Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Somera (eta III)

Somera (eta III)

gabiria 2005/02/02 08:00

Eta holako batean pentsatzen duzu errealitatea kalean bizi dela, Euskaldunako langilea tabernatik irten denean eta musika-aparatuan Serrat abesteko puntuan dagoenean. Edo agian tabernan bertan bizi da, telebistan arratsaldeetako talk-show bat daukatelako jarrita, eta ugazabandreak ez dizulako aurpegira begiratzen kafea ateratzean.

Baina kalera irten naiz. Eta abiatu, eta hiru bider paseatu naiz Someratik atzera eta aurrera, ez baita erraza lehenengo begiratuan dena harrapatzea Zazpi Kaleetako kalerik luzeenean. Eta errealitatea zenbatu dut, eta apuntatuta geratu da nire koadernoan: hamasei taberna, mota eta estilo guztietakoak. Arropa, zapatak eta osagarriak saltzen dituzten hogeita bost denda: arropa klasikoa, informala, hip-hoperoa, baserri girokoa, gotikoa, modernoa, hippya edo mendikoa. Eta tatuajeak egiteko denda bi, eta bazar txinatarra, disko-dendak, fruta-denda bat kalearen erdi-erdian, burdindegi bi elkarren parean eta, zelan ez, Harino Panadera ogitegi bat, Egunkaria, Korrika eta presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzen duten kartelekin. Errealitatea, bai, kalean bizi da. Esate baterako, ia parez pare dauden beste bi dendatan ikusten den moduan: alde batean, Semillas Antuñano, ortuaren mundua, bere hazi eta landareekin. Bestean, Kalamundua, kalamuaren mundua, bere hazi eta landareekin. Antzeko munduak baina errealitate desberdinak. Eta gero altzari dendak, eta antzinako garaietara garamatzan Meltxora, hango kaiku eta pololoekin, txapel eta mahoizko prakekin.

Somera inork guztiz konkistatu gabeko kalea da. Adin eta giroen arteko nahasketa inon sumatzen bada, hementxe da batez ere, eta fruta-dendako bezeroen artean inor ez da harritzen alboko tatoo-dendatik piercing batekin irten berri den neskarekin, edo K2 tabernako bezeroek Bikandin hartzen dute gero trago bat, giro modernotik zerrautsez estalitako zorura pasatuz.

Harantzago, kale gehiago, errealitate gehiago. Harantzago erreka, harantzago Bilbo Zaharra, harantzago askoz ere errealitate gehiago. Askoz ere beltzagoa eta ijitoagoa, hango errealitatea. Baina errealitate.

etiketak: Bertan Bilbo
Ismael
Ismael dio:
2005/02/02 13:36

Bai,eta errealitate. Gure errealitatetik gero eta hurbilago, eta eskerrak zubiak gero eta gehiagok pasatzen ditugun eta pasatzen dituzten eta egun batean iritsiko gara errealitate bakarra izatera, halan behar du, nik uste. Metroan noanean, erdiko bagoian sartzen naiz normalean,oraindik ez baitut ondo kontrolatzen zein den hartu behar dudan norabidea, irten nahi dudan kaletik gertuago egoteko, baina batzuetan metroko lehen edo azken bagoian sartzen naiz eta etorkinak han batzen direla ikustea gustatzen zait, metroko azken bagoietan ia ez da jenderik batzen baina haiek badakite non elkar aurki dezaketen. Baina hasi naiz konturatzen, erdiko bagoian sartu, eta gero eta etorkin gehiago daudela bertan, eta gustatzen zait haietako baten ondoan esertzea eta berotasun pixkat ematea, elkartasuna. Ea egunen batean gure errealitateak betirako elkartzen diren.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.