Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Los Ágaros taldea gogoratzeko eguna

Mikel Iturria 2026/05/04 20:15
Popotxo, Txiki eta Jesusín Ayestaran anaien erakusketaren bueltan, kontzertua eman zuen Los Ágaros taldeak Okendo Kultur Etxean apirilaren 29an. Talde hau da Espainian grabazio eta edizio sistema estereofonikoa duen lehen LPa grabatu zuena, 1964 urtean.

Duela aste batzuk inauguratu zuten Okendo Kultur Etxeko eraikin zaharrean Ayestaran anaiei buruzko erakusketa bat: Oharra: artistak ez du bisitarik nahi. Maiatzaren 8a arte dago bertan ikusgai.

Un día para recordar a Los Ágaros, este apunte en castellano.

Anaien artean ezagunena Popotxo izan zen, Orquesta Mondragón taldean egindako ibilbideagatik. Beste biak Iñaki (Txiki) eta Jesus (Jesusín) ziren.

Hiruren lanak gorde ditu Mayi Ayestaran ahizpak. Emakume hau ezaguna da Realeko belar hockey taldeko alma materra izana delako. Instituzio bat eremu horretan.

Erakusketak 1950 eta 1960ko hamarkadetako familia ugariko pisuei egiten die gorazarre. Joxean Muñoz eta Cheli Lanzagorta komisarioen hitzetan, «erakusketak Ayestaran anaien marrazkigintzari eta margogintzari begiratzen dio, omen egiten die kultur asmo askoren sorburu izan ziren etxe haiei, eta artea plazer eta premia hutsez egiten duten guztiei».

Inaugurazio egunean, Frantxis Lopez Landatxek esan zidan Ayestaran-Amunarriz familia Groseko San Frantzisko kalean bizi zela, Ortiz-Estévez sendiaren etxetik gertu. Hots, Javier Ortizen jaiotetxetik hurbil.

Goian aipatutako bi komisarioez gain, Ricardo Aldarondok ere jokatu du bere rola dena posible egiteko. Adibidez, bera izan zen Los Ágaros taldeari buruzko kontzertu-hitzaldia gidatu zuena. Eta berak gidatuko maiatzaren 6an Orquesta Mondragóni buruzko beste mahai-inguru bat.

Los Ágaros taldea lau lagunek osatu zuten 1960ko hamarkada hasieran: Antonio eta Alejandro Pro, Iñaki Ayestaran (bateria) eta Miguel Ángel Chua Vega (baxua). Pro anaiak bertan aritu ziren zuzenean, baterian Oriol Flores eta baxuan Carlos Subijana (Donostiako beste musikari mitiko bat) alboan zituztela.

Beñat Parrak kronika egin du Irutxulo Hitzan. Ezquiagak ere idatzi zuen DVn. Ni ez nintzen bertan egon, baina ostiral arratsaldea aprobetxatu nuen bideo hau ikusteko.

Egia esatea nahi baduzue interes berezia nuen auzoko pertsona bat ikusi nuelako argazki batean. Eta bera Antonio Pro da, kasualitatez.

Goian aipatutako Beñaten kronikaz gain, Jon Garziak sinatu zuen 2020ko maiatzean Aitzindariak izan ziren artikulua Irutxulon.

Badago ere nabarmendu beharreko beste pertsona bat, Jose Luis Olabeaga musikazalea. Garai hartako taldeak biltzeko gaitasuna, gogoa eta denbora izan duena.

Mahai-inguruan Antonio Pro gitarra erritmikoa da gehien hitz egiten duena. Alejandro gitarra solistak ere esaten ditu hainbat gauza, baina gusturago dago isilik anaiak dioena entzuten, gero errematea egiteko.

Bien artean 300 kanta baino gehiago konposatu eta grabatu dituzte, instrumentalak gehienak. Interesa baduzu, jarri Antonio y Alejandro Pro zure gustuko plataforman.

Txuri-urdinak txapeldun Sevillan

Mikel Iturria 2026/04/19 19:55
Duela ia 39 urte bezala Realaren gizonezko taldeak Atletico Madrilen kontra penaltietan lortu zuen garaipena eta Espainiako 2025-2026 Kopa Gipuzkoan da jada. Aitor Zabaletarengatik irabazi behar zen atzo Sevillan eta harrobiko hamar jokalariz osatutako taldeak lortu zuen balentria.

Ez naiz Sevillan egon aste bukaeran. Besteak beste, ezin nuelako. Baina nahi izanez gero ere, ez dut uste joango nintzenik: goi mailako kirol eta kultur jarduera (ebento) horiek zer bihurtu diren gustuko ez dudalako.

La Real Sociedad se trae su cuarta Copa a casa, este apunte en castellano

Atzoko partidaren inguruan irakurri dut antolaketa eskasa egon zela, 25.000 ikusle zeuden lekuan 15.000 lagunentzako edukiera zuen fan zone-a (zaleentzako gunea), prezio izugarri garestiak, eta abar, eta abar.

Pio Baroja Aitor Zabaletaren txanoarekinRealaren kanpoko partidak auzoko taberna batean ikusten ditut eta atzo ere plan berbera egin nuen, gertuko lagunez inguratuta afaldu bainuen bertan.

Sufrituta irabazi zuen Realak eta guk ere ederki sufrituz gozatu genuen.

Realarekiko zaletasuna ez zitzaidan etxetik etorri: ume mokoa nintzela Arconada, Zamora, Lopez Ufarte eta enparauek irabazitako bi liga haiek izango zuten zerikusia.

Gero etorri zen Kopa irabaztea Zaragozan Atletico Madrilen kontra 1987an, 1-0 galtzea Bartzelonaren aurka urtebete beranduago Madrilen, 1992an bazkide bihurtzea, 2003an ia liga irabaztea, 2007an Bigarren Mailako hiru urteko zeharkaldia  gainditzea, Lehen Mailarako igoera 2010ean, Championsa 2013an eta 2023an, eta abar, eta abar. 

2021eko apirilean, pandemia tarteko, 2020ko Kopa irabazi zuen Realak bostehun lagunen aurrean Sevillako Cartuja estadioan Athleticen aurka. Atzo, aldiz, 25.000 lagunen bultzada izan zuen zelai barruan.

Esan bezala, bigarren aldia da Realak Kopa irabazten diola Atletico Madrid taldeari. Hirugarrena, hobeto esanda, 2019ko maiatzean Zaragozan eskuratu baitzuen garaikurra emakumezkoen taldeak.

Eta hementxe gaude, poz-pozik. Izan ere, futbolaren inguruan gauza nazkagarri asko baitaude, baina baita beste zoragarri batzuk ere.

Asto txuri-urdina Igeldon

Messi Etxe Zurian

Mikel Iturria 2026/03/21 08:00
Inter Miami da MLSko azken txapelduna. Horregatik joan ziren futbolariak Etxe Zurira martxo hasieran. Argentina, AEB, Trump, Messi, Israel, Iran, Golkoa, eta abar.

Jarraitzen ditudan podkastak eguneratu egin nituen aurreko batean eta Ezequiel Fernández Moores kazetari argentinarrak Buenos Aireseko irrati batean gidatzen duen Era por abajo programaren saio berri bat agertu zitzaidan: Trump eta Messiren arteko topaketa jorratzen zuten bertan.

Messi en la Casa Blanca, este apunte en castellano

Fernández Moores 68 urteko kirol kazetari zentzuduna da, orain gogoan ez ditudan arrazoiak direla medio, duela zenbait urte ezagutu eta geroztik jarraitzen dudana. Futbol kontuak jorratzen dituzte aipatu irratsaioan eta noizean behin entzun egiten ditut haien esanak, gaia interesgarria iruditzen zaidanean.

Fernández Mooresek La Nación egunkarian ere argitaratzen ditu zutabeak. Kasu honetan, gainera, gai berbera aipatu zuen joan den asteko kolaborazioan. Hasiera esanguratsua du:

Hubo un acto público en el que, deliberadamente, Leo Messi decidió no aplaudir. Sucedió el 16 de mayo de 2019, en el Auditorio Forum de Barcelona. Messi, junto a muchos más, recibía la Creu de Sant Jordi por sus servicios a Cataluña. Por ser “el mejor futbolista de todos los tiempos”. Y por su “humildad, honestidad, aprendizaje, creatividad, sentido de equipo y respeto”. El presidente de la Generalitat, Quim Torra, cerró el acto pidiendo por líderes independentistas encarcelados. El público (unas 3000 personas) y los premiados aplaudieron unidos al grito de “libertad a los presos políticos”. Pero Leo, ubicado en el centro de la escena, a la vista de todos, cerró su boca y bajó las manos. “Muy bien”, felicitaron su gesto hasta en El Chiringuito, el programa de TV que cuida los intereses de Real Madrid.

Argentinan zeresan handia eman du Messi Etxe Zurian agertu izana Trump-ekin batera. Ángel Cappari, adibidez, ez zaio batere gustatu. Esan bezala, eta zehatzago esanda, taldeak egin zion bisita Trumpi. Inter Miamik irabazi baitzuen iaz MLS txapelketa. Horregatik joan ziren presidentearengana.

Une esanguratsuan gertatu zen topaketa: Estatu Batuek eta Israelek egun batzuk lehenago hasi baitzuten Iranen aurkako erasoa. Besteak beste, dozenaka haur hil zituzten eskola baten kontra eginiko erasoan. Eta betiko moduan aritu baitzen gizon laranja denen aurrean.

Inter Miami, Floridako taldea, 2018an sortu zuen David Beckham kide zuen inbertsore talde batek. Gaur egun, Mas Canosa anticastrista ezagunaren seme den Jorge Mas da jabe nagusia. New York Times egunkariaren kirol kazetan, The Athletic, agertutako elkarrizketa batean esan berri du 70-80 milioi dolar pagatzen dizkiotela urtero Argentinako izarrari. Ez dena dirutan, tartean klubeko akzioak ere baitaude.

Esan beharra dago David Beckham ez zela Etxe Zuritik pasa, Europan lehendik hartutako konpromisoak zituela argudiatu baitzuen.

Era por abajo saioan Fernández Mooresek berak aipatu zuen Financial Timeseko kazetari den Simon Kuper-ek New York Timesen hilabete hasieran sinatutako artikulua. Simon Kuper, Oxford eta Harvard unibertsitatean ikasitakoa, da Football Against the Enemy eta Soccernomics liburuetako egilea. Azkena Stefan Szymanski-rekin batera idatzitakoa da eta biblia moduko bat da kirol honi dagokionez. Gauza da Kuperrek diola ez duela inoiz ikusi munduan zehar gaur egun estatubatuarren kontra dagoen giro hau.

Fernández Mooresen saioan Adrián Paenza izan zen gonbidatu nagusia. Ez nuen ezagutzen, baina entzunaldian jakin nuen matematikari, unibertsitate irakasle eta kirol kazetari argentinarra dela. 77 urte ditu eta bizitza Argentina eta AEBen artean egiten du. Saskibaloia eta futbola ditu gustuko eta harreman handia izan du Maradona, Guardiola eta enparauekin, besteak beste.

Paenzarekin eginiko solasean aipatu zuten udan AEBetan, Kanadan eta Mexikon jokatzekoa den gizonezkoen munduko futbol txapelketa. Oker ez banago, AEBek 13 egoitza izango ditu. Horietako 11 hirik Alderdi Demokratako alkatea dute, beste batek demokrata izandako eta gaur egun errepublikarra dena; azkena, berriz, ez bateko ez besteko politikaria da. Beraz, esan daiteke udako norgehiagoka AEBetako alde demokratan jokatzekoa dela, baina ikusteko dago Trumpek zer nolako interesak dituen hiru hilabete barru. 

Hainbat hiri egoera zailean daude. Eta horretan Gobernu federalaren itxierak badu zerikusia, Washington baita dirua jarri behar duena hirietako hainbat azpiegitura garatzeko. 

Estatu Batuetan futbolak zer interesa piztu dezakeen ere aipatu zuten solaskideek. Are gutxiago (edo gehiago) bertako taldea hasierako fasean kanporatua izanez gero.

Gogoratu beharra dago ere Irango selekzioa sailkatuta dagoela, baina ezin jakin AEBetara joango ote diren, han jokatzea tokatuz gero.

Amaitzeko, gogoratu beharra dago 2030eko txapelketa Espainia, Maroko eta Portugalek antolatuko dutela. Donostia eta Bilbo daude egoitza izateko zerrendan. Egun hauetan, FIFAko ordezkariak bisitak egiten ari dira. Ez dirudi Donostia aukeratua izango denik. Urtea amaitu aurretik izango dugu horren berri. 

Bonus Track: Fernández Mooresen azken zutabean aipatzen du futbolaren mezenas diren Golkoko petrodolar ugari horiek kolokan daudela une honetan. AEB eta Israelen erasoaren beste zeharkako ondorio bat.

ABCk Parisko korrespontsala kaleratu du

Mikel Iturria 2026/02/16 21:35
Juan Pedro Quiñoneroren berri Anjel Lertxundiri bidez izan nuen. Ez naiz gogoratzen noiz, non eta zergatik. Aurten 80 urte egingo dituen kazetaria bota egin du ABCk ultraeskuina hitzaren erabilera dela eta ez dela. 1983tik zen Parisko korrespontsal. Blogari beteranoa ere bada.

Larunbatean A vivir irratsaioan korrespontsalen tartean gonbidatu zuten Quiñonero. Bukaeran entzun nuen tarte horren despedida eta bertan kaleratzearen berri eman zuen Del Pino esatariak.

Igandean jaitsi eta entzun nuen saioa. Quiñonerok kontatu zuen liburu bat kaleratu zuela udazkenean: De la Europa de las libertades a la Europa de las extremas derechas. Madrilgo aurkezpena egiteko ABCko zuzendariarengana, Julián Quirós, jo zuela. Quiñoneroren arabera, hark erantzun zion ez zuela liburua aurkeztuko, ez baitu bat egiten ultraeskuinari buruz duen ikuspegiarekin.

Handik gutxira, Madrilen oker ez banago, ABCko topaketa batean, nazioarte saileko buruak esan omen zuen ultraeskuina hitza baztertu beharra zegoela. Quiñonerok ihardetsi ei zion Frantzian denek asumituta dutela ultraeskuinekoa dela Marine Le Pen. Astebeteren bueltan, gutxi gora behera, kaleratua izan zen. Bere ustez, Europan eta Madrilen trumpismoak medioetan duen penetrazioa aintzat hartu beharrekoa da eta erabakiaren atzean egon daiteke.

ABC-k komentario bat argitaratu du esanez kaleratu zutela ezin zuelako egunkari baten behar informatiboak asetu gabezia fisikoak direla medio. Gehitu dute ea zergatik Del Pinok ez dion galdera bera luzatzen Alfredo Relaño kazetariari, bizitza guztia El País, AS eta Prisaren medioetan ibili ondoren, kaleratua izan dena.

Honen guztiaren berri ematen ari da Quiñonero Una temporada en el infierno blogean. Goian aipatu bezala blogari beteranoa ere baita.

Aste honetan Madrilen aurkeztuko du liburua, Madrilgo Prentsaren egoitzan.

Ur nahasiak.

Stephen Miller, Trumpen aholkularia

Mikel Iturria 2026/02/08 20:07
Ez nago etengabe begira ea zer egiten duen edo zer ez duen egiten Trumpek, baina benetan zaila dela egunero ez agertzea gizaseme hau norberaren pantailetan. Aurreko batean New Yorker-eko kazetari bati eginiko elkarrizketa bat entzun nuen. Jonathan Blitzer kazetaria migrazio kontuetan dago espezializatua.

Jonathan Blitzer elkarrizketatu zuen Silvia Viñasek El Hilo izeneko podkastean, gaztelaniaz. Hura transkribatzeko erreminta bat erabili dut eta gaztelaniazko blogean jarri dut transkripzioa: Miller y la política del enemigo interno.

Trumpen inguruan izen batzuk besteak baino ezagunagoak egiten zaizkit niri: J.D. Vance presidenteordea, Marco Rubio estatu idazkaria, Pete Hegseth, Defensa idazkaria...

Dena den, podkast honetan atera zait izen bat niretzat erabat ezezaguna zena: Stephen Miller. Kalifornian 1985ean jaiotakoa, Trump-engandik oso gertu egon da Donaldek  Estatu Batuetako presidente izateko lehia abiatu zuenetik.

2020an Blitzerek Miller-en profila egin zuen eta podkastean horri buruz galdetu zion Silvia Viñasek New Yorkerreko kazetariari.

Jonathan Blitzer: [Millerek] oso ikuspegi pertsonala du, bera pertsonalki sentitu delako migrazioagatik mehatxatua. Erridikulua da, baina, Los Angeleseko haurtzarotik, berak pentsatu izan du herrialdea urtzen ari zela Estatu Batuetako usadioak eta tradizioak asimilatzeko gai ez ziren beste herrialdeetako migranteen etorreragatik. 

Trumpen lehen administrazioan boterera iritsi aurretik, pailazo moduko bat zen komunitatearentzat, baita errepublikanoentzat ere, migrazioari buruzko ikuspegi hain desitxuratua izateagatik. Trumpekin batera Etxe Zurira iristerakoan, abantaila bat zuen, presidentearen aholkulari fidelenetako bat izategatik, Trumpen kanpainaren lehen unean, denek iseka egiten ziotenean, Millerrek Trumpen alde egin baitzuen erabat. Eta hori oso garrantzitsua zen Trumpen zirkuluetan, boterea kontsolidatzeko balio izan ziolako eta migrazio kontuetan Trumpen lehen gobernuan aditu nagusia bihurtu zelako.

Trumpen lehen gobernuan gauza asko lortu zituen: errefuxiatuak prozesatzeko sistema aldatu zuen, Estatu Batuetako migrazio sistemaren legeriako hainbat kontu ere aldatu zituen.

Azken finean, Trumpen lehen administrazioan, Millerrek bazuen bisioa, baina eskarmentua falta zitzaion.

Urteak pasa ditu orain bizi duen une honetarako prestatzen, boterea hartzeko une honetarako.

Gainera, [lehen agintaldian] administrazioko beste kide batzuk, konbentzionalagoak edota Estatu Batuetako burokrazian pisu nabarmena zuten hainbat funtzionariok, aurre egin zezaketen Millerren inpultso oldarkorrenen aurrean. Gaur egun ez dago halako filtrorik eta berak nahi duena egin dezake. Eta ikusten ari gara zeintzuk diren ondorioak.

(...)

Berak orain eragin paregabea dauka Etxe Zuriaren baitan eta administrazioa ari da exekutatzen agenda aurkariak kriminal eta terrorista bihurtzeko. Eta honek jasotzen du zein den Millerren ikuspegia. 

Kirol kazetari frantses bat preso Aljerian

Mikel Iturria 2026/01/11 21:53
Christophe Gleizes izeneko kirol kazetari bati zazpi urteko kondena jarri zioten pasa den udan Aljerian. Haren abokatuak dio bahituta daukala Aljeriak. Frantzia eta Afrikako ipar aldeko herrialdearen arteko gatazkaren beste adibide bat. Sareetan #FreeGleizes ez da asko mugitu.

Ez nuen Christophe Gleizes auzia ezagutzen eta aurreko batean Panenka aldizkariaren Brazalete negro izeneko podkastean iritsi zitzaidan berria. Aitor Lagunasek gidatzen duen programak saio berezia eskaini baitzion gaiari. Horretarako Sofoot aldizkariko erredakzio burua, Javier Prieto-Santos, eta abokatua, Emmanuel Daoud, elkarrizketatu zituen. 

Prieto-Santosek kontatu zuen Gleizes 2024ko maiatzean bidali zuela Tizi Ouzoura bertako JS Kabylie futbol taldeari buruzko erreportaje bat egitera. Kazetaria ez dago plantillan eta free lance moduan aritzen da.

Nik Aljeriaz gutxi dakit, bertako futbolaz are gutxiago. Diotenez, JS Kabylie da Aljeriako ligako talderik indartsuenetako bat. Nortasun berezia dauka Kabiliak eta hori ere nabaritzen da klubean.

Iritsi eta berehala poliziak atxilotu egin zuen kazetaria, entrenamendu bat ikusten ari zenean. Libre utzi zuten, baina goizero eta gauero sinatzera joan behar izaten zuen polizia-etxera edo. Epaiketa egin eta zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten terrorismoaren apologia argudiatuta. 2025aren amaieran helegitea ez zioten onartu eta bere horretan utzi zuten epaia. Gleizes gaur egun kartzela batean dago.

Diotenez, hainbat kontu nahasten dira: alde batetik, kazetari honek segimendu berezia egin zuen 2014ko abuztuan Kabylie taldeko jokalari zen Albert Ebossé Bodjongo kamerundarraren heriotzaz. Harmailetatik «zale» batek harria bota, buruan jo eta handik ordu batzuetara hil egin zen.

Bestetik, eta hau izan daiteke gakoa, Kabiliaren Autodeterminaziorako Mugimenduko kideekin izan omen zituen harremanak kazetariak aurreko bi bisitatan. Mugimendu hori Aljeriako estatuarentzat erakunde terrorista da 2021etik. Sofoot-eko buruak zein abokatuak diote beti ere kazetari baten lanean eginiko kontaktuak direla.

Horretaz gain, Frantzia eta Aljeriaren arteko harremanak ez daude unerik onenean. Horregatik dio abokatuak presoa bahitu bat dela kromo aldaketetarako. Duela aste batzuk Aljeriako presidenteak askatu egin zuen Boualem Sansal idazle frantziarra.

Sofoot-eko erredakzio burua, Prietos-Santos, oso negatibo zegoen Aitor Lagunasek elkarrizketatu zuenean. Errudun sentitzen zen kazetaria Aljeriara bidali izanagatik erreportaje hori egitera. Eta oso kritiko agertzen da Frantziako politikariekin, baita bertako futbol erakundeekin ere. Adibide moduan, Parisko PSGko zalea omen da Gleizes eta hain klub indartsuak apenas agertu duen bere babesa txio ziztrin baten bidez.

Mugarik Gabeko Kazetariak dio bera dela kartzela batean dagoen kazetari frantses bakarra.

Arraroa iruditu zait gai honek gurean ez izatea inolako oihartzunik. Edo agian da ni ez naizela enteratu.

Ana, Andoni eta Leire

Mikel Iturria 2026/01/06 18:05
Abenduaren 29an hirukote honi esker salbatu genuen eguna.

Aspaldian nahi nuen Irungo Meaka auzotik buelta bat eman Aiako Harriko parketik barrena. Batez ere, Aitzondoko ur-jauzia ikusi nahi nuen.

Ana, Andoni y Leire, estas líneas en castellano.

Iritsi ginen bertara, ikusi genituen ikusi beharrekoak eta gero Enbido eta Meazuritik barrena jarraitu genuen.

Elurretxe aparkalekutik gertu samar, lagunak gaizki zapaldu eta erreka batean erori egin zen. Ez zuen minik hartu, baina blai eginda atera zen uretatik.

Pixka bat atzerago topo egin genuen bikote gazte batek esan zigun onena izango zela Elurretxera hurbiltzea eta han baten batek eramango gintuela guk autoa genuen tokira, Ola sagardotegiko atarira. Bost bat kilometroko bidea zen.

Eguraldi ona lagun, hogei bat minututan iritsi ginen Elurretxeko aparkalekura.  Auto asko zegoen bertan, baina lehen asmoa izan zen Irungo taxi zerbitzura deitzea.

Kostatu zitzaidan telefono estaldurarekin arazoak izan nituelako. Bosgarren ahaleginean lortu nuen bertako telefonistarekin hitz egitea. Aipatu nion taxi bat behar genuela handik Ola Sagardotegira jaisteko. Hori bai, abisatu nion taxistak manta bat edo antzeko zerbait ekartzeko, laguna blai eginda baitzegoen eta ez genuela taxia busti nahi.

Hori entzun zuenean, telefonistak esan zidan ezetz, bustita baldin bazegoen, taxistak ez gintuela eramango. Bigarren aldiz esan nion, manta edo antzeko zerbait jarrita ez genuela autoa izorratuko. Berak bigarren aldiz berretsi zidan taxiak ez daudela horretarako. Agur esan nion eta ataka hartatik nola atera pentsatzen jarri nintzen.

Telefonoa estaldurarekin arazoak nituenean, emakumezko bati galdetu nion ea telefonorik ba ote zuen berak. Deia moztu nuenean eta ikusi zuenean ez genuela lortu taxia, berak bere burua eskaini zuen gu jaisteko.

Iritsi berriak ziren Elurretxera. Anak eta bi seme-alabek, Andonik eta Leirek, orduan zuten mendi buelta bat hasteko asmoa.

Jaitsi gintuen Ola sagardotegira, aldatu zituzten goiko planak (bueltaxka behean egingo zutela esan zigun Anak). Eskertu genion egindakoa, baita telefono zenbakiak trukatu ere.

Larunbatean, urtarrilak 3, itzuli ginen Irunera eta Elkarrek Colon hiribidean duen dendan (Bertso-Hop) detaile bat utzi genien Anari eta seme-alabei, Aiako Harria eta Jaizkibel barrena hainbat ibilibide egiteko liburuxka.

Errege bezperan jaso zuten eta mezu bat bidali zigun Anak: ibilbide horiek egiterakoan gurekin gogoratuko direla.

Gu ere onerako gogoratuko gara beraiekin eta ez, aldiz, Irungo taxi zerbitzuarekin.

Amets Arzallus Miñani buruz

Mikel Iturria 2025/12/22 19:13
Helduen Hitza elkarteak Amets Arzallus gonbidatu zuen Okendo Kultur Etxean eginiko literatur solasaldi batera azaro amaieran. Audioa entzungai dago sarean. 50.000 migrante pasa dira Irun eta Hendaiako mugatik 2018tik hona. 50 bat lagunek eskatu dute asiloa Espainiako Estatuan. Horietako bat da Ibrahima Balde.

Ez da lehen aldia Miñan liburuari buruz idazten dudala txoko honetan. Bi apunte azpimarratuko ditut: Paperik ezean liburua eta Ibrahimaren paperak.

Goiko laburpenean esan bezala, Helduen Hitza elkarteak Okendo Kultur Etxera gonbidatu zuen azaroaren 26an Hendaiako bertsolari eta idazlea Miñan liburuari buruz hitz egin zezan.

Entzun beharreko podkast eta audioen artean nuen hitzaldia eta hori egin nuen abendu hasieran, asteazken goiz batez, lanera joan aurretik.

Elkarteko kide baten aurkezpen laburraren ondoren, hitza hartu zuen Arzallusek. Gelditu gabe hitz egin zuen ordu erdi luzez. Lehenengo eta behin kontestu pixka bat eman zuen  migrazio kontuak aipatuz; gero adierazi zuen zergatik hasi zen kolaboratzen Irungo Harrera Sarearekin; bertan bolondres gisa ezagutu zuen Ibrahima, Europara etorri nahi ez zuen migraria; asilo eskaera egiteko txosten laburra zena, nola joan zen potolotzen liburu bihurtu arte; liburuak egindako bidea; paperak lortzeko dagoen bide neketusa, diru eta trabak. Besteak beste.

Liluratuta entzuten nuen Donostian barrena, eguzkia altxatu aurretik eginiko paseoan. Eta hori istorioa ondo samar ezagutzen nuela, lagunok.

Ez dut gehiago kontatuko. Hortik aurrera gustu baduzue, egin klik eta entzun.

Palestinari buruzko zikloa Intxaurrondon

Mikel Iturria 2025/12/08 08:30
Abenduaren 24a arte ikusgai dago Intxaurrondo Kultur Etxean Federico Vespignaniren «Short term, but Long Term» erakusketa. Horren harira hiru ekitaldi antolatu ziren azaroaren 11 eta 12an. Mikel Aramendiren hitzaldia eta Hithem Abdulhaleem eta Liliana Córdova Kaczerginskiren arteko mahai-ingurua entzungai daude sarean.

Azaroaren 11n hasi zen Intxaurrondo Kultur Etxean Ibaitik itsasoraino, beste begirada bat izeneko zikloa. 

Ciclo sobre Palestina en Intxaurrondo, este apunte en castellano.

Alde batetik, Federico Vespignaniren Short term, but Long Term erakusketa inauguratu zen. Abenduaren 24a arte duzue bisitatzeko aukera, astelehenetik ostiralera. Italiar argazkilariaren erakusketan Gazako genozidioan parte hartu duten israeldar soldaduek Tinder moduko ligatzeko aplikaziotan dituzten 300 profilen irudiak biltzen dira. Ez dakit denak ote dauden Intxaurrondon, baina sarean eskegi ditu Vespignanik bere webgunean. Ez omen ditu aukeratu emakumezko soldaduen erretratuak, nahiz eta badauden aipatutako aplikazioetan.

Inaugurazio egunean Mikel Aramendi nazioarteko gaietan aditua den kazetariak hitzaldia eman zuen euskaraz: Sionismoa; traszendentziaz mozorrotutako kolonialismo bat.

Segidan Adania Shibliren Detaile xume bat liburuari buruzko literatur solasaldia gidatu zuen Iratxe Retolazak. Bi jarduera hauek Plazara Goaz elkartearekin batera antolatu ziren.

Azaroaren 12an Hithem Abdulhaleem palestinarra eta Liliana Córdova Kaczerginski judua egon ziren Intxaurrondon Jaime Otamendik gaztelaniaz gidatutako mahai-inguruan: Deshumanizar como estrategia.

Hithem Abdulhaleem psikologian doktoreak 25 urte baino gehiago daramatza Euskal Herrian. Doktore-tesia fundamentalismo erlijiosoaren fenomenoari eta erradikalizazio-prozesuei buruz egina dauka.

Liliana Córdova Kaczerginski Parisen jaio zen, Argentinan hazi eta ia 15 urtez egon zen Israelen bizitzen. Herrialde honetan bihurtu zen sionista, baina gero baztertu du kausa hori. Frantzian egin zuen lan pedagogo gisa eta egun, erretreta hartuta, Madrilen bizi da. Bakearen aldeko Frantziako Juduen Batasunean eta European Jews for a Just Peace-n parte hartzen du aktibista gisa, eta International Jewish Antizionist Network sarearen sortzaileetako bat izan da.

Mikel Aramendik Emmanuel Todd aipatu zuen hitzaldiaren une batean. Ez bereziki ados dagoelako berarekin, baizik eta Todd pentsalaria delako eta hori ez da gutxi gaur egun, gehitu zuen Aramendik.

Publikoa gonbidatu zuen «Todd On Gaza» bilaketa egitera Internet-eko bilatzaileetan. Hori egin dut eta 2024ko abenduan argitaratutako frantsesezko elkarrizketa batekin egin dut topo: Le nihilisme peut expliquer le comportement d’Israël à Gaza. Gaztelaniaz eta ingelesez ere argitaratu zen 2025eko ekainean.

Emmanuel Todd-en La derrota de Occidente liburua Akal argitaletxeak kaleratu du gaztelaniaz 2024ko maiatzean.

Topaketetan ez nintzen izan, baina DK Irratiak sarean jarri zituen aipatu bi saioak: Mikel Aramendirena eta mahai-ingurua.

Scott Zuñiga Oier Aranzabalekin

Mikel Iturria 2025/11/23 20:50
Ez nuen Scott Zuñiga ezagutzen. Oier Aranzabalen "Barruan gaude" podkastaren denboraldi berriko lehen gonbidatua izan da. Bide batez, bigarrena Marino Lejarreta.

Barruan gaude podkastaren 85. elkarrizketatua izan da Scott Zuñiga. Beti bezala, gonbidatuaren etxean sartzen da Oier Aranzabal eta harekin egindako hitz aspertutik sortzen du podkasta.

Oierrek horrelaxe aurkezten du: «Utah-ko mormoien komunitate batean hazi zen Scott Zuñiga AEBetan. Bere familia mormoi egin zen lehenengoetakoa izan zen Mexikon, hamazazpigarren mendean, eta orain bere belaunaldia izan da eliza alde batera utzi duen belaunaldia. Duela hiru urte Euskal Herrira etorri zen bere sustrai euskaldunetatik tiraka, eta euskara menperatzea bihurtu du bere bizitza helburua. Musikaria da, eduki sortzailea sare sozialetan eta lehenengoz bere buruan sinesten hasi dela aitortu digu. Donostiako Amara zaharreko etxeko ateak zabaldu dizkigu, gitarra soinean duela».

Ama eskoziarra du eta aita mexikarra. Esan bezala, jada ez dago mormoien elizan eta  Donostian bizi da Scott Zuñiga.

Euskara ikasten ari da, baina oraindik kosta egiten zaio zehaztasunez adieraztea esan nahi duena. Horregatik saioaren tramo askotan berak ingelesez hitz egiten du azpitik eta gainetik euskarazko itzulpena irakurtzen du.

Aitortu du kosta egin zaiola Euskal Herriko kulturan sartzea. Alde nabarmena baitago bere herriarekin: mutil estatubatuar peto-petotzat du bere burua, hobe dela postetxean aldameneko ezezagunarekin hitz egitea itxaronaldia telefono mugikorrera begiratzen pasatzea baino. Eta klaro, hemen jende ezezaguna kaletik agurtzen zuenean, askok  zorotzat hartzen zuela aitortu du barrez. Euskal Herriko Forrest Gump dela dio.

Amaitzeko, Euskal Herriko ze talde ezagutzen dituen galderari erantzunez, Chill Mafia eta Kiliki Frexko, Xiberoots eta La Txama aipatzen ditu, besteak beste.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter