Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Euskararen fartsa

Euskararen fartsa

gabiria 2005/06/03 08:35

Gogoan izango duzue, ez baita hain gauza urruna, duela hilabete gutxi Jarrai, Haika eta Segiren kontrako epaiketa egin zela Madrilen. Gogoan izango duzue, zelan ez, epaiketa hartan ia-ia anekdota gisa saldu zitzaigun ikuskizun penagarria gertatu zela, euskaraz ez zekiten interpretari batzuen eskutik. Anekdota gisa hartutako gauzek hori dute: laster ahazten direla edo, gogoratu arren, txisteen esparruan gogoratzen ditugula. Gutxitan arakatzen da ustezko anekdota horien atzean, eta "hobe barre egitea..." esaldi usatuarekin estaltzen ditugu gure nahi eta ezinak. Baina anekdotak ez dira kasualitatez gertatzen, kasualitatez gertatzen ez den bezala Audientzia Nazionaleko interpretariak ETA itzultzea ETT dioen pankarta. Izan ere, anekdotaren atzean errealitate sakonagoa dago, Audientzia Nazionaleko pailazokerietatik harago doana eta gure eguneroko bizitzan inguratzen gaituena, eta, are gehiago, gaitz baten moduan errotzen ari zaiguna gizartearen esparru ugaritan. "Euskararen fartsa" deitu dakioke, esate baterako, boteprontoan.

Epaiketa dontsu hari esker jakin genuen interpretari lanean aritzeko aski zela Euskararen Gaitasun Agiria izatea. Kontu hori zela eta, bati baino gehiagori entzun nion Espainian ez dagoela errespeturik euskararekiko. Ez gaitezen kaikuak izan (garena baino gehiago, behintzat, ez gaitezen izan): arazoa ez dago Espainian. Audientzia Nazionalean euskararekiko errespetu bila joatea eta Europako Parlamentuan euskararen ofizialtasunaren bila aritzea gauza absurduak dira, Euskal Herrian bertan ez badago euskararekiko errespeturik eta Josu Ortuondok ez badaki euskaraz. Kanpoan aurkitu nahi badugu etxean ez daukaguna, orduan bai, hobe barre egitea. Baina kaikuaren irribarrea izango da, eta, lehen ere esan dut, ez gaitezen izan garena baino kaikuagoak.

Euskararen inguruan sortu dugun gauza asko fartsa hutsa iruditzen zait, makillaje lana. EGAren inguruan sortu dena, zer esanik ez. Madrileko epaiketak argi utzi zuen EGA dela euskalduntasunaren eremuan ibili ahal izateko salbokonduktu baliagarri bakarra, euskaraz hitz egiten jakitea baino baliagarriagoa, duda barik. Euskararen gaineko ezagutza egiaztatzen duen agiria omen da EGA, baina euskararekiko errespetua erakutsi nahi duten enpresa eta erakundeek, koherentziaz jokatuz, EGA baino harago doan pauso bat eman beharko lukete, eta ez fidatu helburu huts bihurtu den titulu batekin. Ez nabil ezer berria deskubritzen: titulitisa, azken batean, horixe da: tituluaren oinarria eta funtsa albo batean utzita, titulua lortu nahia, lortu beharra. EGA, Hizkuntza Eskakizunak... berdin zaizkit denak: euskararen fartsak baditu milaka aurpegi.

Ez da hilabete ere izango irakasle bati entzun niola Bigarren Hizkuntza Eskakizuna urrirako atera behar zuela. Larri zebilen. Atera behar hori da euskararen fartsaren ezaugarririk nabarmenena: beharra. Titulua atera beharra, adibidez. Kasu horretan, irakasleek izebergaren tontorra osatzen dute, baina azpitik egoera horretara eraman gaituen sistema oso bat dago, euskararekiko errespetu gutxikoa baina eraginkorra, lortu baitu mundu guztia makurtzea bere esanetara: gutxitan entzungo diozu irakasle bati "euskara ikasi nahi dut urrirako". Sistemaren errespetu gabeko makineriak ondo funtzionatzen du, argi dago. Titulua bera helburu bihurtu da, eta, adibidez, urrian lortu beharrean azaroan lortuz gero, egingo nuke porrotetik hurbil sentituko dela bat baino gehiago. Orain, sistema hori da euskararen mundu bakarra, balio duen bakarra, euskarak berak baino gehiago.

Baina ez gaitezen joan Espainiaraino, euskararekiko errespetu falta topatzera. Ez gaitezen joan Europako Parlamenturaino, euskarak Europan ofizial izan behar duela aldarrikatzera. Has gaitezen etxetik, ze, etxean errespetu faltarik txikiena dagoen bitartean, horixe izango da errespetu faltarik handiena.

satortzulo
satortzulo dio:
2005/06/03 10:48

zoritxarrez erabat ados, julen

aurreko batean joan zen nire lagun min bat bigarren, hirugarren edo ez dakit zenbagarren perfila lortzeko azterketara, eta halaxe esan nion, kurioxoa zela bizi guzia euskaraz bizi, paseatu, ikasi, ligatu, kantatu... ondoren, demostratu egin behar zuela euskaraz lan egiteko gai izan zitekeela (ez zuen titulua behar horretarako) eta ez dizuet esango gainditu zuen edo ez, hori gutxienkoa baita

Jozulin
Jozulin dio:
2005/06/05 23:25

Atzo bertan izan zen Galdakaon Haurren Euskal Kantu Txapelketa, Bizkaiko finala. Bizkaia osoko umeak (24 talde eta bakarlari) euskaraz kantatzen. Kantatzen, horixe. Amaitzen zutenean edo hasi baino lehenago denek, den-den-denek, erdara hutsean. Eta norbera arima lurretik...

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/06/06 02:57

Galdakaoren kasuan ez da hain harritzekoa, azken urteotan bertoko kantaririk ezagunena zein dan eta zein hizkuntzatan abesten dauan kontuan hartuta. Je, je, je.

Eskerrak Julen edo Harkaitz (Estiballes) deukozuela!

axier
axier dio:
2005/06/08 02:08

Herri bitxi honetan elkar engainatzen bizi gara aspaldi-aspaldian. Euskara ikasten izerdi batean ibili den jende euskaltzale askok ez du gero euren burua Xahoren txapela baino euskaldunagotzat daukaten jendearen laguntasunaeta eskerrona jasotzen. Euskaldunek (euskalduntxarrek) geure herrian espainolez egiten dugu-eta orokorrean, ez dezagun geure burua engainatu.

Basetxe tabernan dagoen jendeak ere bizi, ikasi, ligatu, litronak edan-eta euskaraz egingo zituen baina, barkatu, negargarria da hauek entzutea: hiru espresiotik bi erderaz.

Geure seme-alaben irakasle izan daitekeen honelako jendemoduak, ez al du euskara gaitasun minimo bat erakutsi behar?

Euskara ez da kalimotxo-edate-etenbakorako hizkuntza ere...

axier
axier dio:
2005/06/08 02:15

erran nahi baita:

kalimotxo edate basatietarako "euskara tabernarioa"

(baina ez orduan bakarrik)

EUSKALTZALE MILITANTE AKTIBOAK IZAN BEHAR DUGU GAUDEN EGOERAN , BESTELA JAI,

Julen
Julen dio:
2005/06/04 00:37

(Beharbada gaiz kanpo apurtxo bat, baina lotura bat egin nahian...) Artikuluan euskarari aplikatutako fartsa azaltzen da, baina lasai asko heda liteke fartsa hori eskolan edo unibertsitatean irakasten diren gaietara. Izan ere, ikasleak buruan duen helburu bakarra ezerren gainetik gainditzea da. Eta horrela, EGAko azterketa bat ikusiz gero, benetan euskaraz dakitenak ez dira zehazki gaindituko dutenak.

nafar5
nafar5 dio:
2005/06/04 16:56

Bueno, nik EHUn "euskaraz" ikasten dut, eta hori bai dela benetako fartsa. Gure fakultateko (filologia, Historia eta Geografia fakultateko) idazkaritzan dauden langileetatik bakarrak daki euskaraz, eta informazio eta fotokopia guneetan inork ere ez. Baina hori gogorra izanik ere, txiki geratzen da ditugun ikasgaiak aztertzen baditugu. Euskalerriko uste den unibertsitate batean ustez euskaraz ikasten dugunok jasan behar ditugun auzo lotsek ez dute mugarik. Ditugun irakasle askori ulertzeko geureak eta bi egin behar ditugu. Apunteak hartzen egon beharrean irakasleak essandakoak deskodifikatu behar: hombreak, niñoak... eta aditz laguntzailerik ez, aditz laguntzailerun esaldirik botatzeko gai ez direlako. Besteren bat, klase erdia erdaraz ematen duena, euskaraz hasi eta erdarara pastzen dena, bere hitzetan "euskaraz kostatu" egiten zaiolako. 20 urte gutxienez badaramatza "euskaraz" irakasten eta hori esateko lotsa gutxi eduki behar da gero! Eta egia da, irakasle guztiak ez direla horrelakoak (falta zitzaiguna), baina bai eskuak burura eramateko beste (momentuan karreran daramatzadan bi urteetan izan ditudan irakaasleetatik laupabost datozkit burura). Lojikoa al da unibertsitateko irakasle batek, euskaraz irakasten duenak, arbelean idazterakoan akatsak egitea? Gure irakasle asko lehen badira txarrak, gainera euskaraz ez badakite, zer ikasiko dugu? A, ta alperrik kexatuko gara, urtero urtero berdin jarraitzen baitute. Norbaitek gehiago jakin nahi badu, Historia karrera ikasten dut.

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/06/05 11:51

"Egunkaria" itxialdi biolentoak be hainbat gauza agerian utzi eban.

Batzuk (Del Olmo ustezko epailea, A veces eta Pichavilla ministro ohiak,...) hizkuntza kontuetan oso aktiboak, zentzu negatiboan, izan daitezkeela.

Eta beste batzuk (EHUko hainbat irakasle eta ikasle, Osakidetzako hainbat langile, euskaldunTXarrak, euskAHULdunak orokorrean) oso pasiboak (izan) direla, eta ohituren izenean The Spanish Post egunero erosten ebela (dabela), txinto-txintxo, euskarazko kazeta bakarra feriatu ordez. Adibidez.

A. Miranda
A. Miranda dio:
2005/06/05 16:22

Parlamentua aipatu da; eta Eusko Legebiltzarrean osatu duten mahaian, zer! Bakarra euskalduna eta hau ere..., nere zalantzak ditut. Eta Eusko Alkartasunaren izenean dagoena zer!, erdaldun peto, petoa....., eta abar..

Aiora
Aiora dio:
2005/06/09 00:11

Ua! Erabat ados nao Julen!

Unibertsitateai buruz esandakua entzunda... ze bildurra! Hoi ote datorkit gañea?? Joe....hala bada laxte naz ni ere kejaka.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.