Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Hartzaileak Interneten informazioa jarraitzeko dituen moduak: zori hutsetik, gogokoetara, eta XML feed-etara

Hartzaileak Interneten informazioa jarraitzeko dituen moduak: zori hutsetik, gogokoetara, eta XML feed-etara

Luistxo Fernandez 2004/11/03 08:09

Azaroaren 12an hitzaldi bat eman behar dut Euskal Kazetaritzaren I. Kongresuan: Bitartekaritzarik gabeko kazetaritza. Era berean, azaro honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko langile talde batentzat ikastaroa prestatu dut, Nola bilatu informazioa Interneten.

Bietan (Kongresurako txostenean eta prestaturiko ikastaroan), hartzaileok, Interneten informazioa bilatzeko, informatuta egoteko, ditugun estrategiak aztertzen ditut. Eta, zehazki, estrategia horien eboluzioa: denboran Internet aurreratzen doan heinean, eta baita gu erabiltzaileok gero eta arituago bihurtzen garen heinean.

Nik kontu hau zentzu eraikuntzarekin lotzen dut. Hau da, Internet informazio itsaso ikaragarria da. Multzo hori zarata da gehienbat. Nola atera zentzua zaratatik? Kongresuan ikuspegi batetik jorratuko dut: informatzaileen ikuspuntutik:

  • nola egin dezake igorle batek berak banatutako informazioa ez dadin zarata hutsa izan, norabait irits dadin eta kontuan har dadin?

Eta ikastaroan beste ikuspuntutik, hartzaileen ikuspuntutik:

  • nola egin hartzaile batek informazio-zarata itsasoan ez itotzeko eta informazio interesgarria aurkitzeko, informazioarekin zentzua eraikitzeko?

Hori azalduko dut mezu honetan. Azken batean, bi ikuspuntuak lotuta daude, eta are lotuago egongo dira aurrerantzean, hartzaileak igorle ere izan daitezkeen heinean. Izaten ari dira, jada, blogekin-eta.

Gaurko honekin, eta hurrengo egunetako beste batzuekin, Kazetaritza kongresu horretan esango dudan jasota geratuko da blog honetan.

Hartzaileak informazioa jarraitzeko dituen moduak: zori hutsetik, gogokoetara, eta XML feed-etara

Hartzaileak informazioaz jabetzeko prozesuan, era berean, beste gauza bat ere interesatzen zait: zentzua sortzeko ze aukera duen. Informazioari mamia ateratzeko gauza den ala ez...

Lehen fasea:

  • Hartzaile hasberria
  • Informatzeko taktika: al buen tun-tun
  • Zentzua sortzeko aukera mugatua


Zera da koxka: zerbait irakurtzen dugu, iragarki bat, entzun dugu zerbait, eta orduan bisitatzen dugu webgune jakin bat edo saiatzen gara bilaketa baten bidez zeozer topatzen.

Informazioa horrela jasotzea eta banatzea zaila da. Bilatzaileen kapritxoen mende daude informazio ekoizleak eta hartzaileak, eta erreferentzien dantza ere aldakorra da. Webgune batek prentsa-aipamena lortu eta bisitak lortuko ditu, erreferentzia horiek idatziz zirkulatzen duelako, baina 24 orduren buruan, erreferentzia zakarrontzira doa.

Zorte hutsaren "bitartekaritza" sufritzen du informazioak hartzailearengana iristerako, eta horren gainean "zentzua" eraikitzea zaila da.

Erabiltzaile aurreratuagoak, zorte hutsaren bitartekaritza kenduko du, apurka-apurka, Interneteko bere informazio kanalak zehaztean. Lehen urratsa, gogokoenen edo faboritoen zerrenda egitea da.

Bigarren fasea:

  • Hartzailea ikasten hasi da
  • Informatzeko taktika: Iturri eguneratuak, gogokoetara
  • Zentzua sortzeko aukera gehiago (bai berak, eta bai igorle hautatuek)


Hartzaileak zentzua eraikitzeko aukera gehiago dauka horrela. Jakina, informazio esparru jakin batean, ez interesik, ez eguneratzeko modurik, ez erabiltzeko erraztasunik ez duten webguneek ez dute faborito edo gogokoenen zerrenda jakin batean agertzeko aukerarik. Kriteriodun hartzaileen informazio multzoetatik kanpo geratuko dira informatzaile horiek.

Informazio bideek hierarkia argi bat dute, gogokoenetatik datoz kontsulta eta informazio esanguratsuak, eta besteak bilaketa+erreferentziak, lehen bezala, zortearen bidez informaziorik inoiz filtratzen bada, ba ondo, baina normalean...

Internauta gehienak iritsi dira, esango nuke, informazioaren gainean kontrol apur bat izatera metodo horren bidez. Baina laster etorriko da informazioaren gaineko kontrol are estuagoa egiteko garaia. Une jakin batean, gogokoenen zerrenda handi bat kontrolaezina bihurtzen da: gogokoetan loturak egon badaude, uzten ditugu, baina haiek egunero bisitatzea... gogokoetan klikatzea, asko pilatzen direnean (informazio gehiagotara iristeko premia sentitu ahala), zortearen faktorearen pareko bihurtzen da: gogoratzen garenean klikatzen dugu. Azkenean, gogokoenen zerrendan, igual 40 lotura ditugu, baina egunero bisitatuak pare bat besterik ez dira izaten.

Baina erabiltzaile espertoa, beste fase batera iristen da:

Hirugarren fasea

  • Hartzaile aurreratua
  • Informatzeko taktika: iturri eguneratuak, feed bidez
  • Zentzua sortzeko aukera gehiago (bai berak, eta feed-a duten igorleak)


Zentzua eraikitzeko modu zuzena hau da. Blog-erako informazio iturrietatik datozen feed-etara harpidetza eginez, benetako diskriminazio bat egiteko aukera dugu internautok. Kostatu da hona iristea, baina behin aurkitzen duzuenean informatzeko modu hau, kateatuta geratzen da bat, e-postaren ezinbestekotasuna bezainbestekoa bihurtzen da feed-harpidetzen gaineko zainketa eta irakurketa.

Feed-harpidetzaren "bitartekaritza" hartzaileen zentzunean eta informazio beharretan du oinarria. Informazio ekoizleek kontuan hartu beharko lukete hori. Gogokoen bidezko bisitak, eta bilaketa+erreferentzia metodoaren bidez informazioa hedatzeko moduak, informazio hedapena zoriaren mende uztea ekarriko dute. Informazioa egoki enpaketatu behar da medio berri honetan, ez edozein modutan, eta Interneteko web nabigazioa 10 urte zahar bada dagoeneko: estandarrak badoaz finkatzen, zerk funtzionatzen duen eta kea zer den argiago ikusten da honezkero, 2004. urtean.

Gero eta webgune eta informazio gehiago dago sarean, baina erabiltzailearen arreta esparrua orain bezalakoa izango da: minutu batzuk goizero lanean, ordenagailuaren aurrean lanari kentzen ahal dizkiogunak. Minutu gutxi horiek, hartzaileak, harpidetza zehatz batzuetan igaroko ditu gehienbat, eta aldiz, informazio-ekoizleek, minutu gutxi horietan irakurle bakoitzak emango dizkien segundu apurretan lortu behar dute arreta piztea. Sarearen inflakzio informatiboa ekoizleentzako ere bitarteko filtro handi bat da, baina horretan, bitarteko tekniko berri honek (XML feed-ak) laguntzen du zikloaren bi aldeetan: aukera ematen die ekoizleei informazioa zuzen enpaketatzeko, eta hartzaileei informazio-itsasoan aukeraketa zehatz bat egoki egiteko.

Hortaz:

  • XML Feed bidez informazioa hedatzen dutenek lortuko dute arreta, epe ertain edo luzera.
  • Zentzuzko informazioa eskuratzeko modua, feed-etara harpidetutako irakurleek izango dute.

Hortik, kanpora: informazio desegituratua.

Nik, adibidez, honela jarraitzen ditut, nire ofizioagatik, interesekoak zaizkidan Interneteko hiru enpresaren jardunak:


  • Google zertan dabilen, Dirsonek kontatzen dit, eta haren feed-aren bidez jakiten dut nik.
  • Microsoft zertan dabilen, hainbat tokitan agertzen da disekzionatua: Barrapunto jarraituta, eta tarteka beste hainbat blogetan agertzen diren erreferentziekin, nik nahikoa daukat.
  • Sun zertan dabilen, insider oso interesgarri baten blogaren bidez jarraitzen dut nik, Tim Fosterren blogera harpideturik.

Eta, nik bezala, beste askok ere berdin egiten dute, eta horietako batzuek, gainera...

  1. Egoki informatuta daude.
  2. Jasotako informazioa liseritu, prozesatu eta zentzunez hornitzeko gauza dira, ez dira prentsa-ohar ofizialen sinesdun hutsak.
  3. Batez ere, eurak ere igorle bihurtzen dira


eta holako blogak jarraitzen ditugularik, hain zuzen, informazioaren zikloa zentzunez osatzen doa... Hedabide tradizionaletako propaganda eta informazio erabat mediatizatua gaindituz.

iigo
iigo dio:
2004/11/04 21:43

Gustu handiz irakurri dut, Luistxo, zure ekarpena. Benetan. Segi horrela, lanean tope, gu guztioi argi pixkat egiten.

Dena dela, eta mantentzen duzun tesi nagusiarekin bat natorren arren (“zori hutsetik, gogokoetara, eta XML feed-etara”, hau da, pixkanaka bitartekoa kontrolpean izan eta informazioa filtratu eta antolatzera), zera eztabaidagarririk ere topatu dut zure argudio-kate horretan, eta nire zenbait kezka botako dizkizut.

Ikusi, “Nola bilatu informazioa Interneten” irakurri dudanean, beste gauza bat imajinatu dut, oso interesgarria ni bezalako internetero arrunt batentzat: uste nuen erabiltzaileek eskaintzen dtuzten aukerak nola maximizatu, sarean nola mugitu eta abar azalduko zenuela... Zergatik? “Gogokoen” fasean aipatzen duzun “bilaketa + erreferentzia” eskema hori ez delako sekula bukatuko, eta ondorioz, bilatzaileak ondo erabiltzen jakitea beti beharrezkoa izango dugula uste dudalako.

Eduki dezakezu feed-bidezko erreferentzia ugari berehala eta erraz irakurtzeko moduan, baina beti izango da unean-uneko gaiaren inguruko beste informazio iturriren bat kontsultatu nahia, edo sortu berri den beste iturriren bat... Hartzaile moduan beti izango dugu zer bilatu-aurkitua sarean.

Zera diozu: “XML Feed bidez informazioa hedatzen dutenek lortuko dute arreta”. Bueno, nik esango nuke –zehatzagoa izan nahian–, beren informazioa hedatzeko teknika hori ere erabiltzen dutenek aukera gehiago edo beste modu bat ere izango dutela beren mezua zabaltzeko. Benetako borroka, ordea, ez dago hor. Lehia nagusia beste plaza batean dago, munduan bizi baikara, sarean baino gehiago.

Ez gara interneten bizi (soilik). Informazioz eta produktuz gainezkako itsaso zaratatsu honetan (zabortegiaren metafora benetakoagoa izango litzateke beharbada...), publizitateak, marka korporatiboek eta bestelako komunikazioek eragin nabarmena dute. Zuk ondo asko aipatzen duzun bezala: “zerbait irakurtzen dugu, iragarki bat, entzun dugu zerbait, eta orduan bisitatzen dugu webgune bat”. Bada, hori, igorle moduan XML feed-a eskaini beharko dugu, baina hori ez da, nire iritziz, erabakigarriena izango trafikoa lortzeko.

“Nola bilatu informazioa interneten” irakurri nuenean kontent jarri nintzen, hain zuzen ere, “Hedabide tradizionaletako propaganda eta informazio erabat mediatizatua gainditu” nahiko nukeelako, baina ez dakidalako haiek sarean topatzen bilatzaileen bidez, (haiek XML-feed iturria eskainita edo gabe). Haietako batengana heltzen naizenean, dela “prentsa-aipamen” bat lortu duelako, dela blog batean irakurri dudalako edo auskalo non ikusi edo entzun dudalako, orduan bai nire bloglinesean fitxatuta edukiko dut. Hura deskubritzea, ordea, nola? Nola bilatu informazioa interneten (aurreneko aldiz)?

Feed-ak aurrerapauso txalogarria eskaintzen duela ez daukat zalantzarik. Herraminta berri honek gehien bisitatzen ditugun webguneekin denbora ez galtzen, dena antolatuago edukitzen eta abar lagunduko digu, baina bi baina: 1. Internet gainontzeko masa-komunikabideak baino demokratikoagoa edo horizontalagoa den arren, XML feed-ak ez du bere mezua zabaldu nahi duenarentzat aurrerapauso benetan kualitatiborik ekarriko, nire ustez.

  1. Kontuan eduki behar da, baita ere, askok interneten ez dugula testu-informazioa soilik bilatzen. Egia da, telebista ez bezala, entretenimendutik urrutiago eta informaziotik gertuago dagoela ziur asko internet, baina sarea ez da testu-informazio-idatzia jaso eta igortzeko leku hutsa.

Horiek nire iritziak, gehiegi antolatu gabe botata, Luistxo. Honen guztiaren oinarrian dagoen funtsezko ideia asko gustatzen zait, zuk aipatzen duzun hori: “hartzaileak igorle ere izan daitezke”. Hori da internet, ezta? Interaktibitatea. Gu bion elkarrizketa hau sarean hementxe, zure blog hau tarteko.

Barkatu luzatu izana, eta zuk ni baino hobeto ezagutzen duzun gai honetan astakeriren bat bota badut.

Ondo-ondo bizi.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004