Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Dendarikale (II)

Dendarikale (II)

gabiria 2005/03/09 08:12

Zure atzean, ahots bat gailendu da beste guztien artetik. Ez zara jiratu: nahiago izan duzu imajinatu.

Emakumeak esan du: "Nik beti pentsatu dut gauza bat, eta arrazoi dut: kamioiak geratzen diren lekuan, ondo jaten da beti". Koadernoa atera duzu. Holako esaldiak botatzen dituzten emakumeak hizketan ari direnean, koadernoa atera behar da beti. Pentsatu duzu arrastiak itxura ona hartu duela bat-batean, zoologikora edo museora doan antropologoaren harrokeria berarekin. Lotsagarri samarra ere bada koaderno batekin joatea degustazioetara, eta emakumeek esaten dituztenak jasotzea bertan, errealitatetik mila kilometrora biziko bazina bezala eta, astean behin, mundu errealera jaisteko beharra izango bazenu moduan. Zalantzak etorri zaizkizu orduan, baina ez duzu koadernoa itxi. Emakumeak esan du: "Eta ondo jan genuen, baina gero Portugalera sartu ginen, eta hortxe hasi zen abentura: egun horretatik aurrera, potitoak jaten pasatu genituen oporrak". Jarraitu du gero: "eta egin kontu asko bidaiatutakoak garela, ze birritan egon gara Saloun; baina, benetan: niri ez eman Portugalgo janaririk, ze oka egingo dizut gainean". Andre batek erantzun dio: "bakailao ona omen dago Portugalen". Emakumeak erantzun dio: "ba gaur da eguna" (talk-showak ikusten dituzten emakumeei ikaragarri gustatzen zaie txorakeria hori esatea), "gaur da eguna nire semeak bakailao bat ikusi eta oka egiten duena". Zehaztu du: "txuletoiak bai, hori gustatzen zaio". Esan du: "ezta, Jaime?". Umea, harrotu eta mozolokeriak esaten hasi da, degustazioko emakumeen eta, bereziki, bere amaren bozkariorako. Esan du amak: "eskolara ere potito bat eramaten du, badaezpadan". Mutikoa puztu egin da: "eskolan ez digute idi-txuletarik ematen. Kabroi hutsak dira".

Azkenean atzerantz begiratu behar izan duzu, halako elkarrizketa bat ze freak motaren ahotik irten daitekeen imajinatu ezinda. Eurek ere lasaitu ederra hartu dute, jakitean ze freak mota den euren elkarrizketak koaderno batean apuntatzen ari dena.

etiketak: Bertan Bilbo
iaki
iaki dio:
2005/03/09 20:27

Julenzianori: bazenkixen Bilbokokalerik laburrenetako bat "Askatasuna" kalea dala? Plaza Barria joten dau... Kaleak be bizitzatik edan dauela emoten dau,e?

talib.

autobus-club-a
autobus-club-a dio:
2005/03/11 02:59

Gauzak gutxitan apuntatzen ditut libretatxo batean,behintzat alde horretatik esan dezaket ez naizela freak-a.Lehengoan,etxerako bidean autobusean nindoala atasko txiki bat suertatu zen,bost minutu inguru,eta zine bateko pantailaren aurrean nengoela iruditu zitzaidan.Gizon bat bere txakur potolo-txikiarekin buelta bat ematen ari zen eta espaloiaren erdian zeuden biak geldi,lehenengoa mugitzen nor izango ote zen zain,eta orduan txakurra atzerantz bultzatzen hasi zen zokarekin eta orduan gizonak kontrako norabidean eta horrela eman zuten pare bat minutu.Biak jubilatuak,ez zeukaten presarik inora heltzeko.orduan nagusiak segundu batzuk eman zituen pentsatzen txakurraren borondateari baietz esango zion ala ez eta buruari astindu batzuk eman ostean, txakurraren bideari ekin zion.eta biak poz-pozik,txakurra batez ere,han galdu ziren.Autobusak aurrera egin zuen eta pelikula itzela ikusi nuen,egun osoko onena.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.