Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Minaren Unitatea

Luistxo Fernandez 2024/01/27 11:43
Testu hau audio pieza bat egiteko sortu nuen, Ttap aldizkarirako; baina oraindik ez da han argitaratu hurrengo alean izango da, hurrengo asteburuan. Baina tira, nola tartean ebakuntza bat dudan, gaixotasuna aurkitu didatelako, ba aurreratzen naiz testuarekin ze Twitterren ere jakinarazi nuen eta... tira, hor konpon.
Minaren Unitatea

Bitter Sweet Symphony that's life.

Koloneko minbizia aurkitzen badizute Donostian, Minaren Unitatea deritzon toki batean esaten dizute osasungintza publikoan. Hipokresiarik gabeko izena eskertzen da, okerragoa litzateke Animo Gazteak Unitatea edo Gure Esku Dago eta Ahal Dugu Unitatea izatea. Aurre-abisuarekin zoaz, unitate izenak ematen dizulako pista bat, baina hala ere sustoa hartzen duzu, nik hartu nuen bezala.

Lagunen batzuek ere hau entzun edo irakurritakoan hartuko duzue sustoa ere. Tira, aldez aurretik grabatutako pieza bat da, eta irteten denerako Ttap-en, uste dut kirofanoan edo handik irten berri izango naizela. Eta osatzeko bidean.

Nik uste dut dena ez dabilela hain gaizki, ze minik gabe, sintomarik gabe, osasun publikoko anbulategiko txirrina neuk jo gabe aurkitu didate koloneko tumorea. Osakidetzak jo zuen neure etxeko txirrina, ez aldrebes. Arazketa edo proba periodikoak egiten dituzte adin batetik aurrera, etxera gutuna bidalita, eta lehen analisi susmagarri batetik, beste proba gehigarri bat eta horrela. Gehiegi hazi ez den eta minik ematen ez duen polipo oker bat omen, kirurgiak kendu dezakeena. Kendutako odoloste-pintxoa analisatu behar da, dena dela, eta horren arabera kimio tratamendua egitea ere posible da. Edo ez.

Minbiziak gazteegi hil dituenak ezagutu ditut (ama, anaia), eta gainditu dutenak ere bai (arreba, lagunak). Azkar aurkitu izanak bigarren multzotik gertuago jartzen nau, espero dut, baina hori ere luzapen bat izango da azken batean. Hori jakinik, inoiz adierazi dudan bezala, mesedez “bakar mutu leizera jaitsiko garenean” nire hondarrak jar ditzatela Il Gesù elizan, Erroman, San Inazio gure patroi handia hilobiratuta dagoen tokian. Ahal izanez gero hori. Eta bestela, B planen bat bururatuko zaigu.

Gaurko amaitzeko, aipu azkar bat: esaten dute badagoela Kolon pasealeku bat Donostian. Mesedez, extirpa dezatela izena, mutur batetik bestera oso-osorik, eta Txillardegirena jarri. Udal liburutegiari bai, baina pasealekuari ere bai.

PD1. Testua idatzi eta grabatu nuen, gainera, jakin gabe emazteak zer pasatu behar zuen... zer gainditu duen azken egunotan. Eskerrak osasun publikoa baden oraindik inguruotan, eta horko profesionalen lana...

PD2. Blog post honen irudiaren azalpena: Gaixotasunaren kontrako borroka topiko heroiko gerlariz marraztea nahiko ohikoa da, borondatea eta barne-indarra eta bla bla. Ez dut horretan asko sinesten (nahiz eta errespetatu gaixo batzuek aldarte hori berena egitea); egingo dut medikuek esaten didatena, eta ea zer irteten den, 1. postdatan esan bezala, Osakidetza esistitzeari eta bertako profesionalei eskerrak ematen. Baina gainerakoan, nire rollora jarraituz ekingo diogu datorrenari, borde/ironiko samarra izaten, The Verveko kantaria Bitter Sweet Symphony bideoan bezala, ez baitzait iruditzen protagonista gudari bat denik, iruditzen zait txantxa akojonante baten protagonista bat dela... espiritu horrekin bat eginez, ieup!

Eibar, zulo beautiful bat

Luistxo Fernandez 2023/12/01 10:30
Duela aste batzuk, urrian, lan egiten dudan enpresako lanen artean izan genuen nazioarteko konferentzia bat Eibarren antolatzea, enpresaren egoitza dagoen herrian. Argituko dut, lankideen artean funtzio banaketa bat egon zela eta antolakuntza beste batzuen esku egon zela neure kargu baino gehiago. Hala ere, nire partehartzearekin ere harro nago, zeren dexenteko arrakasta izan da.
Eibar, zulo beautiful bat

Kim Nguyen plonezaleak Mastodonen zabaldutako bat.

Detaile gehiegitan nahastu gabe, esan dezagun Plone esaten zaion teknologia batekin lan egiten dugula, software libreko azpiegitura dela, eta antolatu genuen urteko Plone Konferentzia izan zela. 150 informatikari inguru, Eibarrera etorriak, biltzar industrial teknologiko batera, beraz. Aurretik Tokyo edo Viena bezalako tokietan izan da Plone Konferentzia. Datorren urtean Brasilian izango da, Brasilgo hiriburuan. Eta tartean, ba, hortxe, Eibarren, nire jaioterrian.

Ez dakit pronostikoen kontra izan den, baina Konferentziaren bi lorpenek harrotzen naute bereziki. Batetik, Euskal Herriarekin, Basque Country esaten dioten honekin, lotu dugu konferentzia. Indiako Bihar estauko parte-hartzaile indiar baten aurkezpenaren lehen orrian ikusi nuen, bere gaiaren izenburua eta, Ohi den bezala, kokapena, Plone Conference, Eibar, Basque Country. Gainerako parte-hartze eta sare sozialetako iruzkinetan horixe bera ikusi dugu, branding ariketa “nazionala” oso ondo irten zaigula, komatxo arteko “nazional” bat esaten uzten badidazue... 

Aipatzekoa den beste lorpena, jendea Eibarren edertasun distiratsuarekin harrituta uztea izan da. Beautiful Eibar esan digute bisitariek behin eta berriz, eta horretan “Beatiful People, nice people” faktorea azpimarratu dute, baina ez bakarrik alde humanotik. Hau da, egonaldia atsegina gertatzeko bisitariei lana egin genuen, eta kolaboratu zuten baita Udalak antzoki bat utziz eta UEUk Markeskuako bere egoitza lagata, azpiegitura eta tratu aldetik jokaldi ondo irten zitzaigun. Baina objektiboki ere, faktore estetiko hutsetan, Eibar zatarra ez delako kontzeptu ustez oximoroniko hori ikusi dugu atzerritarren begietan, banatu dituzten argazki eta iruzkinetan.

Zulo batean sartutako nahaspila arkitektoniko-urbanistiko bat da Eibar, baina zuloa bada, inguruan malda berdeak dituelako da, eta zulo izatearen baldintza geografikoek ondorio historiko eta ekonomikoak izan dituztela ere azaltzen saiatu ginen; industria sormena sustatzeko faktore bat izan dela, azken batean. Zulo beautiful bat, harro esan dezakegu eibartarrok.

(Ttap agerkari digitalerako grabatu nuen testu bat da hau, eta bere audioa hemen entzun daiteke).

Visite Azcoitia de la mano de Urola Turismoa

Luistxo Fernandez 2022/06/26 12:37
Urola Turismoa erakundeak 2022rako Loiola inguruko hainbat bazter ezagutzeko bisita turistikoen egitaraua aurkeztu zuen duela egun batzuk. Gaur izan da lehen ebentoa, eta salatu behar dut, gaurkoa bezala izango diren beste guztiak ere: ESPAINOLEZ antolatu dituztela. Zuzentzen ez badute egoera behintzat...

Interes berezia neukan gaur Urola aldeko eraikuntza mudejarrak ezagutzeko. Jakinarazi zidaten duela egun batzuk aukera egongo zela, Urola Turismoa erakundeak antolatutako 2022ko udako jarduera egitasmoan azaltzen zelako aukera gaurko. Hona informazioa bertako hedabide batean, eta eskuorria PDF eran, zeren eta Urola Turismoaren webgunean ez dator udako jardueren berri (dakikezunez, errazagoa zaio euskal erakunde estandar bati eskuorri bat inprimatu eta Annapurnara helaraztea, web bidez informatzea baino).

Ba tira, eskuorriko jarduera horiek guztiak ERDARAZ (eta zehazki ESPAINOLEZ) antolatu direla zehaztea inportantea iruditzen zait. Lehenbizikoan izena emateko, deitu nuen atzo Azpeiitiko Turismo Bulegora, eta galdetu nuen ea ze hizkuntzatan izango ote ziren. Iruditu zitzaidan sorpresa hartu zutela galderarekin, baina esan zidaten "joandakoen arabera, inork gaztelaniaz eskatzen bazuen, gaztelaniaz izango zela". Bikaina politika, pentsatu nuen. Izatez, gaizki informatu zidaten, hori baino itsusiagoa izan da egoera: bertaratutako guztiak euskaldunak izanda, euskaraz eskatuta, eta gidariak euskara jakinda, bisita azalpena gazteleraz izan da.

Gidariak bazekien euskaraz, ez da ezagutza kontua, prestaketa baizik, landu gabe zeukan edukia euskaraz. Eta bere errua ere ez da izango, esan badiote ez prestatzeko eta dena erdaraz egiteko. Inpresioa hartu dut gaurkoaz gain 2022ko egitarau osoa horrela dela, ez bakarrik gaurkoa. Ez "elebitasun" indefinitu batean, edo "segun nor azaltzen" den, baizik eta ESPAINOLEZ ETA KITO.

Eskuorriak edo Uztarriako albiste honek ez dute zehazten hizkuntza politika. Urola Turismoak ze kudeaketa eredu duen ez dakit, ze izatez, gorago aipatu dudan bezala egitaraua ere ez da ageri beren webgunean. Azkoitiko Udala ez dago UEMAn. baina Azpeitiko Udala bai, eta atzo izena eman, Azpeitiko Turismo Bulegotik egin nuen: pentsa beza baten batek (hau irakurtzen badu) ea UEMAkidetzak erantzukizunik ezartzen duen herrian egiten diren turismo ibilbideak antolatzeko orduan. 

Hizkuntza politikarik gabeko ebento antolakuntza badakigu nolakoa den, edo erdaraz zuzenean, edo bertaratu eta bueno, "euskaraz egingo dugu?" batek eskua altxatu arte eta "es que yo prefiero en castellano". Delako zirkunstantziengatik, antolatzen dena gazteleraz bada, gutxienekoa da abisatzea, estres linguistikoa herritarron bizkar utzi barik: pasa ezazue lotsa zuek antolatzaileok, ez guk. Eta bestela, konpondu, bisitak hizkuntzaren arabera antolatu: ordu honetan hau euskaraz, hura gazteleraz, bestea ingelesez. Ba omen da beste metodo bat inon aplikatzen dena, izena ematen duen lehenak aukeratzen duela hizkuntza: bueno, sistema bat da, web bidezko informazio egoki eta eguneratuarekin funtziona dezakeena.

Nire aldetik oharra bidaliko dut Elebidera eta Hizkuntza Eskubideen Behatokira.

Ernesto Fernandez gure anaia (1955-2022)

Luistxo Fernandez 2022/03/18 15:20
Gure anaia, Ernesto Fernandez Ostolaza, 66 urterekin hil da gaur Ermuan, bere etxean, minbiziak jota, gehien maite zuenak lagunduta.
Ernesto Fernandez gure anaia (1955-2022)

Ernesto Fernandez Ostolaza

1955eko ekainaren 5ean jaio zen Ernesto Eibarren. Langile familia batean, hirugarrena izan zen geroago lau senide izan ginen familian; Josefi Ostolaza eta Jose Luis Fernandezen umeak.

Eibarren Alfako eskoletan ikasi zuen, gero Institutuan, eta enpresariales ikasketak egin zituen geroago. Txiki zuen goitizena Eibarren, eta ez zen oso handia, baina geuk (Fernandeztar eibartar hauek) aleman jendearekin dugun traza berezian, Rudi Voeller futbolista alemanaren kalkoa zen Ernesto, bibotearekln edo bibote barik, aurpegi eta ile nahasi urdindu berdina zeukaten.

Enpresa eta diru kontuak ikasita, bankuan lan egin zuen Ernestok. Banco de la Vasconia zeritzon hartan. Eibarko Dos de Mayo kaleko sukurtsalean urte askoan, gero Zornotza eta Hernanin ere ibili zen. Vasconia desagertua da; laneko azken urteetan Ernestok ez zuen gogoko nola aldatu den bankagintza. Bere lana hainbat urtean izan zen sukurtsalean jendeari bere aurrezki eta kredituak jestionatzen laguntzea. Azken urteetan, bankuek produktuak saltzen dituzte, eta bulegoko jendea gehiago dira, dirudienez, produktu horien komertzialak edo kolokatzaileak. Hori ez zen bere gogoko lana izan.

Jubilatu zen eta… urte batzuk geratu behar zitzaizkion baina 2020ko pandemia zoroan, diagnostiko batek akaso gehiegi tardatu zuen, eta berandu aurkitu zioten sabeleko minbizia. Tratamentua berandu hasi zen, 2021ean eta jarraitu zuen urte amaierara arte, baina frenatze partzial bat izan zen bakarrik.

Kimioaren minekin ez jarraitzea erabaki zuen abenduan. Serenitate ikaragarriarekin, borondate propioz, bere azken asteetan erakutsi duen gogo sendoak inpaktatu gaitu. Inorentzako erreprotxe barik joan da mundutik, bizi izan den bezala, sekula inori kalterik egin ez dion gizon apal eta zintzoa.

Ernesto zoriontsu izan da Arantxi Barrondo bere emaztearekin. Ermua eta Eitzaga arteko Sallabenteko Barrondotarren arteko Arantxi, izan da andre on bat gizon on baten ondoan. Azken hilabeteetan lanean eta zaintzan aritu da Arantxi, Ernestoren ondoan bezainbeste, zaharretxeko bere lanpostuan, pertsona nagusiak zaintzen Covidaren pandemian. Oraintxe laster jubilatuko da Arantxi, eta zelako momentu injustuan tokatu den hau pentsatzeak bihotza txikitzen digu. Hala ere, eskerrik asko Arantxi, zelan eman animoak orain, zelan eskertu hau dena… esan egin behar da behintzat.

Eta eskerrik asko Ernesto, gure anaia izateagatik, gure langile familian langile bat, laguntzeko prest beti.

Ernestori egingo zaion agurra apala izango da, berak eskatu eta prestatu duen bezala. Hiletarik gabe, martxoaren 19an, larunbatez, Eibarko Otaola kaleko tanatorioan elkartuko gara 11:30etatik 13.00etara, eta arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara. Gero erraustuko dute eta Arantxi alargunak hartuko ditu errautsak, intimitaterako.

Hiriari "kaixo" esaten dioten aita-alaba horiek

Luistxo Fernandez 2022/01/08 13:32
Atzo Donostian lekuko izan nintzen gauzatxo batena.

2022ko eskola egunak atzo hasi ziren, urtarrilak 7, ostiralarekin. Egun bitxi bat; nik zubia nuen lantokian, baina eskolaumeak ikastetxeetara joan ziren. Kasualitatez, egiteko bat neukan ikastola batetik gertu 9ak baino lehentxoago, eta hantxe nengoela aita-alaba batzuk hurbildu ziren.

Ni senide baten zain nengoen, errekadu baterako, kaleko zenbaki jakin baten aurrean. Eta kalean behera etorri ziren aita eta alaba, ikastolako sarrerarantz. Aita gizon gazte bat zen, itsua; esku batean makila zuria ezker-eskuin taka-taka zerabilen bidea egiteko. Beste eskuarekin neskato txiki bati eusten zion, haur hezkuntzakoa izango zen. Eta neskatoak tarteka esaten zuen, "kaixo, kaixo".

Hurbildu zirenean esan zuen neskatoak beste "kaixo" bat, eta espaloian toki eginez erantzun nien, "kaixo, bai, egun on". Aitak erantzun zuen, "egun on", eta bidean behera jarraitu zuten ikastolara.

Ez dakit aitak zeraman haurra, edo haurrak aita. Ez dakit "kaixo" espontaneoak ziren, edo "mugikortasun estrategia", termino moderno batekin esateko. Elkar zeramaten kaletik aita-alabek, "kaixo" esaten Donostiari.

21. mendeko euskal artxibo digitalaren zain

Luistxo Fernandez 2021/12/06 10:09
Gaur bete dira 20 urte Wikipedian euskarazko artikulua sortu zela. Duela pare bat aste ospatu genuen halaber Sustatuk 20 urte egin dituela sarean. Bi kasuetan, orduan idatzitakoaren aztarna gorde da sarean. Baina mende hasieran digitalki egindako gehienaren arrastoa galduta dago tamalez.

Sustaturen kasuan izan dira 14.000 artikulu. 20 urtean. Bada zerbait. Ondo antolatutako artxibo batean... eta aldiz, klikatzen duzu eduki zahar hartan eta... albiste bakoitzean anotatu genituen estekek ez daramate inora.

Beste artxibo berezi bat ere bada Sustatun. 2012ko udatik, 9 urtez, ia gure bizitzaren erdian Twitterretik euskarazko txioetan aipaturiko beste 39.000 artikulu bildu ditugu. Horietarik 30.000 euskarazko edukia detektatu zaielarik, argitaratuta daude gure artxiboan, bakoitza media batean euskarazko 10 bat txiok bultzatuta. Eta horiek ere gordeta daude.

Aurten, udaberrian, Frantziako zerbitzari batzuetako sutearen ondorioz, Blogariak.net plataforman zeuden hainbat blog euskaldunen edukiak galdu ziren. Ez zen arduradunen erruz: haien merituz zeuden hordeta sarean, istripu zikin bat gertatu arte!

Baina kasu horretan edo Sustaturenean edo Armiarma proiektuarenean... Enpresa edo elkarteon erantzukizun osoa da artxiboak betikotzea? Ez dago euskal artxibo digital bat gordetzeko erantzukizun publikorik?

Ba egon beharko luke.

Hiru elizate Muxikakoak

Luistxo Fernandez / Onintza Enbeita 2021/11/06 11:30
Onintza Enbeitarekin geratu gara Wikikunde proiektuan Muxika eta bere auzoak dokumentatzeko. Ahal izan direnak, lehenago hiru elizateren baitakoak (Muxika-Ugarte, Gorozika eta Ibarruri) ziren dozenaka auzo baitira Urdaibai hegoaldeko udalerri honetako osagarriak.
Hiru elizate Muxikakoak

Aintzane Muguruza eta Onintza Enbeita Unda auzoko baserri baten aurrean.

Muxika, bere elizate eta auzoak, bisitatu ditugu Wikikunde bisitan. Eskualdeko aditua Onintza Enbeita bertsolaria izan da, bertako alaba. Lerro hauek Luistxo Fernandezek idatzi ditu, baina Enbeita lagunak berrikusiak dira, eta bertan kontatzen diren datu eta abarrak bere jakintzari zor zaizkio.

Muxika geografia zabal eta izen zalantzatsuko herria da.. Herri multzoa gehiago. Egungo udalerria, Busturialdeko (eta Urdaibaiko Biosferako) hegoaldea hartzen duena, 1966an osatu zen, hiru eizate eta aurreko udalerri elkartu zirenean Muxika izenekoa bera (Múgica orduan), Ibarruri eta Gorozika. Baina Muxika haren izenari begiratuta ere, inguruko Muxika dorretik dator gehiago inongo gunetik baino: Ugarte zen elizatea, eta Ugarte haren herrigunea (egungo udaletxea dagoen lekua).

Elizate/udalerri bakoitzak bere baserri-auzo multzoa zuen, eta batzuetan udalerri zaharraren izena ikus daiteke oraindik azulejozko seinaleren batean. Gorozikak eta Ibarrurik, gainera, auzo nagusia izen berekoa zuten, Bizkaiko hainbat herritan bezala: Elexalde. Gaur Gorozika-Elexalde eta Ibarruri-Elexalde izenekin topa daitezke auzo zerrendetan.

Izenak

Izenena bada kontua toki honetan… Wikikunderen asmo teorikoa bada izen eta izaera duen Euskal Herriko gune populatuak Wikipediara eroatea, izen faltagatik ez da izango Muxikan. Euskal Onomastikaren Datubaseak (EODA), Euskaltzaindiaren forma arautuen erreferentziak, forma batzuk ematen ditu, ofizialki beste batzuk daude, mapetan beste batzuk agertzen dira, eta bertakoek beren erara ahoskatzen dituzte.

EODAk dio Maguma dela euskaraz, baina izen ofiziala Maume omen, eta mapetan Mauma ikusi dugu, eta are gaztelaniaz Maguna eta Magunas ere bai seinaleetan oraindik.

Zabala auzoa -a artikuluaz ei da, dio Euskaltzaindiak, baina bertakoek Zabale esaten diote, tematsu; eta Kurtzero esan badu Euskaltzaindiak, horri bai, horri -a artikulua gehitzen diote: Kurtzeroa (Asua ere artikuludun tokia, lau baserri Gorozikako Elexalde ondoan. EODAk ez daki honen berri). Burdaria auzoa Burdixe edo Burdijje ahoskatzen da. Aiuria ahoskatze bereziko tokia da, entzun egin behar da Onintza Enbeitaren ahotsean: Auixe transkribatzen du nekez batek, Bizkaiko eskualde honetako ZH-X-J delakoa ezin zuzen emanda. EODAko transkribatze historikoetan Ajjujje irakurri daiteke. Herrian bertan, AJURIAS-IBÁRRURI, dio azulejuzko errotuloak. Gaur da eguna non Zabalek, Asuak, Undak, Magumak edo Aiuriak oraindik tokirik ez dutena Wikipedian: ez argazki bat, ez kokapen bat, ez orri bat. (testu hau argitaratu ondoren etorriko direla uste dut; horretarako lagundu dugu Wikikunden).

Oinarrizko geografia

Hiru elizateen geografia hura 20. mendean transformatu egin zen, eta ipar-hego garraiobideek zatitzen duten eskualde bat da gaur egunean Muxika. Trenbideak (Euskotren-en E4 bidea) eta Bi-635 errepideak ipar-hego ardatzean erdibitzen dute Muxika 21. mendean, gutxi gora-behera Oka ibaiak bezala, baina beste era bateko ondorioekin. Zornotza eta Gernika lotzen duten bideak dira, eta tartekoan bidaiari asko ez dira fijatuko, baina hortxe dago Muxika, eta errepide bistakoaz aparte, ezker-eskuin ekialde eta mendebalderantz dauden baserri auzo, muino eta basoetan, batzuk ezkutuan.

Errepidea batzuentzat konexio den bezala, Muxikako auzoak guztiz zatitzen ditu, tragikoki ere bai: 1970 eta 1980ko hamarkadak arte, trafikoa ez zen oso ugaria, baina frekuentzia eta abiadura handitu zirenean, harrapaketa eta istripuak ugaritu ziren. Kontuz ibiltzeko tokia da Muxikan errepidea 21. mendean ere; baina aldi berean, enpresa eta zerbitzu esparruak haren inguruan daude, eta gune urbanizatuena ere bai, Kurtzeroa, liburutegia, osasun arreta eta eskola (Urretxindorre Herri Eskola) dituen tokia.

Trenak bi geltoki ditu, hegoaldetik etorrita, Zugastietan bata eta Muxika izenekoa bestea, Kurtzeroaren parean. Kurtzeroa bi errepide nagusien gurutzebidea da, Ardoaren bidea dator mendebaldetik, bestea (errepide nagusiaren eta trenbidearen ardatza, Oka ibaiaren bidetik) hegoaldetik.

Auzo eta herriek fisonomia desberdina dute. Agirre, Asua edo Undabeitia hiruzpalau baserri elkartuta dira; beste batzuk baserri sorta luze bat muino batean baseliza batekin (San Roman / Besagiz; edo Unda); batzuek herri itxura dute, eliza, eskola zahar eta frontoiarekin, baserri elkartuak gune batu horren inguruan: Aiuria, Elexalde biak, Maguma, Areatza, Ugarte…

Bestalde, Muxikako lurrak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan geratzen dira.

Ekonomia pixkat

Baserri esplotazio dexente dago oraindik Muxikan. Gernikako piperra etxe atarietan zintzilik udazken partean, herriko erretrato enblematikoena da.

Abeltzaintza ere bai; ardiak dituzten artzainen bat geratzen da (Maguman, bereziki), gazta egiten; eta basoa beste kultibo bat dela esan liteke. Pinu sail bat hazten zuenak 20. mendean, hark emango zionarekin etxe bat eros zezakeen Gernikan. Pinuak eta, ondoren, eukaliptoak, logika ekonomikoa izaten segitzen dute, lurrak dituen baserritarrak etekin bat ateratzeko modu bat gehiago du horrela, eta eukaliptoaren landaketa bakarrarekin, hiru bider jaso daiteke egurra. Etekinek ez dute jada etxeak erosteko adina emango, baina basogintza eredu honek logika ekonomiko lokala dauka, ez dago konspirazio eukaliptiko batean sinistu beharrik. Konspirazio hori izan duten enpresa handiak izan dira, baina baserritarren intentzioa beste bat izan da.

Hala ere, basogintza iraunkorrago baterako tokia ere badago. Lurgaia izeneko elkarte batek lan egiten du eskualdean. Terrenoak erosi, edo lagapenean hartzen ditu baserritarrengandik, eta kontserbatzen ditu modu natural edo originalean (edo landaketa autoktonoak bultzatu ere bai, jabeak lagata zerbait landatzeko gogoa badu, haritza edo dena delakoa). Unda eta Ibarruri artean Undabaso izeneko sail handi bat, 200 hektareakoa, zaintzen du Lurgaiak adibidez. Faunaren zaintzan ere egiten dute hauek; zapo txiki autoktono baten berreskurapenean lagundu ei dute.

Artadi guneren bat edo beste ere geratuko da, sasoi batean ugariagoak izango ziren. Haien arrastoa, Besangizen, non arte bikain solte batzuk dauden, eta tartean bat monumentala, Urkietako Artea.

Mahasti sail zabalak ere badaude tarteka, batez ere Berroian eta Mauman. Mahasti handienen kasuan, biltzeko garaian nork nola egingo duen galde diezaioke batek bere buruari… 

XX. mendearen bigarren erdi aldean egurra egiteko zerrategiak ireki ziren. Zugastietan bi egon ziren, Gorozikan, eta Muxikan hiru: Astelarran bat eta Kurtzeroan bi. Ideia horrekin etorri omen zen FINSA izeneko enpresa Muxikara 1962an. Egun itxita dago lantegia eta herrian eztabaida handia sortu zuen haren hazkundeak eta gauzak egiteko moduak. Urte gogorrak izan ziren: lanpostuak eta ongizatea jarri ziren aurrez aurre. Orain egurra lantzen duen lantegi handi bat gelditzen da Ugarten: Ebaki. Beste industria, dagoen apurra, Ugarte inguruan dago: Arruti S.A., Chatarras Cifuentes eta Burnigai. 


Zerrenda parea

Herri eskolak zituzten tokien artean, Ugarte, Kurtzeroa eta Ariatza Muxikan; Mauma, Aiuria, eta Eleixalde Ibarrurin; Zugastieta eta Eleixalde Gorozikan. Areatzakoa izan zen funtzionatzen azkenetakoa, Onintza Enbeitaren lehen eskola, eta hura hitxi eta irte betera-edo itxi zituzten azkenengo biak: Ugartekoa eta Ibarruriko Elexaldekoa. 

Jaiak:

  • Ugarten Maietz Pazkoak, jai mugikorra Mendekosteri lotua (hala izango da, ezta?) eta San Bizente urtarrilean.
  • Gorozikan, Andre Mari irailekoa (irailak 8).
  • Ibarrurin, San Pedro eta Andre Mari abuztukoa (abuztuaren 15ekoa)
  • Aiurian, San Joan jaiak.
  • Maguman, San Lorentzo.
  • Areatzan, Santakurtze, irailaren 14an.
  • Besangiz-San Romanen, San Roman abuztuaren 1ean.

Kurtzero(a)

Kurtzero auzoa, ofizialki horrela, artikuluarekin esaten dute bertakoek: Kurtzeroa. Gurutzebidearen puntu zehatza zen Kurtzeroa originalki, eta duela gutxi arte Vista Alegre deitu izan diote inguruko auzoari muxikarrek, baina izen hor galtzen doa 21. mendean.

Kurtzeroko bideak dira, ipar-hego ardatza, Muxikako garraiobide nagusia, eta berrtatik Murgiara eta Morgara mendebalderantz doan bidea. Bide hori inportantea zen, Oion eta Bermeo lotzen zituen ardo eta arrainaren bidea zen. Arabatik ardoa ekartzen zen Bizkaiko kostara eta bueltan arraina eramaten zuten haruntza. Bide horrek leku estrategikoa zuen garai hartan Muxikan; izan ere, ardoaren eta arrainaren bidea Errege Bidearekin gurutzatzen zen hemen. Berez, Errege Bidea izena hartu zuen bide horrek, Espainiako Erregea Foruak zin egitera etortzen zenean bide hori egiten omen zuelako, baina praktikan, bide horrek Txorierrirekin eta geroago Bilborekin lotzen zuen Muxika. 

Ugarte

Ugarte errepide/tren ardatz nagusitik aparte dago, baina gertu, kilometro batera Kurtzerotik. Bien artean etxe berriz (20. mendeko Frankismoo eraikinak) osatutako Balentin Berriotxoa auzunea dago, Etxe Barrijjek bertakoentzat.

Ugartek plaza zabal bat du, udaletxearekin, eta baserri edo etxe bikainez inguratua. Lastima abadetxea galtzen ari direla abandonuan. San Bizente Martiriaren eliza, Muxikako eliza handiena da. 

San Roman / Besangiz

Ugartetik eta Kurtzerotik mendebalderantz, gorantz hartzen da, San Roman esaten zaion auzora: Besangiz, Besagiz edo Besaiz ere bai bertakoen hizkeran, baina bertako baseliza eta erromeria eguna, San Roman, nagusitu da toponimian.

muino luze batean kilometro eta erdian luzatzen dira San Romango baserriak, goialdean, Urkieta izeneko baserri pare baten ondoan, Urkietako Artea, aparteko zuhaitza. Behealdean, San Roman baseliza parke baten ondoan, eta beherago Muxika dorretxea, ahaide nagusien garaiko familia nagusi baten etxea. Baseliza eta dorretxea dira Muxikako ondare babestuetako bi, baina dorretxeak zaintza gehiago beharko du: harresi eta patioa duen jauregi bat izan zitekeen, baina etxe abandonatu baten itxura du. 20. mendean gizonezko soltero bat izan zen bertan bizitako azkena.

Muxika eta Butroe familien arteko borrokak eta lehia izan ziren Erdi Aroko eta Pizkunde garaiko Bizkaiko parte hauetako historiaren auspo, Busturian zein Uriben zituzten familiek dorretxeak armarriekin. Muxikan Okako dorretxean bada armarri bikain bat, eta pentsatzekoa da Muxika dorretxean ere egongo zela, baina han agertu barik, ondoan den Torrebarri baserrian dago armarri hori, idazkunarekin:

no pvedo : como : merzco : y merco mas : qve pvuedo

(ezin dut merezi dudana eduki, baina daukadana merezia dut) 

Armarriko irudiak dira, lau kantoitan, hiru giltza, bihotza aiztoak sastakatua, otsoa ilargipean eta gurutze tenplarioa. Armarri horren iruditeria da egungo Muxika udalerriaren irudia ere bai, eta izena ere herriak inguru honetako dorretxe eta familian duela esan dezakegu.

Usparitxa


Ugarteko elizatearen parte zen auzoa da Usparitxa; lauzpabost baserri eta baseliza bat dituena. Muxikako errepide-ardatzaren mendebaldera geratzen da. Uspitxa (ahoskatzekotan bertakoek horrela nagusiki), Usparitza eta Uspitza forma alternatiboak ere ikusi ditugu tokiarentzako.

Baseliza nabarmentzen da bertan, eta Jauregi baserria (Jeuri edo Usparitxa-Jauregi) Kepa Enbeita Urretxindorra patriarkaren jaiotetxea, eta haren umeena ere bai, Balendin Enbeitarena tartean.

21. mendeko Enbeitatarren nukleoa, ordea, Zabalen dago nagusiki; hantxe bizi dira “klaneko” gehienak, Onintzak esaten duen bezala.

Baseliza San Migel Goiangeruarena da, eta garai batean San Migel eta San Isidroren erromeria egiten zen bertan.

Areatza

Errepidean bertan kokatutako auzo bat, eliza berritu bat dauka, urretxindorra plaza Kepa Enbeitaren omenez bertan.

Santa Kurtze eliza ere nabarmentzen da auzoan.

Berroia

Berroia, etxe bakan batzuez osatutako auzoa da, mahastiz inguratua, Bodega Berroja (gaztelerazko forma toponimikoa da Berroka) upategi eta txakolindegiak ustiatua. Berrojje ahoskatzen dute.

Urrutxua eta Aiuria

Oiz mendiaren magal aldera ematen duten auzoak dira Urrutxua (errepideak Mendatarekin zatitzen dute hemengo lurra; -a artikuluarekin ahoskatzen den lekua dela dirudi), Aiuria eta Maguma. Aiuriak muino batean dago, konpaktu samar daude bertako etxe eta baserriak, frontoi, eliza, eskola zahar eta etxeez osatutako nukleo bat da, ahoskeran bitxiena gorago esan dugun bezala.

San Joan bataiatzailearen eliza da bertakoa, eta san joanak auzoko jaiak.

Urrutxuarui dagokionez, garai batean Oiz mendiko erromeria handia izaten zen San Kristobal egunean eta Mendatako Albiz auzoko Madalen jaiak ere ederrak ziren. Urrutxua bide bien erdian egonda, gure zaharrek kantatzen zuten:

Altuen dau San Kristobal

bajuen Madalenie,

hareen bien bitartien

Urrutxuko tabernie


 

Maguma

Maguma hego-ekialderago dagoen auzoa da. Oiz azpian kokaturiko auzotxo bat da, eliza eta eskola zaharra duena. 

Maguna eta Magunas dira erdarazko formak eta seinaleetan ikus daitezke oraindik (eta deituretan, hala nola Magunazelaia); Maguma dela dio EODAk, bertakoek Maume esaten dute, eta mapa batzuetan Mauma agertzen da. Arren, antolakuntza!!! Edozein modutan, nor doa bada Magumara, apropos hartu beharra dago errepidea bertaraino iristeko, ez dago inorako bide asfaltatu edo porlanduan; bide zaharrak, Magumako Ataria izeneko begiratoki batera daramana, ixten da autoentzako ola zahar baten eta Maumebekoa baserriaren ondoan.

Baserrietako bat eskola berri bilakatua dago 21. mendean, Kortiñe izeneko eskola libre edo pedagogia alternatibokoa. Pedagogia horrek erakarrita, etxea ere inguruan omen daukate gurasoek, . “Umeentzako giroa, naturarekin harreman zuzenean”, irakurri dugu propaganda orri batean, baina badirudi gaztelerazko heziketa dela.

Eliza bat ere badu Magumak, San Lorentzo.

Unda

Unda bi partetan banatzen den auzoa da, Unda berezko izena har dezakeena muino baten gainaldean dagoena, bospasei baserri, uraska-latsagia eta baseliza duena (San Markos). Beste nukleo bat bidean beherantz dago, Undabaso izeneko parajerentzat eta Ibarruri-Elexalderako bidean, eta Undabeitia deritzo, lau baserriz osatua dago, haien artean Aurtenetxe eta Erregene, benetan ederrak.

Goiko partean ere badaude baserri ederrak, bereziki Jauregi edo Undajauregi deritzona. Seinale bitxi bat da Undako baserri ertz batean: Barrio de Undas dio. 

Ibarruri-Elexalde

Ibarruri-Elexalde, haran sakonagoan dago Ibarruriko elizateko goiko auzoetatik ikusita (Aiuria, Maguma, Unda). Perrategi zahar bat eta eliza berria (20. mendekoa), aurrekoa erre egin baitzen (frontoia dagoen herri nukleo nagusiaren ondoan zegoen) dira herriko bista nagusiak, eta baita, bidean behera, Ormaetxe auzorantz, Ibarzelai baserria baino lehen, dagoen baseliza gotikoa, San Pedro eta San Paulorena (izen bikoitz hori dauka).

Andre Mariaren Jasokundearen eliza da berria, 1939ean eraiki zen bi urte lehenago erre baitzen kaskoan zegoena. Argazki zaharrik bada harena.

Iburri esaten diote auzoari bertakoek, eta haran batean kokatzen da, zeinaren gainean Burdaria auzoa dagoen (ez dugu bisitatu). Haranean behera Izabale ere bazegoen (hau ere izen multipleak dituen tokia), baina han beharrean gelditu gara San Pedro eta San Pauloren baseliza gotikoan, berriztua eta atari ederra duena (hantxe bataiatua da Onintza!)

Bidean behera, aurkitu dugu Laubide gurutzebidea, gaur egunean laukoa ez baina hiru bidekoa: Durango, Zugastieta eta Ibarrurira joaten diren bideak, baina Esturokoa ere bertatik irteten zen, iparralderantz, baso eta mendirantz: gaur auzo abandonatua da Esturo, 20. mendean hustua.

Zugastieta

Zugastietan, Baldena etxea ikusgarriena, Santo Domingo baseliza. Eta errepide eta trenbide nagusiak bat egiten duten tokia ere bada, Muxikako hegoaldeko tren geltokia hemen dago.

Gorozika-Elexalde eta ondokoak

Gorozika-Elexalde, bizpahiru azpi-auzo edo baserri multzoz inguratua dago Elexalde. Frontoi, udaletxe zahar, eskola zaharra, eliza atariarekin (Andra Mari eliza) eta kontsultategi bat du, zenbait baserriz gain.

Ondoan dituen auzo horiek batzuk auzo zerrendetan agertzen dira (Agirre, kasu), eta beste batzuk ez: Asua, ikusten dena Elexaldetik bertatik, ez da EODAn agertzen eta bertakoek -a artikuluaz ahoskatzen dute (Asukoa da Asuan sortu dena). Urrialdea ere etxe multzo bat da Elexalde gainean dagoena, eta ondare sailkapena duen baserri bat dago, Urrieldu Erdikoa. 


Kaperotxipi margolariarekin hasi gerra, eta matoi falangistarekin amaitu

Luistxo Fernandez 2021/10/19 17:00
Duela egun batzuk, Maurizio Flores Kaperotxipi margolariaren aipu bat irakurri nuen Twitterren. Aste berean, Alberto Barandiaranek kazetaritza liburua kaleratu zuen, "Gurea falangista zen". Bi datu inkonexio horietatik, gure aitak bizitako pasarte batzuk kontatu behar zirela pentsatu nuen.
Kaperotxipi margolariarekin hasi gerra, eta matoi falangistarekin amaitu

Kaperotxipiren margo honetan Jose Anjel Urkiaren amama Bittori Irazabal ageri da.

Hona Flores Kaperotxipiri aipua, Jose Angel Urkia Araozko txiolariaren eskutik (ilustrazioa ere txio horretatik hartzen dut, Urkiaren amama Bittori Irazabal baita irudian agertzen dena).

Zioen Urkiak: "Gerra aurreko Elgetan gauzak lasai zeuden, Maurizio Flores Kaperotxipik Bittori Irazabal neskatoa txistulari baten ondoan margotu zuen. Baina orain 85 urte frankistak Debagoienean sartu ziren, eta haiek gorriak ikusi zituzten. Kaperotxipi Elgetan harrapatu zuen gerrak." Eta jarraitu nuen nik: Auto bakanetakoa zuen Flores Kaperotxipik Elgetan, eta gure aita eta aitita-amonen gerrako ihesaldiaren lehen etapa auto hartan izan zen, 1936an, Elgetatik Elorriora.

Gizon on horren laguntzarekin hasi zuten urtebeteko ihesaldia eta errefuxiatu bizitza, eta amaitu zen berriro Elgetan, etxeko bostak onik, gizon gaizto batekin topo eginda. Kontatzea merezi ote du? (erantzun positibo batzuen ondoren)... bueno ba, horra laburpentxo bat, errefuxiatu haien ibilerak.

Jaitsi zirela Flores Kaperotxipiren autoan Elorriora esan dizuet... Bueno, uste dut aitita-amamak jaitsi zirela autoan; haien hiru semeak, Jose, Luis [Jose Luis, gure aira] eta Miguel oinez joan zirelakoan nago.

1936ko uda hartan kokatu ziren Durangon, antolakuntza bat egon zen errefuxiatuak banatzeko han eta hemen... hilabete batzuk kezkaz beteak baina erosoak izango ziren. Pentsatzen dut aititak lan egingo zuela armagintzan (armak ezagutzen zituen, grabadorea zen, damaskinatzailea)

1937ko martxoaren 31n, Bizkaiko batailaren hasiera, Molak gidatutako eraso fronteetan eta bonbardaketen hasiera. Ezkurdi plazan, Durango erdian, hondar eta zuhaitz jausien azpian pasatu zuen ataka gure aitak, zauririk gabe, hementxe.

Aita bezala, gainerako familia ere onik irten zen. Baina Durango utzi zuten, eta Bizkaiko frontean zehar ahal bezala hasi ziren atzeraka. Baserri batean edo bestean babes hartuz (ez beti baserritarren gogo onenarekin, milizianoen eskaera edo lapurretekin ere bizi ziren haiek).

Egun batzuen buruan, Bilbon ziren, 1937ko ekain hasieran bertan zeharz kokatzen ditut ze nire aitak gogo-gogoan zituen Bilboko kaleetan egunkari saltzaileak "Euzkadi Roja con la muerte de Mola! Euzkadi Roja con la muerte de Mola!" oihukatzen, hala saltzen baitziren egunkariak orduan, pelikuletan bezala, mutilkoxkorren eskutik. Euzkadi Roja egunkariaren ale hura ekainaren 4koa izango zen, bezperan hil baitzen Mola. Luis Fernandez Zubimendi nire aitak, eta denek, pentsatu zuten gerra irabazia zegoela kriminal hura istripuz hil ondoren!

1937ko ekainaren 3 hartan hil zen Lemoaitzen beste Luis Fernandez bat, Luis Fernandez Agirre falangista boluntarioa; horixe kontatzen du Alberto Barandiaranen erreportaia liburu gomendagarri berriak: "Gurea falangista zen". 

Bilbon zirela, aita eta anaiak apuntatu zituzten ebakuazio untzietarako... Ez zitzaien tokatu eta ni hemen nago hau idazten.

Eta Bilbotik bada, erakunderen batek zuzendu zituen Zaramillora, Gueñesko auzo batera. Etxe bat asignatu zieten eta aititak etxeko jauna saludatu eta eskertu nahi izan zuen. "Ha ido a la Quadra", esan zioten. "Kortara joan bada, laster da bueltan, hemen egongo gara atarian zain". Gauera arte egon ziren zain han, jakin barik La Quadra Gueñesko beste auzo edo herri bat dela...

Zaramillo zirela, herri hura ere bonbardatu zutela gogoan du aitak (baina jada ez zuten bonbek inoiz herri batean harrapatzen, basoan igarotzen zituzten egun argiak). Zaramilloko bonbardaketarik ez da agertzen Gogora Institutuaren mapa honetan, baina bai Gueñesko lau kasu, lau egun. Horietako batean Zaramillotik pasatu ziren, seguru.

Eta gero, bada, akabo gerra. Nazionalek hartu zuten Kadagua harana eta horixe izan zen. Nazionalen soldaduen kamioi batean ere egin zuten bueltako bidearen partea Bizkaian zehar familiak. Txakur bat itsatsi zitzaien kamioira igotzeko unean, hura ere familiakoa bihurtu zen.

lgetara iritsi 1937ko udan, eta alkate berria zegoen. Eskuindar katolikoren bat izango zen, baina gizon ona, nik uste, herritarrentzako oker gehiagorik nahi ez zuena, nahikoa sufrimendu izan zen Elgetan (Anttoni Telleriaren kontakizuna, kasu).

Etxea bonbek suntsitua aurkitu zuen familiak, baina alkateak beste bat eskaini zien. Ez zen jakina jabetza-opari bat, izango ziren gela probisional batzuk, edo alokairu aukera bat... Baina etxe hartan kokatzera joan zirenean, Bergarako falangista talde bat agertu zen. Falangista haien burua, matoi bat. Gure aitita errepublikonoarekin topo egin zuen.

—Nora hoia hi?
—Alkatiak eskaini jeskuk etxe bat eta...
—Alkatiak etxok hemen agintzen, hemen geuk agintzen juau oin, hoia hemendik!

Eta beste "exilio" moduko bat, akabo Elgeta familia harentzat. Senide batzuekin bizitzen jarri ziren lehenengo Antzuolan, eta gero Eibarrera aldatu ziren.

Kanpezura bisita (eta Sabandora, bide batez)

Luistxo Fernandez / Joseba Abaitua 2021/04/01 16:05
Joseba Abaitua Bujandako bizilagunarekin buelta bat Arabako Mendialdean, Kanpezuko herrietan batez ere, Wikipediarako datuak hartzeko.
Kanpezura bisita (eta Sabandora, bide batez)

Orbisoko iturri eta latsagia

Kanpezu udalerria eta bere herriak bisitatu ditugu Wikikunde bisitan. Eskualdeko aditua Joseba Abaitua izan dugu gure ondoan, Deustuko Unibertsitateko irakaslea, Arabako Mendialdean Natouring.net ekimenarekin turismoa sustatzen ari den ekintzailea, eta Bujanda herriko bizilaguna. Lerro hauek Luistxo Fernandezek idatzi ditu, baina Abaitua lagunak berrikusiak dira, eta bertan kontatzen diren datu eta abarrak bere jakintzari zor zaizkio.

Kanpezu eta Santikurutze

Arabako Mendialdeko eskualdean, Kanpezuk korridore baten lekua egiten du, Gaztelako  eta Nafarroakoen lurren artean. Jatorrizko toponimia ia guztiz erromantzea du eskualdeak, kontraste argia eginez ondo-ondoan dituen Arraia edo Haranarekin, non toponimia alderantziz den ia guztiz euskalduna. Haranari, Kanpezutik, El Valle esaten diote 21. mendean ere. Era bateko haran eta harantxoak ugariak dira Arabako Mendialdean, baina Haranak berak duen forma eta izaera hain da argia (aparteko bisita merezi du bazter horrrek), non inon ez den harrituko nola esaten zaion, dela Harana/Arana edo El Valle.

Santikurutze da herri nagusia eta udalerriaren burua. Zerbitzuak, eskolak eta administrazioak biltzen dituen herria da. Ondo dokumentatua dago oro har Wikipedian, eta ez dugu ohar askorik hartu bertan, baina igo gara gaztelua zegoen begiralekura, eskualdea ikusteko. 

Oteo

Udalerriko beste herrietan, Oteon hasi dugu eguna. Santikurutzetik iparraldera, harroila estu bat igarotako haran batean dago, sakonuneak ezker-eskuin dituen muino batean. Hiru “auzo” eta bi eliza ditu Oteok. Auzoak kale-izen bezala daude markatuta, behekoa, erdikoa eta goikoa. San Mames eliza herriaren hegoaldeko muturrean dago. Goiko auzoan, San Joanen Andre Maria eliza dago (Santa Maria de San Juan, esan digute). Iturri eta uraska bat dago erdiko eta beheko auzoen artean. Frontoi bat, OTEO hizki handi batzuekin, herriko elkartea, San Mames izena duena, eta etxe batzuetan harmarri bikainak.

Bederatzi “vecino” daude bizitzen 2021. urtean, hau da, bizilagunak dituzten etxeak, pertsona gehiago vecinoak baino. Haur bat, horien artean. Bertan jaio eta bizi den gizon nagusi batek kontatu digu, Jose Maria Ortizek. Herriko jaiak San Mames egunekoak direla esan digu, eta gazteek aspaldi, Santa Ageda ere ospatzen zutela.

Inguruez ere hitz egin digu, ipar-ekialdera geratzen den Markillano edo Somorredondo mendian San Kristobal baseliza dagoela. Eta ekialderantz, berriz, Oteoko errota zaharra dagoela.

Autoarekin joanda errota hori topatu dugu. Sabando ibaiaren ur-jauzi baten ondoan dago. Errotaren etxe propioaz gain, bada beste etxe bat ere. Ez daude guztiz hondatuta, eta planak omen daude errestaurazioren batekin tokia erakargarriago egiteko. Parajea bikaina da, ur jauzia eta haren putzua, ederrak. Beherago ibaian, Antoñanako herrirantz, ba omen da beste urjauzi bat, Aguaqué edo Aguake izenekoa. Bertakoek diote nahiago dutela ez dadin mapetan ageriegi azaldu, bestela bisitariek bete eta hondatuko dutela.

Sabando

Oteoko errotatik gorantz, Sabando ibaiaren norabidean kontrara Sabando herrira iritsi gara. Ez da Kanpezu, Arraia baizik, baina geografikoki bertan geneukan.

Herri honen haranak hegoalderantz ematen du, Kanpezurantz, baina herriaren loturek argiagoak dirudite iparraldeko Arraiako beste herriekin eta Haranarekin. Izatez, inguruoetan euskararen toponimiaren muga hori hasten da, eta herri hauxe bera euskal idazle baten jaiolekua izan zen: Joan Batista Gamiz Ruiz de Oteo han jaio zen 1696an.

Sabandok baditu dozena bat “vecino” (etxeak bizirik). Bi eliza ditu, San Gerbasio eta San Protasioren baseliza, eta herriko eliza. Eliza hori, 1960ko hamarkadan eraikia, krimen bat da. Herriko apaizak aurretiazko eliza erromanikoa suntsitu eta modernitate batekin ordezkatu zuen. 21. mendean galdetu Sabandotarrei elizari buruz, eta apaiz haren gainean gaizkiesaka erantzungo dizute (konprobatua). Herriko jaia San Gerbasio egunekoa da, eksainaren 19an.

Antoñana

Kanpezuko herri batera itzuli gara gero: Antoñana. Muino luzexka batean kokatzen da, udalerriko beste kontzejuak bezalatsu, eta ondo dokumentatua zegoenez Wikipedian (bereziki bere harresiak), kanpotik egin diogu arreta herriari. 

Kanpoko Andre Mariaren ermitan egon gara, herriko kanposatua den tokian, herritik ekialdera. Aspaldian herriko elizan ehortziko zituzten antoñanarrak, eta baita eliza ondoan dagoen plaza batean, egon litezke hilerri zantzu batzuk, baina egun harresietatik kanpoko bazter hau daukate. 

Orbiso eta Pierola

Beste kontzeju bat, Wikipedian apenas daturik eta irudirik ere ez zuena. Eliza eder bat du, Kanpezuko kanpandorre bikainenarekin. Fisonomiaz, herriak antza du ekialdera duen Zuñigarekin (baina hori Nafarroa da jada).

Muino luzexka baten aldera, ekialdeko aldera ematen duten etxeetan harresi zahar baten aztarnak ikusten dira. Garai batean harresitua egon zen Orbiso duda barik. Ekialdeko alde hori herrikoen ortuek betetzen dute, eta herritik eta bere iturritik ubide filigrana batek ureztatzen dituzte.

Herriaren ipar-ekialdean dago herriko iturria eta labaderoa; bikain errestauratuak. Herriaren beste muturrean, bolatoki bat eskola zaharraren ondoan (orain zentro zibikoa), kale topaketarako toki on bat. 

Herrira daramaten bideetan Urbisu/Orbiso seinale elebidunak ikusi ditugu, baina Euskaltzaindiak ez du ontzat ematen euskarazko Urbisu forma ustezko hori, eta ez da batere argia.

Orbisokoei “Patones” esaten diete Kanpezun. Kontzeju bakoitzekoak badu bere goitizena. Bujandakoak dira “Charrines” (eta Oteokoak ere bai!), Antoñanakoak chapleros, Santakurutzekoak chirriqueros.

Orbisotik Santikurutzera bidean, Hornilloko mendilabarren azpian, herri hustu bat dago: Pierola (Piédrola, Piérola). Erdi aroan jaun batzuek bazuten hemen dorretxe bat, eta haranaren kontrolerako puntu ona zen; baina pixkat hegoalderago dagoen Santikurutze lurrez aberatsagoa da, eta Pierolak garrantzia galdu zuen beste herriaren ondoan.

18. mendean herririk ez, baina Frantziskotarren konbentu eta eliza bat geratzen ziren Pieorlan. Orain abandonatuta daude, eta ia hondarretan eliza, terreno pribatu batzuetan, baina elizaren portikoa zutik dago oraindik-

Bujanda

Gure gidari Josebaren herri kutunena Bujanda da. Txikiena kontzejuen artean, Oteorekin batera. Izki ibaiaren ertzean dago, zeinari herritarrek Aguamayor esaten zioten. Erreka horren maldetan, magal itzaltsu eta okerrenean dagoela ematen du herriak, haranaren azpialdetik begiratuta ezkerrean. Eskuineko aldean egin balute, hegoaldeko eguzkira begiratzen duten maldetan legoke Bujanda… baina Abaituaren esanetan beste azalpen bat du kokapenak: Eliza ondoan dagoen plazatxotik (kanposantua esaten diote), berdin ikusten da alde batera Santikurutze eta bere gaztelu/elizaren muinoa; eta beste aldera begiratuta Korresko gaztelua zegoen haitza. Bujanda hor dago, Gaztela-Nafarroa konektatzen dituen Arabako “etorbide/haran” honetan talai estrategikoa delako.

San Faustoren eliza, armarri ederrak dituzten etxe batzuk (Polencho etxea, adibidez, 17. mendekoa), eta labadero/iturri bat ere badu herriak.

San Fausto da herriaren zaindari, eta ikurra, eta jaien ardatza (mugituta dituzten arren dataz, urriko lehen astera). Santuaren gorpu ustelgabea gordetzen da elizan. 

Fausto deuna istorio aldakorreko santu bat da. Antzinako martiri gisa azaltzen da martitologietan lehenbizi; gero Ekialdeko lurretara mairu artera joan zela kokatzen dute beste alegia batzuek; nekazarien ikur ere bihurtu zen beste istorio bategatik: mairuen jauntxoak preso hartu zuenean, lurra lantzera behartu nahi izan zutela Fausto; baina Faustok agindua bete ez, eta otoi egiten jarraitu zuen, bitartean aitzurrak lurra bere partez miratiz landu zuelarik… 

Dena dela, duela 1400 urte edo, hil zen San Fausto, eta agindua eman zuen, hildakoen igo zezatela asto baten gainera, eta eraman zezala astoak atseden hartu beharreko puntu batera. Nonbait Kataluniatik abiatu ziren astoa eta Faustoren gorpua, eta Bujandaraino iritsi. Herriko maldetan, hiru aldiz belaunikatu zen astoa (zurezko hiru gurutze daude puntu horietan 21. mendietan); eta hirugarren belaunikatzearekin, han utzi zuen gorpua astoak. Puntu horretantxe dago eliza eraikia, eta barruan San Faustoren gorputz ustelgabea.

Araotz eta Oñatiko beste auzo batzuetan

Luistxo Fernandez / Jose Angel Urkia 2021/03/28 09:25
Jose Angel Urkia araoztarrarekin buelta bat Oñatiko zenbait baserri auzotan. Wikipediarako oharrak hartzeko.
Araotz eta Oñatiko beste auzo batzuetan

Berezaoko etxe batzuen kartela

Testu hauek Luistxok idatzi ditu, baina bertako kontu, datu eta abarrak Jose Angel Urkia araoztarrak emandakoak dira.

Araotzera sartzen, Jaturabe

Urteagain gainean, Uribarri auzoan. Taberna eta etxe batzuk, Urtiagaiñ, eta diputazioaren Guardetxea. Hantxe geratu gara, baina gero jaitsi gara Arrikrutzeko leizeetarako egin den aparkalekura. Errepidez, hantxe hasten da Araotz, esan liteke.

Gainean, Akerraitz eta arkaitz horietan iparralderako, Aitzulo. Azken honek ematen duen ikusmiran, leize edo arku naturalaren barruan segun eguzkiak nola eman, barrualdeko harri batek gizon baten itxura hartzen du, obispua, gotzaina, bertakoek esan bezala.

Inguru honek, harroila honek, Jaturabe du izena. Baserri eta errota izandako bat bada bertan. Jaturabeko urtegian, ezkerreko labarrak Sandailikoak, eta eskumakoak, Maiñako haitza, edo Madinakoa, goian auzo hori baitago.

Hortik du sarbide nagusia auzoak orain, errepidea, 1930ean egina. Bestela, oso bide zaila zuen arroila honetatik (istripuen lekukotza dago bertan). Mendialdetik Aretxabaleta eta Araba alderako beste pasabide batzuk ere baditu haranak,

Araozko hegoaldeko muga hartzen du Elgeako mendikateak, Arabarekin muga da. Eta bertan izen berezia du: Araba-mendia. (ala Araba-mendiak pluralez?). Gaur egunean haizerrota elektrikoak nabari dira mendien perfilean, hegohaizea denean erlojuz kontra biraka, eta iparraldearekin, erlojuaren zentzuan (Araoztik ikusia).

Amillana haizeak (hego haize freskoak) sortzen duen lainoa ere nabari da Araba-mendietan.

Errepide ondotik, ur kanal bat ere badoa Araoztik, Union Cerrajerara zihoana. Orain ba omen du aprobetxamendu bat… badira beste kanal batzuk ere haranean.

Ikusi ditugun landareak, ipuru edo kiniebroa, zumarra (ugari baina asko gaixo), kobetako asuna (urtica membraneacea…). Espezie urri-urri batzuk ere seinalatu dizkigu haraneko puntu batzuetan Urkiak, baina ez ditugu markatu argazkiz, ez dadin kokapena agerian jarri furtiboentzat.

Jaturaben zenbait hilarri daude bide bazterretan. Istripuz hilak batzuk, borroka batean amilduta hil zen Juan Angel Beitia kontrabandistarena bestea. (historiak merezi du).

Sandailiko ermita eta kobazuloa

Jaturabeko harroilaren gainean, ezkerrean, labarretan gora doan bidexka batetik iristen da bertara. Bide horretan bada iturri lehor bat, garai batean ur miraritsua zuela esaten zutena. Sandailiko iturrikoa baino, benetako ur miraritsua horixe zela dio Urkiak.

Sandailin, Urkiak zalantzak ditu izenaren etimologia kristauaz (San Elias), eta aurretiazko substratu paganoaren susmoa du berak. Etxe abandonatu bat dago harpearen sarreran, eta harpearen barruan, baseliza bera, azpian solairu parea ere baduena.

Harperako eskilaretan dago ur miraritsuaren aska, ez iturri batek hornitua, baizik eta goitik itoginek estalagmiten eran elikatzen dutena, tantaka, etengabe. Ur horren erabilpena fertilitatearekin lotzen da alegia popularretan. Umeak izan aurretik, hatzamar bat edo bi sartu behar direla (ume bat edo bi eskatzeko); edo ipurdia sartu behar dela askan… Baita haur jaioberriari osasuna opa izateko, umea osorik askan sartu behar ote den. Horien arrastoren bat bada 21. mendean; haurren arropak uretan busti, eta baseliza barruan utzi dituztenak badira (ikusi ditugu haurtxo jantzi horiek atetik).

1980ko ekainean berriztu zuten, eta orduan egin ziren azken erromeriak. Ordura arte, urteroko zita zen bazkaria egitea Sandailin 1972. urtearen ingurura arte, baina ez San Eliasen egunean, baizik eta San Joan igaro eta hurrengo asteburuan, ekainean. Ukitu irreberente bat zuen jaiak, baimendua zegoen abadeez txarto berba egitea, abadea bertan zela ere.

Sandailin aurki daitekeen faunan, Ptyonoprogne rupestris edo haitz-enara, Araotzen Sandaili-txoria izendatzen dutena.

Zubia auzoa

Zubia auzoa, artikuluarekin ahoskatua (Zubixa… Zubiko ermita), errepidetik aurkitzen den lehen auzoa da. Badira etxe batzuk errekaren pare, ermita zahar baten hondakinekin, baina ekialderanzko maldetan dago baserri gehienen muinoa eta latsarri edo labaderoa, Argiñena baserrira itsatsia.

Auzo txikiak dira Araozkoak, batzuk elkarren ondoan daude, baina bakoitzak badu bere labaderoa eta identitatea. Araoztarrek elkar kokatzen dute auzune hauen arabera, honakoa Uxartekoa, eta bestea Aizkorbekoa…

Zubiatik beste zenbait auzo ikusten dira ondo… Gerneta izan ezik. Zenbait familia ospetsuren jatorria bertan dela diotsute bertakoak, Guillermo Zubia enpresariorena, adibidez; edo Txillardegiren arbaso Enparantzadarrak handik sortuak direla. Lopena baserri bat ere bada, eta horrek Lope de Agirrerekin lotura ote duen diote batzuek… Agirreren araoztartasuna frogatu gabea da, noski, baina bertakoen artean ere, probableagotzat jotzen dute Agerre auzokoa ote zen.

Zubiako gainaldetik bidea doa Aitzulora, mendizaleek ezagun dutena. Horren ondoan, Eugenio Barrena bertako artistak egindako eskulturazko mausoleo bat dago, harriz, burdinaz eta egurrezko sorkuntzekin.

Agerre gainean dagoen Santa Kruz baseliza ere ikusi dugu Zubiatik, Andarto mendiaren azpian. Hara ere egiten ziren prozesio edo bisitak, errogatibak euri eskean.

Nolakoa den Araotz eta bere herrigunea, Elizondo

Zubiatik Araotz 21. mendearen hasieran nolakoa den ikusi dugu. Zelai berde ugari, baina oso gutxi nekazaritzarako landuak (ez bada ortu txikiren bat etxeren batek kontsumo propiorako). Abeltzaintza gehiago ikusten da, ganadua, ardiak, behorrak… Apenas dira 60 biztanle, eta ematen du etxe gehiago daudela (litekeena), baina baserriak oro har egoera nahiko onean daude, etxe funtzionalak dira, bigarren etxebizitza moduan funtzionatzen dute Oñatin eta oro har Debagoienean kooperatiba eta gainerakoetan lana eta bizibidea topatu dutenentzat; asko Araozkoak jatorriz. Horrela, biztanle urriek adieraziko luketena baino biziagoa dirudi haranak. 

Era berean, Oñatiko kontestuan, Araotz herri bat dela ikusten da, elizatea ofizialki, baina bere auzune propioekin, haran geografia argiarekin, hau herria da. Alkate bat ere badute, lau urtean behin hark proposatzen du terna bat bere burua ordezkatzen, eta hiru horiek elkartzen dira euren artean hurrengoa nor izango den adosteko.

20. mendean auzolana oso ohikoa zen, baina istripu larriak eta heriotzak ere izan ziren zenbait lanetan, adibidez frontoiaren 1950eko hamarkadako eraikuntzan; eta lan horren oroitzapen onik ez dagoela sumatu dugu bertako batzuekin hizketan. Gaur egunean, kontratupeko lana nahiago dute, eta auzolana egiten denean, aseguru egoki batekin.

Elizondo herrigune nagusian, auzoko etxea, San Migel eliza, frontoia, bolatokia.. eskola zaharrak: mutilena zaharrena, sakristuaren etxeari itsatsia, eta beriragoa, neskena zena, berrizten arin dena 2021. urtean, ostatu bihurtzeko.

Kanpandorrean, alde baterakoek apaindura gutxiago dute. Zergatik? auzo bateko aberatsen batek kendu zituelako akaso?

Joaldi desberdinak ere bazituzten kanpaiek, haur bat hiltzen zenekoa, soinu finagokoa, Agerre auzora ematen zuen aldeko kanpaiak ematen zuen. 

San Migel da elizaren santua, baina Araozko jaiak Trinitateak dira, data mugikorrekoak, Bergarako Pazkoak izan eta astebetera egiten dira. 

Beste ohitura bat San Migel elizara lotua, San Joanetan erruda eta apioa eraman bertara kutun zintzilikario batzuetan sarturik, eta apaizak bedeinkatzen zituen. Sorginkeria eta gaiztakeriaren kontrako babesa emateko edo.

Araozko beste auzoak

Elizondotik oso gertu, bi auzo, errepidean gora Uriarte (Uxarte) eta gorago Aizkorbe, bakoitza bere labaderoarekin.

Elizondo baino beherago, errekaren pare, Ugaran eta Jausoro.

Aparte haran nagusiko bistetatik, Gerneta; Gérneta esdrujuloa ahoskatzeko orduan. Mariuntz izeneko gainaren azpian; hiru baserri baizik ez: Gerneta-Etxebarri, Gerneta-Erdikoa eta Gerneta-Andikoetxe.

Mariuntzeko gainean, Gernetara begira, burdinazko gurutze bat dago. Araotz inguratzen duten mendietan harrizko gurutze zenbait daude… ohitura zen 20. mendera arte apaizak ibilbidea egitea gurutzeak bedeinkatzen, txingorrradarik (“harri-zaparradarik”) egin ez eta eguraldiaren alde.

Aratzurti (Araotz Urriuti), eta Madina (edo Maña, Maiña, Madiña) urrutiagotik ikusi ditugu.

Berezao 

Araotzen ibili ondoren, haranetik irten gara, eta Oñatiko bertako paraje batzuk ezagutu ditugu. Oñatiko hegoaldetik luzatzen diren bi auzune dira Berezao eta Murgia…

Berezaoko parte bat, kaletik gertukoena, industrialde bihurtua da 20. mendetik. Bertan zegoen Zahor txokolate lantegia, gaur egun Natra izena duena.

Auzoaren nukleoa hortik gertu dago, Santa Lutzia eliza eta auzoko eskola zaharrarekin, eta parke-baso batekin. Baserri multzo bat da zentro honetatik gertu, baina beste baserri batzuk urrunago eta sakabanatuago daude.

Baserrien artean, lau aldeko teilatua duten ale ederrak daude, Agerre adibidez (bertako toponimian Agirre markatua dagoen arren), eta Lizarralde. Azken etxe honetako Ramon Markuletak eta bere arrebak etxea erakutsi digute. 400 metro koadro oinazalean, barruko egurrezko habe eta teilatuekin, eraikuntza ikusgarria da. Tresna zaharren eta jakintza gordailu bat da leku hau.

Bertakoek aipatzen duten beste etxe bat, Gipuzetxe edo Kipuetxe (tarteko beste zenbait grafiarekin). Don Juan Borboikoaren inude izan omen zen horko norbait… Ez hori bakarrik, antza ere, antz handia izan du Berezaoko bateren batek Borboiko gizonezkoekin, gizon gorputzez handiak, baldar itxurako eta parrandazale frogatuak… Ipuin bat besterik ez da izango.

Berezao eta Murgia bereizten dituen Ubao errekan bada zenbait errota, batzuk Murgiako aldekoak, besteren batzuk Berezaoko aldekoak. Hauetan etxe nabarmena, Tokilloko Errota. Baserri kanpoan dute orain errotarri zahar bat, eta ondoan elurtzulo antzinako bat berrizten ari dira.

Murgia

-A artikuluduna da Murgia hau. Murgiko ermita, esaten dute adibidez, Asentzioko ermita edo eliza, izatez. Bertara doan bideari elizbidea esaten zaio… Ermita inguruan bada nukleo moduko bat zenbait baserrirekin, eta auzoko eskola izandakoarekin. Oñatiko kaleetatik ia bi kilometrora dago nukleo hau.

Gainerakoan, hegoalderantz, baserri sakabanatuagoak badaude. Ikusi dugun bat, Jauregi, eraikuntza dotorea. Oñatiko baserri auzoetako kartelek darabilten baserri-irudia etxe honetakoa da (eraldatua, ezker-eskuin ardatzei buelta emanda); eta Eroskik ere erabili du bere esnea saltzeko.

Murgian ikusi dugun beste bat, Santa Kruz errota, Maristegi baserria… Baita nekazaritza esplotazio gisa Oñatin oraindik lantzen den azken adibideetako batzuk.

Aloña mendira begira; Gaiztozulo

Murgiko bide bazter batean erruda aurkitu dugu, sendabelar eta landare usaitsua. Araotzen nola bedeinkatzen zen kontatu digu Jose Angel Urkiak.

Eta Aloña mendiko tontorren artean, Gaiztozulo non egon litekeen kokatzen lagundu digu. Mari sorginaren babesleku ustezkoetako bat… aitzarte batean omen dago, Gorgomendi eta Kurtzezahar mendien artean.

Kontuz hara sartzekotan, sorginekin topo eginez gero… Badago baina, babesteko metodorik. Batetik, erruda daukaten kutunekin joan; eta barruan, sorginari ostikoka eman aurkitu bezain pronto, baina adi, ostikoak zenbatu, izan daitezela bakoitiak eta ez bikoitiak. Hiru ostiko, ondo; lau ostiko, txarto.

Sorginei aurre egiteko sartu zen batek, hala entzun omen zien barrukoei: “Elduixok albalixok, eskuan ez baleuka, erruda ta apixo”.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004