Bat-batean entzunda kritika, mindu egiten da bat. Ni honezkero ez naiz mintzen Clarín entzuten dudanean errepaso famosoan. Hasieran tripako mina ematen zidan. Baina aizkenen, egunero egunero entzunda, barregura ematen dizu. Eta urteurreneko ekitaldiko audientziak barrezka hartu zuen nire ateraldia, noski.

Mezulariak euskarazko digitalen errepaso benetakorik egin izan balu sekula, edo egin izan baliote sekula Mezulariako zuzendariari, akaso enteratuko zen agertu zela kritika neure blogean, Joxe Aranzabalen Faroan, Zabaldu.com-en... Baina ez, errepaso hori ez zegoen eginda. Egingo dute hemendik aurrera? Ez luke horren zaila izan behar Zabaldu.com, Sustatu, Aurki (orango impasse honetatik altxatuko ahal dugu!) eta beste pare bat portada errepasatzea, bistadizo batean, ea zer esaten den... Clarín baino hurbilagoko edukia, duda barik.

Erreferentziara digitalerako:
etiketak: sustatu, blogak, irratia, eitb
Magic
Magic dio:
2006/12/19 23:06

Jo, Luistxo, arrazoi osoa daukazu.

Nik ere harriduraz entzuten nituen Clarin edo El Mundo bezalako hedabideen aipamenak eta, urteurrenaren egunean, aipamen hori egin zenuenean barregurea sartu zitzaidan, askotan burutik pasatzen zitzaidan ideia bera zure tonu "didaktiko" horrekin bota zenuelako.

Baina irrifar hura ez zen txiste on bati darion irrifar horietako bat, soilik, euskal blogosferaren konplizitate keinu bat zure hitzekin baizik. Bertaratutako gehienok antzeko zerbait pentsatu eta sentitu genuen eta zure hitzak gureak egin genituen irrifar horren bidez.

Ea Maite Artolaren haserre honek balio duen hedabide "serio" hauek, euskarri digital hutsean argitaratzen diren beste hedabideen albisteak, aintzat hartzeko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004