Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Alfonsina

gabiria 2005/07/12 08:12

Alfonsina Morini Italiako nekazarien familia batean jaio zen, 1891n. Imajinatu garai hura, Italian edo beste edonon, eta imajinatu emakume bat, Alfonsina izenekoa adibidez, emakume bati "ez zegozkion" gauzak egiten. Esate baterako, bizikletan ibiltzen. Ez: emakume bati zegokion moduan, Alfonsina Morini ezkondu egin zen. Eta, zegokion moduan, senarraren abizena hartu zuen, Strada, Alfonsina Strada.

Baina bizikletan ibiltzea gustatzen zitzaion, eta 1924an, 33 urte betetzear zituela, Italiako Giroko irteeran agertu zen, parte hartu nahi zuela esanez. Alfonsina Stradak, edo Morinik, Alfonsinak azken batean, txirrindularitzaren historiako pasarterik hunkigarrienetakoa idatzi zuen, baina sekula ez da agertuko ziklismoaren balentria handien artean, epikaren galerian.

1924ko Italiako Giroa 12 etapaz zegoen osatua: etapa bakoitzak, batez beste, 300 kilometrotik gora zituen: laburrena 230 kilometrokoa zen, luzeena 415ekoa. Arinen amaitu zuten etapan 9 ordu pasatu zituzten bizikletaren gainean, baina 18 orduko etapak ere egon ziren. Astakeria galanta izan arren, Alfonsina ez zen ikaratu: Milango irteera hartan, gizon guztiekin batera abiatu zen, errepide alboan zegoen jendetzaren irainen artean. Ezaguna egiten zaigu egoera, oraindik ere, 81 urte pasatu ostean, ezagunegia zoritxarrez.

Lehenengo etapan ez zen azkena heldu, bigarrenean ere ez eta hirugarrenean ere ez. Seigarrenean bai, orduantxe heldu zen azkena, aurreneko aldiz. Gizonen aurretik zebilen beti, eta hori ez zen posible: zortzigarren etaparen ostean, antolatzaileek erabaki zuten lasterketatik kanpo utzi behar zutela, "irregulartasunengatik", kontzeptu hori gehiago zehaztu gabe. Alfonsinak protesta egin zuen, baina alferrik: ez zioten parte hartzen utzi. Mina, adorea, amorrua, nortasuna... nahastu egin ziren “Deabrua gonekin” deitzen zuten emakume harengan, eta erabaki zuen aurretik geratzen ziren etapa guztiak korrituko zituela, lasterketatik kanpo bazen ere. Eta halaxe egin zuen, eta gizonezko asko baino lehenago iritsi zen azken helmugara, dena amorrua, dena nortasuna. Urte hartan Giuseppe Enricik irabazi zuen Giroa, baina Alfonsina Morinik, Alfonsina Stradak, Alfonsinak irabazi zuen Giroa.

Eta gaur, 81 urte eta gero, egoera batzuk oraindik ezagunegiak zaizkigun honetan, Joane Somarriba bigarren geratu da, Nicole Brandliren atzetik, emakumeen Italiako Giroan. Begi guztiak Tourrera begira dauden honetan, Tourra baino existitzen ez denean, gaur, Ramon eta biok Alfonsina gara, eta Joane, eta Nicole; gaur ere bai.

etiketak: Ziklismoa
Xabi
Xabi dio:
2005/07/12 13:15

Ni sekulako poza hartzen dut errepidera atera eta neska bat bizikletaz ikusten dudanean. Oraindik gutxiago dira, baina animatzen direnak kementsu dabiltza. Azken aldian, gainera, igarri dut sarriago ikusten direla.

Konpetizioaren munduan zer esanik ez, gizonezko batek gaitz badauka aurrera egitea mundu honetan, emakumeena ia debozio kontua da. Orain dela gutxi Naiara eta Maitane Telletxearekin berbetan ibili nintzen Enkarterrian zehar pedalei eragiten genien bitartean, eta ondorio argia atera nuen: benetan miresteko modukoa da zelan neska batzuek ia ezerren truke jarduten duten kirolean, bigarren edo hamargarren plano batean. Beste edozein mutil baino meritu handiagorekin. Hau guztia 2005. urtean.

Hortaz, pasa den mendeko emakume horiek, Alfonsina, Maoma nahiz beste batzuk, kirolaren historia ostendua diren horiek. Tamalgarriena da gaur egun ere, zuk Julen ondo diozun bezala, emakume aitzindari horiek entzun behar izan zituzten antzeko irainak entzun behar dituztela beste batzuek, eskubide bat baliatu gura izategatik. Eta gugandik oso hurbil. Hurbilegi.

Doala hemendik gure errekonozimendua, belu bada ere, emakume horientzat guztientzat. Eta gaurkoentzat, noski.

asier
asier dio:
2005/07/12 11:47

Gure herrixan be euki genduan gure Alfonsina. Maria Magunazelaia Iturrioz, "Maoma". 1904an jaixua, eta gerra aurrian makiñatxo bat karreratan parte hartutakua.

Maomak be euki zittuan beran arazotxuak, gizonezkuen munduan musturra sartziarren, baina gerra aurreko Eibar oso liberala zan, emakumiak beran lekua zekan Club Deportivo barruan, eta txirrindularitzarako zaletasuna izugarrixa zan herrixan. Mariak lasterketa ugari egin zittuan, eta bat baino gehixago irabazi be bai.

Historixia eta argazkixa hamen sartu dittut.

Gora gure Alfonsina guztiak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.