Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Harategizar (I)

Harategizar (I)

gabiria 2005/04/06 08:26

Askotan esan da: literatura ezer bada, jolasa da. Alde batetik, barruan duzuna nolabait atera behar da, eta hitz edo forma egokiak bilatzea jolas bihurtzen da. Ez naiz gogoratzen ze idazlek esan zuen sekulako obrak zituela buruan, inoiz ikusi ez ziren liburu bikainak. Gero, apur bat etsita, aitortu zuen buruko marabilla horiek idaztea baino ez zitzaiola falta. Jolas egitea falta zitzaion, beraz.

Beste alde batetik, literatura jolasa da, errealitatetik sortzen delako eta horrexegatik delako, hain zuzen, autobiografikoa: idazleari zuzen-zuzenean gertatu ez arren, bere burutik, bere galbahetik pasatu delako, eta bere eskutik heldu delako orri zurira, forma eta erritmo pertsonal batekin. Egia gezur bihurtzea, idazlearentzat, gezurra egia bihurtzea bezain gauza inportantea da. Edo sinesgarritasuna ematea sinesgaitza denari, edo sinesgaitz bihurtzea sinesgarria dena. Baina irakurleak sinesgarritasuna nahi badu, atearen beste aldean ere barra-barra aurkituko du, bizi-bizi, autobusean edo fruterian. Literaturaz ari garela, ez zait gustatzen egia edo gezurra, sinesgarritasuna edo sinesgaiztasuna aipatzea, ez dudalako ulertu nahi literatura errealitatearen sukurtsal gisa, baizik eta, errealitatearen ikuspegi bat emanda, aparte zaramatzan mundu gisa. Labur esateko, jolas gisa ulertu nahi dut, irakurle zein idazle naizenean.

Horregatik, Zazpi Kaleetako paseo hauetan, badago une bat erreala dena, badago beste une bat jolasa dena, eta badago beste bat, azkena, zuen begietara heltzen dena, ez dakidana zer den. Izan daiteke errealitatearen ispilua, izan daiteke gezur galanta, ametsa edo nahi duzuena. Eta horretaz pentsatu dut Harategizar kaletik paseatzen ari naizela, sartu naizenean Kebab batean eta erabaki dudanean, gero, Kebabeko pertsiana jaisten dutenean, jarraitu egingo dudala zerbitzaria, tipo okre hori. Eta pentsatu dut hasi dela jolasa, hasi dela literatura. Hurrengo astean kontatuko dizuet. Baina ez larregi pentsatu egia ote den, ze, akaso, egia izango da.

etiketak: Bertan Bilbo
igela
igela dio:
2005/04/07 13:44

Ze ona Julen!

Patxi
Patxi dio:
2005/04/06 12:32

Ze ondo etortzen dan zirrara bat, goizeko 10,32 etan.

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/04/10 15:19

Harategizarrean Bilboko kebabik onenak emoten dituzte, neure gustuz. Eta tipo okre hori honen "erruduna" izango da, neuk pentsatzen dodana baldin bada, tipo isil eta gazte hori, pakistandarra baino magrebtarra dan hori (ezin gehiago espezifikau), ia gazteleraz ez dakien hori, "agur" berba (behintzat) ikasi dauan hori...

Atzo ganera gonbidatu gintuen, edariak haren kontura laga zituen. Neu bezalako errealzalearendako kontsolamendua izan zan tipo okrearen keinu hori, 7 kaleak zuri-gorri euforikoez beteta egoazala...

txiber
txiber dio:
2005/04/08 11:08

Ni Harategi Zahar kalean bizi naiz eta irrikitan egon naiz neure kalera noiz ailegatuko. Lehenengo zatia irakurri eta bigarrenaren zain nago, ostera ere irrikaz. Ea eguaztenean zegaz harritzen gaituzun.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.