Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Emozio on txikiak

Emozio on txikiak

Leire Narbaiza 2007/02/09 18:37

Atzo oso berri hunkigarria jaso nuen. Zirrara bat sentitu eta begiak malkoz busti zitzaizkidan. Lagun min bat haurdun dago, hirugarren umea ekarri behar du. Benetan hunkitu ninduen (hormonak ere dantzan darabiltzat egunotan). Eta poztu. Beste “lobatxo” bat izango dut. Berriro ikusi gertutik ume jaio berria zelan hazten den, zelan hasten den oinez, zelan ikasten duen berba egiten,…itzela!

Aurreko baten plazer txikien gainean idatzi nuen, egunerokotasunaren laguntzaile direla eta bizipozaren sortzaile. Eurei esker bizitza oso atsegina izan litekeela. Esango nuke emozio onak ere plazer txikien osagarri direla, eta bata bestearekin mikro-une zoriontsuak eskaintzen dizkigute. Eta zer da, bada, zoriontasuna? Emozioa+plazer txikiak=zoriontasuna

Egia esateko, plazer txikiak ugariagoak dira, errazagoak lortzen. Baina emozioa denbora luzeagoan irauten du, eta biziagoa da. Askotan aldez aurretik sortzen zaigu zerbaiten zain gaudelako; besteetan ezustekoa izaten da, eta indar bikoitza du, sorpresa ere gehitzen zaiolako.

Goñira joaten ginenean lagun batzuek “Zelako emoziñua, Leire!” esaten zidaten ni imitatzeko. Hainbesteko emozioa sentitzen nuen, badirudi behin eta berriro esaten nuela “zelako emoziñua”. Benetan ikaragarria izaten zen! Portua igotzen hasi, eta urdaila dantzan, nerbioak airean! Ederra benetan!

Aspaldian laga genion Goñira joateri, baina ez emozioa sentitzeari. Noizean behin jarraitzen dugu bazkariak-eta egiten. Orduan ere emozioa airean dago, behar bada ez lehen bezala, baina zirraragarria izaten da.

Hirugarren haurdunaldi honek ere zirrara sortu dit, badakidalako hilabete batzuk barru, beste pertsona bat maiteko dudala, eta lagunak pozarren egongo direla. Ume bat, munduko gauzarik maitagarriena, berriro ere hasieratik. Ze ondo, zelako inbidia!

Emozionatea ere izan zen ikasleekin Karmele Jaioren hitzaldira joan ginenean. “Amaren eskuak” liburua irakurri genuen, eta hausnarketa batzuk egin ondoren bertara joan ginen. Galderak ere prestatu zituzten, eta ze ondo! Ze harro nengoen, ze pozik! Gustura ikusi nituen. Galdera asko momentuan asmatu zituzten, euskaraz ederto jardun zuten. Emozionatuta amaitu nuen. Eta harro, oso harro.

Zirraragarria ere bada sanblasaren zuria egitea. Hori bai, batzuetan frustrantea ere bada, ondo irteten ez denean. Hala ere, emozioa hortxe dago. Ondo irtenez gero, plazer handia.

Opari bat zabaltzea; Bomba soziedadean afaltzera joatea; “erantzun berria zure blogean” duen e-maila posta-kutxan ikustea; Somportera iristea eta eskiak janztea; Deportiboko urteko batzar hasierak; Euskal Jaiaren ia edozein une (batez ere, Larrain-dantza amaitzea); Kalamuako tontorrean jarri eta ingurura begiraztea; elurra jausten ikustea; mimosak loretan ikustea; Korrika-ren hainbat etapa; telefonoan aspaldiko lagun baten ahotsa entzutea; gertuko baten haurdun tripa, eta gero ume jaio berria ikustea; lagun handien ezkontzak; “Tal como éramos” filma ikustea; liburu on bat irakurtzen hastea; errezeta berria probatzea, mutil interesgarri baten begirada interesatua jasotzea;…

Asko eta asko zerbait gertatu edo egin aurreko emozioak dira. Plazer posible hori aurreikusten delako. Baina aurreikuspen horretan ere plazera dago, eta ez txikia, horraittiok!

Segi ingurukoak emozionatzen, sorpresak ematen, plazera sortarazten, benetan eskertuko dizuete, dizuegu.

etiketak: Txargainen
MAITE BILBO
MAITE BILBO dio:
2007/02/15 22:25

AZKEN ALDI HONETAN MIMOSA BAT BAINO GEHIAGO IKUSI DOT LORETAN ETA, ZEREKIN AKORDATU NAIZ? KARNABALETAKO MARTITZEN HAREK, LEIRE, TAS TASA ITXI ETA GERO BIDEBARRIXETAKO ARBOLATIK MIMOSA ADAR EDER BANA HARTU, PAPARRIAN JARRI, MERKADILLUAN MONTATZEN ZIHARDUEN POSTUEN ERDI ERDITIK PASATU, ETA ETXERA LOTARA. HURAXE ZAN ZORIONA!

Leire
Leire dio:
2007/02/15 23:28

Aupa, Maite, animau zara!

Bai, neska. Oiñ arbolia be ez deskue laga. Ze tristia

Ze ondo pasau dogun mimosak zirala-ta! Bai, oso ondo pasau dogu. Baiña ondiok! Esoziko afarixa pendiente dakagu, noiz juango gara?

Laztantxuak

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua