Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Erronda

gabiria 2005/01/12 09:17

Aurrekoan, lagun batek esan zidan Bilbori buruz gehien dakien pertsona bere auzoan bizi dela, Bilbo Zaharrean. San Anton zubia zeharkatu eta, ezkerretara hartuta, Urazurrutia kalean. Bada, lagunak esan zidan etxepeko tabernara joaten dela arrastiro, eta agure isil bat egoten dela han, beti idazten. Eta lehengoan agureak kontatu ziola zelan, apurka-apurka, paperak pilatuz, Bilboko historia osatu zuen. Pazientziarekin, liburua ere idatzi zuela esan zion, eta gizonak, hura argitaratzeko nora jo jakin barik, Bilboko abade batengana jo zuela, ea Elizbarrutian zerbait egin zezaketen. Eta egin zuten, bai: liburua argitaratu zuten, baita txukun jarri ere azalean abadearen izena, egiletasuna beretzat hartuta.

Agureak lagunari esan zionez, garai batean, San Anton zubian aduana antzeko bat zegoen, eta, lanik gabeko uneetan, aduaneroak atzera eta aurrera paseatzen ibiltzen ziren, Bilbo Zaharretik Zazpi Kaleetara, errondan. Hortik Erronda kalearen izena, antza.

Erronda bazterreko kalea da, eta bazterreko jendearena. Zazpi Kaleetara noanean, pausoak Erronda kalerantz joaten zaizkit, alboan dauden kale distiratsuago eta jendetsuagoetatik alde eginez, eta gustura ibiltzen naiz eskaparaterik gabeko kale horretan, hormetako txiza eta kale erdiko putzuak saihestuz. Denbora lasaiago dabil hemen, lonjetako pertsianak beti jaitsita. Erriberatik etorrita, ni natorren moduan, Likiniano liburu-denda, bazar txinatar bat eta Herriko Taberna dira kaleari bizitza ematen dioten lokal nagusiak. Bost argazki zuri-beltz eta koloretako ugari parean ditudala, kafea hartu dut Herrikoan. "Esos son los muertos, y esos los presos", esan dit barran zigarroa erretzen ari den emakume burusoil batek, eta baietz egin diot buruarekin.

Haraxeago, Euskal Museoaren atzealdean, kaleko azken tabernak: Soiz, Baste, Muga eta Bi Anaik, larunbat gauetako aspaldiko oroitzapenak. Unamuno plazara heltzen ari gara, eta bizitza, xiringa batetik zintzilik bada ere, biziagoa da.

Atzerago, Unamuno jaio zen etxearen alboan, ijito bat zaborrean arakatzen. Mobila joka hasi zaio, Marsellesa doinuarekin. Askatasuna, berdintasuna, anaitasuna Erronda kalean.

etiketak: Bertan Bilbo
Julen
Julen dio:
2005/01/12 13:39

Anekdota polita eta hausnarketa interesgarria, Aritza, eskerrik asko. Zazpi Kaleetan asteazkenero egingo dudan ibilaldi honetan anekdota, hausnarketa, oroitzapen gehiago badituzu, bota beldur barik hona, eta kale horiei buruz dudan ikuspuntu unilaterala aberastuz joango gara.

Patxi
Patxi dio:
2005/01/12 17:18

Banioen nik, asko disfrutatuko genuela, zuk kontatutakoekin.

Abade horrek umiltasun botorik egin ote zuen? Marka da gero.

Iaki Murua
Iaki Murua dio:
2005/03/03 15:47

Aritza, tabernaren izena "Mikeldi" zen (ez dakit oraindik halaxe denentz). Nire haurtzaroko kontua izanik, ez dakit egia ala inoiz amestutakoa izango ote den, baina, uste hiru "mikeldi" zituela kanpoaldeko errotuloan, bakoitza kolore batekoa, jakina.

Kalea, portzierto Julen, Maria Muñoz da, ez Erronda.

Bilbotik paseatzen elkar ikusi arte...

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/03/08 00:38

Unai Iturriagak liburu bizi-bizia idatzi eban orain dala urte batzuk Bilboko gau giro maitagarrian kokatuta: "Berandu da gelditzeko". Beste durangar batek, Paddy Rekaldek haren "Bilbo dub kronikak" ekarri euskuzan orain dala gitxiago, baina ez jatan ailegau bertsolari "txapeldunordea"ren liburu gogoangarriaren moduan...

... gaur arte. Egun, Julen Gabiriaren artikulu gozo hauek topau ditut. Ekarri asko, Julen! Eta Barrenkalera iritsi baino lehen, Errondabideari buruz iruzkina egin nahi neban. Zehazki, Ronda kalean zeuk esandako gauza hauetaz guztietaz gain pertsonaje generiko baten aipamena: Vanessa. Edo hobeto pluralean, Vanessak. Uste dot irudika ditzakezuela: Bariku gaba / Plataformak, kanpaidun prakak, zilborra airean (nahiz eta Pagasarrin edurra egon), ule lisoa, arodun belarritakoak / Oihuka "Ainara, tíaaaaa!!!" gora eta behera / Erdaldun martziano peto-petoak / ... eta Vanessen mutil-lagunak, euren kotxeak eta euren txakurrak, jakina.

Sekula ez dituzu ba ikusi Vanessak Ronda (edo Iturribide, Barrenkale...) kalean, Julen? Imajinatzen euskarazko klaseak emon behar izatea holako munstro bateri? Imajinatzen Vanessa horietako bategaz txora-txora eginda amaitzea, zeharo maiteminduta? Neuk ez dot pentsau be egin nahi...

Aritza
Aritza dio:
2005/01/12 13:07

Erronda kalearen inguruko beste bitxikeria bat, aitari askotan entzundakoa: Egun Euskal Museoa dana orain dala urte gutxi batzuk komisaldegia zan. Maria de Muñoz kaleko (Bilboaldea ezagututen ez dozuenetzat Errondatik Unamuno plazara doan kalea) taberna baten jabeak (ez dakit zehatz-mehatz zein tabernakoa zan, zeuk aitaturiko batena seguruena) 1973ko azaroaren 21ean Carrero Blancoren heriotza han-hemenka zabaldu zanean ondorengo kartela ipini eban tabernako lehioan: "Beba tinto que el blanco está por las nubes". Tabernaria, jakina, barrura sartu eben, preso. Lehen pertsonak preso eta gomutak airean; orain, aldiz, oroimenak gatibu dagoz eta pertsonak libre ibili dabiltz museoak ikusten.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.