Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Bartali eta elitearen garaia

Bartali eta elitearen garaia

gabiria 2005/05/05 08:07

Gaurko egunez hil zen, duela bost urte, Gino Bartali, 85 urterekin. Ziklista handia, itzela.

Gogoratzen naiz Giroan, etapa amaieran, zelan beti egoten zen gizon zahar bat esponsorraren bisera jantzita, jendeari eskua ematen zoroen moduan. Huraxe zen Gino Bartali.

Tour bi irabazi zituen Bartalik. Institutuetan-eta hori aipatzen dudanean, gazteek purrustada egiten dute. Nik uste dut oso esanguratsua dela hori: sentsazioa daukat (ziklismoa adibide hartuta, baina ez ziklismoan soilik) inork ez zaituela kontuan hartzen Tour bi "baino" ez badituzu irabazi. Zazpi Tour irabazi behar dituzu norbait izateko. Sei irabazi badituzu, hain ona ere ez zara: gehienez, esango dizute onena zarela, baina Armstrongekin enpatean. Ziklismoan eta beste gauza guztietan, jarrera hori zabaltzen ari dela iruditzen zait.

Eta niri jarridazu Armstrong, jarridazu Indurain, jarridazu nahi duzuna Bartaliren ondoan, eta Bartalirekin geratuko naiz duda barik. Tour bi irabazi "baino" ez bazituen ere. Tour bi, bai, hamar urteko aldearekin: hori inork ez du errepikatu. Bartalik 1938ko eta 1948ko Tourrak irabazi zituen. "Eta tartean zer? Potrojorran?", galdetuko du norbaitek. Tartean II. Mundu Gerra egon zen, eta ez zen Girorik, Tourrik ez ezer korritzen. Pentsatu ziklistak zaretela. Imajinatu egoera: urteak aurrera doaz, gerrak ez du amaierarik, Tourrik ez da egiten eta ez dakizu egingo den ere, edo, inoiz egiten bada, ez dakizu parte hartzeko adinean egongo ote zaren. Eta, hala ere, entrenatzera irteten zara. Jakinda aurten ez dagoela Tourrik. Sumatuta hurrengoan ere ez eta hurrengoan ere ez. Horrela zazpi urtez, 1940tik 1946ra bitartean (biak barne) ez baitzen Tourrik egin.

Gaur egun, onena ez bazara, ia-ia txarrena zara. Sentsazio hori daukat. Kontzertuetan ere sumatzen dut hori. Talderik ospetsuena ekarri behar da aretoa betetzeko. Eta zelan bete ere! Sarrerak egunean bertan agortzen dira, danbor eta turutekin abisatzen dizutelako talderik ospetsuena dela (ez derrigorrez onena, baina horrek ez du ardura), eta ibiltzeko adi, ensegida amaituko dira-eta sarrerak. Amaitzen dira, jakina. Eta ensegida gainera. Horren ostean, egin beste berrogei kontzertu talde apalagoekin, eta berrogeien artean ere ez duzu lortuko hainbeste jende.

Elitearen garaian bizi gara, sekula baino ikono gehiago ditugu, sekula baino pertsonalizatuagoak eta sekula baino espezializatuagoak. Eta eliteko idoloetatik behera ez dago inor. Gazteak guztiz sartuta bizi dira elite-nahiaren giro horretan.

Baina nik Bartali maite dut, eta bere moduko bartaliak. Tour gutxiagorekin, baina Indurain baino askoz ziklista hobea. Seguruenik, Armstrong baino hobea.

Hurrengo asteetan Bartaliri buruzko zenbait anekdota kontatuko dizkizuet, gustu baduzue eta astia ateratzen badut.

etiketak: Ziklismoa
Makarrovski
Makarrovski dio:
2005/05/05 14:32

Ba niri ez zait ba Bartali gustatzen, portzierto zelan jakin dok, Ruperziativ, efemeridea?

Noizko Coppiri buruzko liburua?

Biba Coppi!!!

Xabi
Xabi dio:
2005/05/05 15:21

Bartali etapa amaieran egoten zela irakurrita, txikitako irudi bat etorri zait gogora, ziklismoa dela eta. Akordatzen zara Julen Zahorren, Tekan eta hainbeste taldetan egon zen laguntzaile horretaz? biseradun bat, beti betaurreko ilunekin ibiltzen zena eta huts egin barik helmugan txirrindularien zain egoten zena. Izena ez datorkit burura, aitak inoiz esan zidan arren.

Hura ere liburu baterako pertsonaia.

Andoni Miranda
Andoni Miranda dio:
2005/05/05 20:55

Julen, ia malkoak dariola jarri nauzu. Nik Fausto Coppi ikusi nuen Donostiako Amara auzoan, Espaniako biran. Afrikara ehiza egitea joan zen, besteak beste, Raphael Geminiani-rekin. Biak gaixo bueltatu ziren, eta Fausto egun gutxira hil zen, aldiz Geminiani osatu egin zen. Bartaliri buruz ezer gutxi dakit, hori bai, gaur 60 urte bukatu zen gerrak harrapatu zuela. Julen, segi idazten. Xabi, zuk aipatzen duzun hori Jaime Mir da.

Iban
Iban dio:
2005/05/06 14:10

Coppi aittatzen da-eta liburuan! 112 orrixa pasau neban atzo eta Baina gaur, Coppi horrekin, denak ahaztu ditut elizarekin... Hemen nun dagon Coppi! Gure aittak Elgetan ikusi zeban Coppi atzo liburuan :-) Esan biharko dotsat aittari Juleni esandakua, jarraitzeko berbetan, asko ikasten dala. :-)

Patxi
Patxi dio:
2005/05/05 12:53

Eta elitera ezin iritsita... Frakasatuak nunahi.

Benetako frakasoa Frakasatua sentitzea dala konturatzen ez dan gizartea.

Eliteari, lehenengo izateari garrantzia ematen diona, egon leiken garaipenik haundiena hau dala konturatu gabe:

Ondo pasatzea!

Erdibidean geratuta ere, gozatzea.

Gustua izango ez degu ba! Zuk kontatu kontatu, eta guk gozatu gozatu.

Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2005/05/05 13:29

Atzo gabian jardun neban aittakin Bartali gora eta Bartali behera. Ni ez naiz txirrindularitza zale-eta... baina aittak gustora jardun zeban. Nik "han goitik"-etik bakarrik ezagutzen dot bartali eta hari horri tiraka etorri ziran gerra denborak, baitta Kopi dalako bat be (ez dakit holan idatziko dan). Elgetatik pasau ei zan eta hori bai hori haundixa. Bai behintzat gure aittarendako. Ni barriz, lehen baiño interesatuago txirrindularitzakin, baina ziklista izen saltsa haundiegixa egun bakarrerako. Kontau kontau, eta ikasiko dogu zeozer :-)

Julen
Julen dio:
2005/05/05 13:34

Eskerrik asko, Iban eta Patxi, Coppiren gainean be egingo dogu berba orduan. Ederto pasauko dogu, ikusiko dozue.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.