Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Verdes

gabiria 2005/03/31 11:34

Lagun batek esan dit lagun batek esan diola bihar itxiko dutela Verdes liburu-denda.

Banekien laster zirela ixtekoak, baina albistea egun biko aurrerapenarekin heldu zait. Egun biko arnasestuarekin, hobeto esanda: Verdesen aurretik pasatu eta sartu ez garen aldi guztiak errekuperatzeko denbora laburregia da egun bi.

Gustuko nuen Verdes. Txiki-txikitatik ezagutzen dut, beti hor, beti presente. Zazpi Kaleetara joan eta hantxe zegoen. Kostatu egiten zitzaidan Zazpi Kaleetan orientatzea, baina zapatak erostera joaten ginen bakoitzean banekien zapata-dendaren ondoan letra handiko kartel hura, VERDES hura zegoela. Ez nekien non, ze kaletan zegoen, baina zapatak erostera joatea zen jakitea Verdes liburu-dendaren paretik pasatuko ginela. Eta sartu ere egingo ginela, eta zerbait erosi. Eta hori gauza handia zen.

Duela gutxi, beste lagun batek Verdesen propagandako papeltxo bat eman zidan, ximurtua eta berdea, uste dut 1977koa edo. Etxean daukat, gordeta.

Liburu-denda historikoa da Verdes. Uste dut Atxagak sarritan aipatzen duela Arestiri buruz ari denean, zelan bera Bilbon egon zenean Aresti ezagutu zuen, eta zelan Arestik idaztera animatu zuen eta zelan esan zion idazle ona izango zela. Buruz ari naiz, baina eskua jarriko nuke hori dena Verdesen inguruan izan zela. Ea norbaitek detaile gehiagorekin esan dezakeen.

Euskararen Corpusean "Verdes" hitza sartuta ere, hortxe dago, Xabier Gereñoren "Euskal espioiak nazien aurka" 1988ko liburuan:
-Tere Verdes-ekin hitz egingo dut.
-Tere Verdes?
-Bai, Verdes liburudendakoa. Agian hark lagunduko zaitu...

Mila istorio eta mila historia Verdes liburu-dendaren inguruan. Istorio pertsonalak, inora ez doazenak, inori ardura ez zaizkionak. Historia, berriz, euskal literaturaren historia, gure historia.

Orain itxi egingo dute. Bertan beste dendaren bat jarriko dute, pentsatzen dut. Eta gero, denborarekin, ahaztu egingo zaigu han liburu-denda bat zegoela, han liburuak saltzen zirela. Eta saltzen zirela, gainera, euskaraz eta tratu atseginarekin. Ahaztu egingo zaigu.

Horregatik, nik azken agurra egingo diot bihar. Goizean joango naiz, eta argazki kamera eramango dut. Hiltzera doazenekin egiten den bezala, azkenekoz bisitatuko dut eta saiatuko naiz oroimenean betiko mantentzen liburu-denda horren irudia.

Bere partez moda-denda bat jartzen dutenean ere, soinekoen artean liburuen usaina hartzeko.

etiketak: Bertan Bilbo
Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/06/18 19:33

Atzo zabaldu dabe Zamudioko atarian, "Borda" zaneko aurre-aurrean, Elkar-ren makrodenda barria. Verdes jaunak XX. mende hasikeran beste inprimategi bat eukan tokitik oso gertu (Gurutze kalean ei eukan,Posta kalekoaz gain).

Gaur bisitau dot. Dotorea, neuretzat etxetik hurbil eta beraz enaz Urretxindorrara jun behar izango, askotan ez behintzat.

Baina kontu zahar bategaz topau dot gaur, barriro be (Urretxindorran edo Bilintx-en gertatzen dan legez). "Euskal Gaiak" saila paratu dabe goiko solairuan eta, berton, noski "euskal" gauza guztiak sartu dituzte: hasi beste hizkuntza bateko liburu euskaratuetatik, segi euskaraz idatzitako elebarriekin, eta amaitu euskarazko Munduko atlasekin. Harrapa ezak/n! "Euskal Musika"gaz, beste hainbeste: Valverde eta enparauetatik Kuraiaraino.

Noz demontre sailkatuko ditugu gauzak gaika eta egileka, baina erdaraz eta euskarazkoak batera? Zergaitik igo behar ditugu eskailerak euskaradunok "euskal gaiak" sailera igoteko erdaldunak eroso-eroso kale mailako solairuan liburuak begiratzen dituzten bitartean? Agian galdera honen erantzuna da euskaldunak oso mendizaleak garela eta eskailerak igotea maite dogula, ganera mendiko gauzak be goian dagoz...

Asuntoa da badela garaia erdaldunek, ustekabean, Jon Alonsok itzulitako Julio Cortazarren "antologia apetatsua" topatzeko Cortazarren gainontzeko liburuekin batera, adibidez. Edo best-sellerren artean "Lotsaizuna" Nobel sariduna kausitzea, Coetzerena. Edo "R" sailean, Rolling Stones-en diskoekin batera Ruper Ordorikaren CDak be aurkitzea.

Bien bitartean, euskaldunok ikustezinak izaten segiduko dogu. Baita "Elkar" megadendetan be.

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/04/01 21:34

Fe de ratas: Aurreko mezuan, hasikera nahiko ulertezina atara jat.

Hauxe izan behar zan: "31 urte emon dabe gaur egungo dendariek..."

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/04/01 19:36

  1. urte emon dabe gaur egungo dendariek Posta kaleko liburudenda xarmagarrian. Baina, berton esan deustienez, dendak 100 bat urte daroia zabalik leku hartan.

Sokatik tiraka, topau dot pertsonaia bat: Emeterio Verdes Atxirika. Gizon honen "irarkolan" (Posta kaleko 9an, telefonoa: 10 127) argitaratu zituzten liburu batzuk Errepublika garaian: Lauaxetaren "Bide barrijak" eta Lizardiren "Bihotz begietan". Verdes jaunaren inprimategian argitaratutako libururik zaharrena (neuk aurkitu dodana) Escarzaga izeneko batek 1.927an egindako "Avellaneda y la Junta General de las Encartaciones" da. 1.932an, Jose Verdes izeneko batek eta Lizardik berak alkarri bidalitako eskutitzak (liburuen argitalpenei buruzkoak) jaso dituzte Terra-ren webgunean. Orixek be argitaratu eban zeozer Verdes-en inprimategian...

satortzulo
satortzulo dio:
2005/04/01 11:04

ño! baten batek estudiatu du euskaldnok zer dugun gustoko, liburu-diska-dvd-en osagarri MENDIKO MATERIALA

vaya semanitako parodia dirudi honek

Julen
Julen dio:
2005/04/01 10:24

Atzo arrastian joan nintzen, baina ez neukan kamerarik, albisteak ustekabean hartu ninduen eta. Ea gero aukera dudan eta kanpotik argazki bat ateratzen diodan.

Baina aitortu beharko dut, nire lotsarako eta norbaiten irribarrerako, ez dakidala argazkiak kargatzen blogean. Ea BSTan norbait engantxatzen dudan eta irakasten didan!

Verdesen etorkizunari buruz, atzo esan zidaten langileek: Borda ere itxiko dute, eta Bordaren aurrean dagoen eraikin batean ("Los Encajeros" zegoen lekuan) Megadenda zabalduko dute. Verdeseko langile bi denda horretara joango dira lanera, eta beste langilea, berriz, Herriak liburu-dendara. Bordakoak ere Megadenda berrira joango dira.

Beraz, denda berriak hiru bat solairu izango ditu, eta liburuak, diskoak, DVDak eta mendiko materiala salduko dute.

Patxi
Patxi dio:
2005/04/01 03:21

Nik duela gutxi deskubritu nuen, oso etxe ederra, trenbideaz bestaldean. bota zuten eraikin baten atzean zegoena. Hau ere bota egin dute. Ez nuen ezagutzen, baina hain itxura ederra zuen... Zenbat ametsen kabi izango ote zan? Zenbat istorio bertan?

Moda dendari tankera txarra hartzen diogu. Moda dendak ez baitira zahartzen. Berritu egiten dira urtero urtero. Ez du ematen ezer pasatzen danik bertan.

Kontsolapena, dendari batzuk urte batzuk egiten badituzte denda berean... Ikustea nola ugaritzen zaizkien zimurrak. Nola edertzen dituzten zimurrek... Beraiek kontrakoa pentsatzen duten arren.

Asko gozatu bihar, eta kontu egin kamarak ez daukala makroa edo jarrita, edo objetiboaren tapa itxita!

Eta beste Julenek dioen modura... Gero erakutsi!

Julen
Julen dio:
2005/03/31 22:45

Julen, argazkia jarriko al diguzu hemen mesedez? Eskerrik asko.

iigo m.
iigo m. dio:
2005/03/31 18:32

Gaur bertan? Hurbiltzeko intentzioa nuen, ez dakit garaiz helduko naizen, azken begiradatzo bat emateko.

iigo
iigo dio:
2005/03/31 17:29

Zazpikaleetan beste liburu-denda bat zabaltzekoak dira, makro-hiper horietakoa. O, tempora! O, mores! Verdes-eko oraingo langileak hantxe arituko ei dira. Nahi beste leku izango dute orain liburuak atontzeko.

Ganorabako hutsa naiz, eta liburuak edonon erosten ditut, Eroskin ere bai tarteka. Verdes-en, berriz, liburu erostea zentzuz beteriko ekintza begitantzen zitzaidan. Orain ez naiz erostaka hasiko.

Ustez, makro-hiper dendak Verdes izango du izena. Izena eta izana bat ala izena bat eta izana beste bat? Ikusikodu.

Julen
Julen dio:
2005/03/31 18:21

Testuan bihar itxiko dutela jarri dut, baina ez. Euskadi Irratitik deitu berri didate, gai honi buruz biharko Faktorian hitz egiteko, eta bide batez abisatu didate gaur itxiko dutela Verdes, ez bihar.

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/06/20 16:02

Zer da "euskal musika"? Zer da musika espainiarra (edo ingelesa)? Ez da erraza etiketatzea, guztiz ados zeugaz, Aritza. Askoz hobea izango zan Atik Zra sailkatzea (adibidez).

Liburuei jagokienez, ez dot uste zeuk planteatzen dozun bezain erraza danik. Agian euskarazko liburuak ez dira hainbeste saltzen 2. solairuan dagozalako eta danak batera "Euskal Gaiak" etiketagaz, "Nobedadeak" sailean ez dituztelako sartzen (nahiz eta liburu barriak egon badagozen, hilabetero)...

... eta euren publizitaterik inoiz ez dalako agertzen "El Correo Español"en (Bizkaian gehien saltzen dan egunkaria), euskaraz idazten daben idazleak TVEn edo T5-n sekula agertzen ez direlako eta agertzen badira, alkarrizketa erdaraz egiten deutsielako (ETBn agertu bai baina ez maizegi). Esate baterako.

Zenbat euskaradunek jakingo dau Cortazar be euskaraz deukogula irakurgai?

Aritza
Aritza dio:
2005/06/20 11:58

Euskal (euskarazko) liburuak 2. pisuan dagoz gitxiago saltzen diralako. Kitto!!!. Euskal musikari jagokonez, ba zer esatea gura dozu!!. Lehenengo eta bat zer dan euskal musika zehaztu beharko geunke. Zergatik euskal musikaren atalean dagoz La Polla, Doctor Deseo, Tijuana in bLue.. baita Reincidentes lako taldeak be, eta ez La Oreja de Van Gogh, Duncan Dhu...

iigo m.
iigo m. dio:
2005/03/31 18:15

Nik ere entzun dut liburudenda handi bat irekiko dutela zazpi-kaleetan, Verdes eta Borda itxi ostean. Dirudienez "Megadenda" bat izango da, Urretxindorra, Bilintx, Herriak... eta abarri batzeko. Badakit presiorik egon ez dela, baina, "Nire Gauzak S.A."ri antz hartzen ari natzaio guzti honi.

xeber
xeber dio:
2005/07/04 11:26

Ni aurreko egunean liburu bat erosi nuen megadenda berri horretan. Txartelarekim pagatu eta etxera heltzerakoan faktura jausi eta begiratu bat bota nion. Tori sorpresa: faktura espainol hutsez. Tori euskalduntasuna. Hori dok/n hori. Gora erdal megadendak!!!!!

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/07/03 11:37

Lehengo egunean Bilboko MEGADENDA barrian liburu bat feriatu neban, Julian Peñaren "Apologia", oraindino irakurri ez dodana. "Nobedadeak" mini-sailean egoan, "Novedades" MEGA-sailaren atzean erdi ezkutatuta. Errealitatea egoskorra da, baina ganera antzezten badogu eta geure paperean hain ondo sartzen bagara, gero eta egoskorragoa izango da.

Enpin, mini-salaketatxo hau egin eta gero, behean kopiau egin dot pasa dan barikuan egunkarian agertutako gutun bitxia. MEGA-bitxia.

"Elkar Megadenda, liburugintzaren katebegia Bilbon"

Ireki berria da Elkar Megadenda Zamudioko Portala eta Espainiaren Bankua kaleek bat egiten duten gunean, Jon Sainduen eliza barrokoaren pare-parean.

Unamunoko Mikelentzat ere gune kuttun-kuttuna zen hauxe, hementxe hasi baitzen haurtzaroan bizitzaren misterioez pentsa eta pentsa: «Pero mi mundo, mi verdadero mundo, la placenta de mi espíritu embrionario, el que fraguó la roca sobre que mi visión del universo se posa, fue, ante todo, la manzana comprendida entre las calles de la Cruz, Sombrerería, Correo y Matadero (hoy Banco de España), la manzana en cuyo centro estaba el matadero. ¿Qué misteriosas relaciones guardarán los espectáculos que hemos tenido de continuo ante los ojos, cuando nuestra comprensión del universo cuajaba, con el rumbo que luego nuestras ideas tomen? Tengo por un misterio augusto el del influjo que en mi concepción de la vida haya podido ejercer aquella visión frecuente del matadero, con su suelo de losas, sobre que corrían agua y sangre, y aquellas mujeres que parecían bailar baile silencioso y hierático, mientras ayudándose de una cuerda, desangraban a golpes de pies las reses muertas.» (Salamancan, 1900ean idatzia).

(Espainiaren Bankua desagertu zela kale honetatik eta, berton bizi garen auzook, eskatu ere eskatu genion Udalari ken ziezaiola deitura hori eta Mikoleta jarri. Eskatu genien, baita ere, Elkar Megadendakoei Mikoleta Megadenda izena jar ziezaioten. Ez digute, baina, jaramonik egin ez Udaleko endoreek ez merkatari probintzianoek, hots, giputxek).Espainiaren Banku honetara so egiten dio Megadenda honen gehienak. Eta liburu kalea dei geniezaioke honetxi. Hementxe, 3.enean, orain Cardenal arropa-denda denean, lehenago inprenta zen, eta inprenta hartantxe eman zen argitara, besteak beste, Labayruren Historia General del Señorío de Bizcaya.Hementxe, aurrenean, bizi zen, baita ere, Manuela Salcedo bilbotar burgesia militarraren alaba, zeinarekin ezkondu egin baitzen 1776an, arabar baserri-nobleziako zen Felix Maria Samaniego alegigilea.Elkar Megadendak jarri berria du liburuen katenbegi honetan hurren begia. Alemandar Amann familiak ezkutuan zeuzkan hitzekin egin nahi diegu ongietorria dendari berrioi: «Adsit nobis Fortuna diebus Iovis»: «Bekigu lagun Fortuna Jupiterren inetasi eta juzturi eguenetan».

Angel Zelaieta

Bilbo

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.